blogak

Mundu(ko)loreak

Bizitzarekin dantzan.

Egia esan ez dakit nondik hasi. Lehenengo aldia da nire behatzek txintik ere esaten ez dutena. Dena den, nire barrena erretzen ari da eta egin beharra daukadala sentitzen dut.

Berriz ere geldiunea. Geldiunea gertatzen ari da idazten ari naizela. Ezin dut barrua askatu. Burmuina denboran atzeraka.

Larunbata, arratsaldeko 7ak. Negar malkoek inguratu zuten bi lagun haien besarkada luzea. Barruko minak, preso dagoen bihotza askatzen duen bezala libratu zuen berba lotsati hura: “Ez gaude honetarako prest, ez gaude heriotza onartzeko prest”. Berba eta irudia soinean daramazkit gaurdaino.

Egunerokotasunean bizi garenean, ez gara ohartzen zoritxarreko dei batek bizitza alda diezagukela eta egoera gogor horri aurre egiteko ere prestatuak ez gaudela. Batez ere, bapatean, ezer adierazi gabe, ezer esan gabe ezabatzen badira. Musika taldean lagun egin zenuen flauta jolea gehiago ez duzula ikusiko esaten dizuna; txikiak zinetela arratsaldeak konpartitzen zenituen ikastolako lagunaren anaia galdu duzula esaten dizuna; gertukoak ez direnak, baina biologikoki denbora baino lehen itzal bihurtu direla esateko mugikorrera iritsitako mezua… eta gaur goizean itsura txarra duen orbana daukala esateko jaso duzun pertsona berezi baten deia…

Jaio, bizi eta hil. Hala omen da bizitzako prozesua. Egunetik egunera azken egunetik gertuago, eta azken egunetik urrutiago egoteko nahia. Lehenengo bi eskailerak igotzeko prest gaude. Baina inork ez du nahi azken atea zeharkatu. Zer izango denaren ezjakintasun hori izan daiteke azken zerraila horri buruz inoiz ez hitz egiteko arrazoietako bat. Zeharkatu bitartean, ahal duguna egiten dugu. Bildurrei aurre egin ez. Heldutu ahal baldin bada ere ez. Sentitu ere ez, eta norberaren nahiak… zeintzuk dira norberaren nahiak? Ba al dakizki norberak???

Ez gara bizi. Inor ez. Hilda bizi gara. Biziraun egiten dugu. Ahal dugun bezela biziraun, norberaren aukerak naturalki onartu gabe, norberak bere patua onartu gabe eta heriotza bera ere, naturalki onartu gabe. Dena ixilpeak jaten gaituen bitartean, dena ixilpean egiten dugun bitartean eta nola ez, bildurrez.

Ixilpeko mamuak birrinduta egongo balira, atzoko hitz haiek ez lidakete barrua ziztatuko. Deseginda egongo balira, nik ere azken aldian joan zaizkidan izar disdiratsu horien uztea gaindituta izango nuke eta ez da hala.

Badira bi urte Irati albotik joan zinenetik eta gaur arte ez naiz ausartu hitz bat bera ere eskeintzera. Zu galtzearen mina hain zen handia, izoztuta pasa izan ditudala azkenengo bi urteak. Dena errezago izango zelakoan. Ez dala hala eta ez dauka izan beharrik ere, zurekin igarotako une bakoitza berezi egiten dutelako. Elkarrekin egindako egun pasak, parrandak, kontzertuak, afariak, barre algarak… Beti izan zinen berezia askorentzat. Beti izango zara.

Beti izango zara, joan diren beste asko bezela. Denak gogoratuko ditugu dantzan. Bizitzarekin dantzan. Dantza egiten ere jakin behar delako, baita dantza hori zein norabidetan egiten ari garen ere… eta batez ere naturalki, lasai, xuabe, goxo, sentituz eta biziz, ez biziraunez. Honela, dantzalekuko argiak itzaltzen direnean, ingurukoak negar egin beharrean irri egingo dutelako, maite ditugunen bizitzaren zikloa itxi dela ametituz.

Bitartean jarrai dezagun dantzan, heriotza baino txikiagoa den bizitzarekin dantzan, Debako zeru gainean dauden izar disdiratsuengana eramango gaituen atea ireki eta dantzalekuko argiak itzali arte…

 ………Zuentzat………..

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07