Roundup Ready motako sojaz landatutako gunea. Roundup-a (glifosatoa) jasateko bereziki diseinatutakoak dira munduan komertzializatzen diren transgeniko gehienak.
2016ko hasieratik bosgarren aldiz, Europako Batzordeak ez du lortu EBko estatu kideen gehiengo kualifikatu bat glifosato herbizidari baimena luzatzearen alde agertzea. Indarrean dagoen lizentzia aurtengo abenduaren 31n iraungiko da, eta beste hamar urterako berritu nahi du Batzordeak, erabilerari inolako mugarik ipini gabe.
Batzordeak ez du haizea bere alde. Urriaren 24ko saioan Europako Parlamentua glifosatoaren erabilera berehala murrizteko eskatu zuen, bost urte barru erabateko debekura iritsi arte (erabakia ez da loteslea). Urriaren 25ean, berriz, hamar estatu kidek adierazi zuten ez zutela berritze proposamena babestuko SCoPAFF batzordean egin beharreko bozketan –hamasei alde agertu ziren, eta bi abstenitu–, eta atzera egin behar izan zuen Europako Batzordeak, bere asmoa aurrera ateratzeko gehiengo nahikoaren faltan.
Azaroan berriro bozkatuko dutela iragarri dute, baina oraindik ezin esan proposamen berari eutsiko dioten edo aldaketaren bat egingo duten. Gaia hurbiletik segitzen duten GKEen esanetan, baliteke hamar urterako beharrean epe laburrago baterako proposatzea baimenaren luzapena, baina inolaz ere planteatu gabe epe hori amaitutakoan substantzia debekatzea. Bestela esanda, Batzordeak ez lioke jaramonik egingo Eurolegebiltzarrak eskatutakoari.
Bozketaz bozketa, gero eta gobernu gehiago azaldu da glifosatoaren baimena luzatzearen aurka. Euskal herritarroi dagokigunez, gure “tutoretza” duten bi estatuak espektroaren mutur biak direla esan daiteke: Frantzia bada glifosatoaren aurkarien nolabaiteko “gidari espirituala”, Espainia da aldekoenetan gotorrenetakoa, kontu hauetan ohi duenez Washingtonen doinuaren arabera dantzan. Galdera da ea zergatik tematzen den hainbeste Europako Batzordea, minbizia aztertzen duen IARC nazioarteko agentziak segur aski kantzerigenoak direnen multzoan kokatu duen konposatu baten alde egiten?
Glifosatoaren arriskua, aspalditik ezaguna
2015ean esan zuen IARCek glifosatoa minbizi-eragile probablea dela, baina gerora EFSAk, alegia, elikagaien segurtasuna behatzeko ardura duen Europako agentziak, esan du ez dagoela ebidentzia nahikorik hori esateko, beste artikulu batzuetan aipatu dugunez. Behin hona iritsita, ordea, komeni da historia apur bat gogoraraztea, ez baita glifosatoaren arriskuez mota horretako ika-mika sortzen den lehenengo aldia.
Labore transgenikoetan ez ezik, glifosatoaren erabilera oso zabalduta dago baratzezaintzan eta nekazaritza konbentzionalean. Historian gehien saldu den herbizida da.
Glifosatoa 50eko hamarkadan sintetizatu zen lehengo aldiz Suitzan, baina 70ekora arte ez zen herbizida modura erabiltzen hasi, orduan konturatu baitziren Monsanto konpainian konposatuak erabilpen hori izan zezakeela. Herbizida ez-espezifikoa da, hau da, ia landare guztiak hiltzen ditu.
Geroago, kasualitatez, Monsantoko zientzialariak ohartu ziren glifosatoz betetako inguru batean bakterio kolonia bat ari zela oparo hazten, herbizidaren aurrean ezaxola. Bakterio haietatik geneak ateraz, eta artoari transferituz, glifosatoarekiko lehen landare erresistentea sortu zuten. Roundup Ready izena eman zioten. Roundup da, izan ere, Monsantok glifosatoan oinarrituta saltzen duen herbizidaren izen komertziala. Horrela hasi zen transgenikoen zabalkundea. Arto hura landatutako eremuetan Roundupa botaz gero, oparo haziko zen laborea, inguruko “belar txar” guztiak glifosatoak akabatuta.
