blogak

Mundu(ko)loreak

The beautiful people.

Aspaldi da ez dudala txintik esan. Egia esateko, zerbait esateko dudala iruditzen zaidanean soilik idazten dut. Azkenengo bi urteetako nire  norabidea aztertuta, disziplina eta obedientzia nere buruari bakarrik zor diodala erabakitzearen ondorioa da hori. Ea, badago nor nor “errespetua” eta “fidelitatea” diodana. Egiten dutena bokazioz egiten dute (beraz emaitzak lortzen dituzte) eta egindako ekintzen ondorioen erantzule egiten dira. Izaera handiko pertsonak, eta denaren gainetik kontzientziadunak. (Notizia ona: pertsona hauen artean ez da nire seniderik sartzen. Ebaluazioak ez ditut idealizaziotik eta kanpo errealitate batetik egin nahi izaten eta!!)

Hala ere, inoiz ez nuke aitortuko nor edo nortzuk diren. Artikulua irakurriz gero, erlazioaren norabidea bera ere aldatzeko arriskua egongo litzatekeelako eta eskubide – eginbeharren erlazioa aldatu. Hau da, “admirazioa” diedala ohartuta, agian, burutik behera kaka egiteko eskubidea eskeintzen ariko nintzatekeelako. Ondo ikasia daukat, ez noa berriz frogatzera.

Bokazioa da askotan faltan botatzen dudan kualitatea eta nire kasuan, ez dakit bokazionala den edo ez. Dakidana da, inoiz ez nuela pentsatuko irakaskuntzan bukatzeak pertsonalki horrenbeste irakatsiko zidanik. Materiaz haratago, nire helburua ez delako “irakastea” baizik eta “erakustea”; irakatsi beharrean (soilik), pentsatzen eta “izaten” erakustea, honek ekartzen duen ondorio guztiekin.

Ikasleek nerekiko dauzkaten kritikak onartu behar izaten ditut. Nola jakin zer pentsatzen duten? Hori egitea errexa da. Klaseak zer iruditzen zaizkien galdetzea nahikoa da. Dena den, erantzunak onartzea zaila izan daiteke batzuetan, kritika “negatibo” edo espero ez dena entzuten denean. Iritzia negatiboa izatea, galdetu ere egin ez dugunean zer esanik ez!! Hau onartu ere ez dugu egiten. Autoridadearen erabilera dator orduan, eta zigortzea, zapalkuntza, noski. Ondorioa? Umeen autoestimaren akabera.

Umeek gure gabeziekin kontaktuan jartzen gaituzte, horregatik da hain zaila heldutasunetik besteak ulertzea. Neri pertsonalki kostatzen zait, orduan ikusten dut zenbat falta zaidan niri izatea gustatuko litzaidakeen hortara iristeko. Askotan erren ere geratzen naiz, baina egiten ikasten da, bidea egiten. Guzti hau zaila da, baina beharrezkoa, eta bidea luzea, baina bakarra: autokritika.

Beraz, koherentzia mantenduz, norberarekin ere hala izatea onartu behar dut. Niri halako ikasleak gustatzen zaizkit. Zerbait gustatzen ez zaienean etorri eta konfiantza guztiarekin esatea. Orduan sortzen bait da benetako erlazio sakona. Nire “txiki eta handi guztiei” eskerrak emateko nago. Beraiei esker eta direna direlako egunetik egunera hazten nagoelako.

Egia esan, oso kezkatuta nago azken hilabeteetan, hezkuntza sistema ez eraginkor honek sortzen dituen ondorioak gizarteak pairatzen dituelako. Hezkuntzak sortzen bait du hein handi batean gizartea. Egia da, gurasoek hezi behar dituztela umeak. Baina egia da ere, umeek ikastolan igarotzen dituzten ordu kopurua kontutan hartuta, umeen erreferentzia irakasleak eta hezkuntza bera ere badirela. Hemen bi zutabe edo bi arlo bereiztuko nituzke: hezkuntza sistema bera, eta hezkuntza sistemak agindutakoaren aurrean irakasleen lanketa.

