blogak

Mundu(ko)loreak

#Kapitalhumanoareniraultza.

Etxea eraikitzeko, etxe sendo eta gihartsua izateko, lur zorua edo basea ondo finkatuta eduki behar zela esan zidan amak. Etxe barruko egoera, erlazio, zutabe, zimentu eta zutoi guztiak gertatzen dena gertatzen dela, beheko solairu horrek eusten dituelako. Etxea eroriko balitz, guztiok lurrean egingo genuke lo, beherago ezingo ginateke jeitsi, azken hau izanik, babesik gabe egonda ere, zainduko gintuena. Nik, zaindu zure etxea esan beharrean, zaindu zure basea esaten ikasi dut.

Etxeko zapailek kolore ezberdina izaten dute. Baita teilatuek ere. Bizileku guztiak toki berdinetik eratorriak dira, eta toki horiek babesten dituzte gure tximinietatik ateratzen diren kolore ezberdinetako etxe barruko historiak. Bukatuko ez diren historiak, erdi bidean daudenak, edo nere etxeko ke tartetik gertatzen diren bezelakoak; hastear dauden historiak.

Kalera atera, begiak itxi eta goruntz begiratzen dudala, bizi toki ezberdinek, nire etxetik eratorritako ke mota berdina jario dutela ikus dezaket. Ke horrek, izen eta kolore ezberdinak hartzen ditu: gorria, morea, berdea, laranja, sozialismoa, feminismoa, burujabetza, presoak… Kolore grisa ere ateratzen da. Horiek ez dira base berdinekoak ordea, horiek ez dute ez baserik nahi, ezta etxerik ere. Horiek txaletak nahi dituzte.

Kolore guzti horiek, proiektu bat osatzen dute. Naizena izaten lagundu didaten jendartearen izena daraman proiektu bat: Denon Herria. Zutabe, zimentu, pareta, erlazio, sentimendu, eta etxe osoa eraikitzeko beharrezkoak diren osagai guztiekin. Irabiatzen jarraituko duen osagai amaiezinen zerrenda, osagai horiek guztiok izanik.

Etxea sortzen laguntzeko, nere txikitik ere eragiteko, inoiz ere arkitekto ez nintzela izango erabaki nuen. Nik igeltsero izatea erabakia hartu nuen, eta nagoen tokian egonda, igeltsero izango naizela erabaki dut. Igeltsoa mugitu, landu, egonkortu, forma eman, eta batez ere, igeltsoa aztertu, begiratu eta entzun, sendotu eta inoiz ez apurtzeko. Igeltsoa da basea, igeltsoak eusten duelako etxea.

Nere txikitik lanean jarraitzea erabaki nuen, ni ere, gazte langabetu bat naizen heinetik, gazte langabetua izatez utzi nahi nuelako. Nere txikitik lanean jarraitzea erabaki nuen emakume bortxatu bat gehiago ere ikusi nahi ez nuelako. Nere txikitik lanean jarraitzea erabaki nuen, justizia soziala eta estatu dezente bat izateko burujabeak izaten laguntzeko. Nere txikitik lanean jarraitzea erabaki nuen etxean falta zaizkigunak etxera bueltatzen laguntzeko….

Baina batez ere nere txikitik lanean jarraituko dut eta zailtasunak zailtasun, inoiz ere etsi gabe, borrokan jarraituko dut, ez soilik etxea nahi dudalako, igeltsero izatea erabaki nuelako soilik. Igeltsero izateak gure etxean daukagun militantzia basea eta kapital humanoa zein den ikusarazi dit. Ilusioa duena, zailtasunen aurrean etsitzen ez duena, maitasuna sortzen duena, elkartasuna zer den dakiena, humiltasuna daukana, koloretsua dena, alaia dena, eta txaletak maite ez dituena.

Artikulua idazten nagoela whatsapa iritsi zait. EH Bilduk “ezpain gorrien iraultza” deituriko bideoa argitaratu du. Feminismotik, emakumeon indarra goraipatu eta parlamentuan ere presente egon dadin. Niretzat oso berezia den pertsona batek bidali dit bideoa. Egoera gogor eta zail baten aurrean ezagutu gabe, babesa eman zidan eta ni bezala, igeltseroa den horrek, igeltsoari oso ondo ematen dio forma. Ezpain gorriekin ezagutu ninduen, eta ezpain gorri horiek asko zeukatela emateko behin baino gehiagotan esan izan dit, ni ere, nere ahultasun guztiekin, emakume militante bezela, ameslari bezela, igeltsu puska gogor bat naizelako.

Kasu egingo dizut Beñat, eta Igande hontan, ezpainak gorriz margotuta joango naiz bozkatzera. Bozka sartzen dudanean, azken bi aste hauetan Gipuzkoako herri ezberdinetan ezagutu ahal izan dudan pertsona guzti horiengan pentsatzen egingo dut. Beraiek direlako gure espiritua, beraiek direlako gure esentzia, naturalidadea eta bizi poza ematen digutenak. Beraiek gure arrazoia, beraiek gure izatea. Beraiek etxea eusten dutenak.

Nik argi daukat. Nere bozka Denon Herriarentzat da. Nire bozka hegemoniarentzat da. Ezberdinen artean dagoen batasunarentzat. Ezberdinetik ikastea baino aberatsagorik ez dagoelako. Nire bozka, zuentzat da, EH Bilduko igeltsero eta igeltsuarentzat. EH Bilduko kapital humanoarentzat. Zuentzat…

 

 

Nire aitaren etxea defendituko dudalako…

…baina nire amaren lur zoruaren alde borrokatzen jarraituko dudalako…

 

 

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07