blogak

Naturzalia

UEUko elkarrizketa

Apirilian ikastaro berri bat gidatuko dot Iñaki Mezquitakin batera. Ikastarua Udako Euskal Unibertsitateak antolatu du eta beraiek in diguten elkarrizketa erakutsi nahi dizuet gaur. Besterik gabe, jarraian daukazue elakrrizketa.

Ander Izagirre: “Ikusten ez ditugun izaki bizidun mordoaz inguratuta gaude”

ueu365 | 2021-03-05

UEUren udaberriko eskaintzaren barruan “Bizidun bila I. Non daude eta nola ikus ditzakegu? Odonatu, tximeleta, anfibio eta narrastiak” izeneko ikastaroa ere izango da. Aranzadi Zientzia Elkarteko Iñaki Mezquita Aranburu eta Ander Izagirre Egaña izango dira gidari lana egingo dutenak. Izagirrek dioen legez, “mendira irten aurretik beharrezkoa da oinarri teoriko minimo bat izatea” eta, beraz, ikastaro teoriko-praktikoa izango da. 

Ezagutzen al dugu nahikoa gure ingurua?
Iñaki Mezquita: Erantzuna erraza da: ez. Naturan zentzumenak erne dituzula murgilduz gero ia egunero dago zerbait harritzen zaituena, berria dena, liluragarria. Gainera, ingurua aldakorra da; batzuetan gizakion eraginez, beste batzuetan gertakizun naturalen ondorioz (uholdeak, luiziak, espezie berrien sarrera, klima-aldaketa…), eta zaila da ezagutza sakon bat izatea epe luzera begira.

Ander Izagirre: Orokorrean ezetz esango nuke nik ere. Tontorrak edota tontorretara doazen bideak agian bai, baina bidetik harago dagoena edo bidea inguratzen duen bizitzari buruz, gehiengoak gauza gutxi dakiela esango nuke. Nire arloari dagokionez adibidez, mendira igotzean edota bidegorri batean paseatzean, ez gara ondo ondotik pasa dugun suge edo musker batez jabetu ere egiten. Ikusten ez ditugun izaki bizidun mordoaz inguratuta gaude.

Eta ezagutzen ez duguna ez dugu zaintzen?
I. M: Jakina. Ezagutu gabe ezin da maite, eta maite ez duzuna ezin duzu zaindu. Hirukote hori funtsezkoa da. Gauzak ondo ez doazenean, inguruaren zaintzaz ari naiz, hirukote hori hirukotea ez delako izaten da. Borondate ona, gogoa, ez dira nahikoa neurri zuzentzaileak eta babes eraginkor bat ezartzeko garaian.

A. I: Hala da bai. Anfibioak esaterako, talde oso zaurgarriak dira eta mundu mailan talderik mehatxatuenetarikoak dira. Gurean ere baditugu babes berezia behar duten espezieak; eta, espezie bat babesteko orduan, gizarteak guk uste duguna baino pisu handiagoa dauka. Eta esan beharrik ez dago, ezagutzen ez dugun zerbaiti ez diogula jaramonik egingo. Dibulgazioak beraz, garrantzia handia dauka.

Odonatu, tximeleta, anfibio eta narrastien bila ibiliko zarete ikastaroan. Zergatik horiek? Zer dute berezi?
I.M: Nire kasuan, bizitza osoan erakarri nauten animaliak izan direlako. Telebistako lehoi, elefante eta tigreetatik intsektu horiek behatzera pasa nintzelako, argazkiak egin nahi nizkielako. Zer duten berezi? Ni, bere edertasunez aparte, bere bizimoduak eta bizi-ziklo harrigarriak txunditzen naute.

A.I: Nire kasuan, anfibioak eta narrastiak dira interes handiena pizten didaten izaki bizidunak eta talde horietan espezializatu naizela esan daiteke. Bestalde, animalia ezezagunak dira. Ugaztun, hegazti edota beste animalia talde batzuk entzunagoak dira, eta gertukoagoak eta maitekorragoak ere egiten zaizkigu. Anfibioekin eta narrastiekin aldiz, guztiz kontrakoa gertatzen zaigu, belaunaldiz belaunaldi transmititu zaizkigun mito eta kondaira faltsuen ondorioz batez ere. Apoak gorroto ditugu eta sugeei beldurra diegu. Baina benetan merezi al dute gorroto, mespretxu eta beldur hori? Guk argi dugu ezetz. Animalia hauen errealitatea gizarteak uste duenaren oso bestelakoa da. Era berean, arrazoi berdinagatik, talde hauetan erreparatzen duen jende gutxi dago, eta horrenbestez beste talde batzuekin alderatuz informazio gutxiago dago. Euskal Herriko espezieen presentzia-mapak begiratuta adibidez, anfibio eta narrastietan hutsune batzuk daudela ikusten da. Ezezagunak diren beste adibide garbi bat da.

Zer dira odonatuak?
I.M: Bi erantzun daude, niretzat. Bata: intsektu holometaboloak dira, Odonata ordenakoak. Eta bestea, animalia ikusgarri batzuk, hegalari apartak, kolorez jantzitako ehiztari zoragarri batzuk.

Irteerez gain, azalpen teorikoak ere izango dira. Zer da landuko duzuena?
I.M: Azalpen teorikoak izango dira, bai. Nahiz eta, seguruenik, bertaratutakoek animalia horien inguruan makina bat gauza jakingo dituzten. Nire ekarpen nagusiena landa-lanean dudan esperientzia eskaintzea izan daiteke. Batez ere, irudiak eta portaerak erregistratzeko garaian. Hori transmititzen saiatuko naiz. Bestalde, identifikazio garaian ere hainbat aholku eta jarraibide ematen ere saiatuko naiz.

A.I: Bai, mendira irten aurretik beharrezkoa da oinarri teoriko minimo bat izatea. Hasteko, aldez aurretik jakin behar dugu zer bilatu nahi dugun, nola bilatu behar den eta noiz bilatzea komeni den. Bestalde, babestuta dauden espezieak direla kontuan izan behar dugu, eta animalia hauen behaketa modu etiko batean egiteko argibideak argi izan behar ditugu. Kontserbazioa beste edozeren gainetik dago. Espezieak nola identifikatu ere ikasi behar dute eta modu orokor batean, animalia hauek erretratatzeko aipu batzuk ere emango ditugu.

Nork parte hartu lezake?
I.M: Jakin-mina duen edonork. Nik txikitatik sentitu dut jakin-min hori eta ondo baino hobeto dakit zer espero den begiak zabaldu eta norbaiten esperientzia jasotzera zoazenean. Ni ez naiz zientzialaria, ni argazkilari naturazale bat naiz, batzuetan zientzian sartzen dena, baina ia nahi gabe.

Zein da azken helburua?
I.M: Behatzaile-trebeziak hobetzerako bideak erraztea, bide horretan laguntza eskaintzea.

A.I: Helburu asko dituen ikastaro bat dela esango nuke. Narrasti eta anfibioak gehiago ezagutzeko balio dezake, baina, batez ere, non, noiz eta nola bilatu behar diren. Ez dira erraz ikusten diren animaliak, baina beraien ohiturak ezagututa, erraztasun gehiagorekin aurkituko ditugu. Hori bai, lehen esan bezala, ezagutza hori kontserbaziora bideratutakoa izan behar da. Ezagutu, babesteko.

Elkarrizketaren iturria: unibertsitatea.net

Beste bat arte,

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07