1. Hezkuntza sistema aldatu ezean, ume roboten aurrean aurkituko gara denbora gutxi barru (bagaude jada, gu gara). Sistemaren prozesua hamarkadeetan zehar honakoa izan da, eta da: esplikatu? (memoria ona duenak ondo, gainontzekoak bost. Memoria diot, ulertzen ez dutelako), ariketak egin? ,etxeko lan pila bidali (memoriz ondo ikasteko beste behin), bihar arte.

Lehenengo biei galdera ikurra jarri diet. Gehienetan ez direlako betetzen. Bigarren puntua ez betetzearen erantzuleak  lehenengoa ondo betetzen ez dutenak dira (beti daude ikasle “alperrak”, ezta? Noski!! mila aldiz errepikatu alperra dela. Autoridadearen hitza betetzeagatik alperra izango da).                                                                                      Ondorioa: Gu izan garenaren birproduzioa bideratzen ari gara. Ikastola izena du baina ikasi gutxi egin genuen.  Inoiz ez da ulertzen edo pentsatzen erakusten, baizik eta memoria lantzen. Beraz, gaitasuna hiltzen dugu.

2. Hezkuntza sistemak ezartzen du lan moldearen markoa. Baina inoiz ez “lanketa” era edo hezkuntzaren jomuga. Ulermena landu nahi badugu eta pentsatzen erakutsi, zintzoki eta interes pertsonalik gabe nahi dutena izaten lagundu behar diegu gure ondorengoei. Kritikotasuna eta hausnarketa gaitasuna bermatu eta landu behar dira. Suposatzen duen guztiarekin. Alegia, sarritan, umearen iritzia ez zapaltzeko, norberaren autoridadea albo batera uztea.

Autoridadearekin errespetua lortzen dela pentsatzen bada gaizki gabiltz. Errespetua bestea errespetatzen lortzen da. Inoiz ez, bestea zapalduta. Horretarako, gizarte heldu bat sortzeko gai ez diren pertsona ez helduak gaitasuna  duen edo ez kuestionatu beharko litzateke (onartzen dut, gizarte ez helduaren sortzaileetako bat ni neu ere banaizela baina behintzat konsziente naiz eta erantzule sentitzen naiz).

Hortaz, zer da aldatu beharrekoa, edo kuestionatu beharrekoa? Hezkuntza eredua (publiko vs pribatu) eta klaseen dinamika soila edo baita hezkuntza integral baten jomuga (akademikoki prestatuagoa dagoen jendartea sortzea edo gaitasun, kritikotasun eta heldutasun handiagoa duen jendartea heztea, gizarte eredu berdinago bat lortzeko?) ?

Objetiboki gertatzen denarekin ikasi behar da beti. Akademikoki “izarrak” dauzkan gizartea badakigu nolakoa den. Zapaltzearekin eta autoridadea inposatuz badakigu zer lortzen den. Nik hautua egina dut eta behe behetik aldatzen hasi beharra dagoela iruditzen zait. Hain zuzen, emaitza, egungo gizartea delako. Gizarte eskasa. Kritikotasuna ez duen eta egoera zailei aurre egiteko izaerarik ez duen jendea:“The beautiful people ” .

“Capitalism has made it this way…” dio Marilyn Mansonek. Kapitalismoak egin du hau dena. Baina kapitalismoa guk egiten dugu, “beautiful people” , “itxuran eta irudian” (beraien osotasunean) baloreak dituen sinesgarritasunik gabeko gizarteak.

Utzi diezaiegun sortzen ari direnei sortu nahi dutena sortzen eta izan nahi dutena izaten. Utzi diezaiegun iritzia libreki ematen, eta garatzen. Beraiek dira eta “beautiful people” izan beharrean, “reasoning and intelligent people” eta “progressive society”  sortzeko giltza.

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07