Transgenikoen negozioaren zutabe
1996an eman zen AEBetan baimena Roundup Ready artoa ereiteko. Bi hamarkada geroago, munduko transgenikoen %80 glifosatoa erresistitzeko diseinatutako landareak dira, artoa, soja eta kotoia batez ere, eta harekin batera saltzen dira, “nekazaritzarako pakete teknologiko” modura. Bestela esanda, glifosatoa da transgenikoen negozioaren zutabeetako bat (horrez gain, oso zabalduta dago nekazaritza konbentzionalean eta baratzezaintzan). 2000n agortu zitzaion patentea Monsantori, eta ordudanik konpainia askok erabiltzen dute konposatua beren herbiziden osagai nagusi modura, baina Missouriko transnazional ezagunarentzat berebiziko garrantzia du oraindik glifosatoak, hura gabe ez baitute zentzurik merkaturatzen dituen labore transgenikoek (bestalde, eta espero zitekeen bezala, konpainiak ez dio nekazariari emaitza onik ziurtatzen “bere” glifosatoa erabili ezean, hau da, Roundup markakoa). Hala uler daitezke iritzi publikoa eta agentzia erregulatzaileak haren kaltegabetasunaz konbentzitzeko egiten dituen eginahalak.
Baina berreskura dezagun haria. 1985ean, transgenikoen zabalkundea hasteko hamarkada bat falta zela, glifosatoa minbizi-eragiletzat jo zuen AEBetako ingurumen agentziak, EPAk. Gaur egun IARCek konposatuari eman dionaren antzeko kategoria batean sartu zuten: gizakientzat potentzialki kantzerigenoa. Sei urte geroago, ordea, EPAk berak esan zuen ez zegoela ebidentziarik glifosatoak minbizia eragiten duenik pentsatzeko. Berriki Europako EFSAk esan duen gauza bera.
Minbizi-eragilea izatetik kaltegabea izaterainoko bidea
Zer gertatu zen 1985 eta 1991 bitartean? Urrats nagusiak primeran laburbilduta daude gaztelaniazko blog honetan (hartan oinarrituta dago artikulu hau, hein handi batean). Hor azaltzen denez, ondoren datozen historiaren pasarteak aurtengo udaberrian AEBetan hasi den Monsantoren kontrako epaiketa bati esker ezagutu ahal izan dira (hemen ere aipatu genuena). Milaka nekazarik salatu dute Monsanto, urte askoan glifosatoa erabili ostean garatu egin zaielako Ez-Hodgkin linfoma izeneko minbizi mota bat, ez ohikoa baina azken urteetan izugarri zabaldu dena, Ipar Amerikan gehienbat.
Ahalik eta laburren azaltze aldera, esan dezagun 1985ean EPA agentziak kartzinogenotzat jo zuela glifosatoa, Monsantok berak saguekin egindako ikerketetan oinarrituta besteak beste. Berehala, Monsantok Marvin Kushner izeneko zientzialari bati –osasun arazoengatiko epaiketetan beti enpresen alde deklaratzeagatik ezaguna– agindu zion ikerketa haren emaitzak berriro aztertzeko, EPA atzera egiteko konbentzitze aldera. Monsantoren barne-agirien idazkerak argi uzten du Kushnerren errebisioaren emaitzak erabakita zeudela errebisioa hasi aurretik ere. Glifosatoa “ezin zitekeen” minbizi-eragilea izan. Bide batez: Kushner ez zen independentea, Monsantoren langile ohia zen eta.
EPAri presioak
Kushnerren alegazioak aztertu ostean ere, EPAk berretsi egin zuen glifosatoa kantzerigenoa zela, baina apurka Monsantok lortu zuen beste aditu batzuk –industriarekin lotutakoak– bere alde jartzea. Azkenik, eta beste agentzia baten “gomendioz”, EPAk ebatzi zuen ez dagoela ebidentzia nahikorik glifosatoak minbizia eragin dezakeela esateko, bere patologoen azterketetatik hala ondorioztatu arren. Geroztik, EPAren erabaki harekin bat egin dute munduko agentzia erregulatzaile guztiek, IARCek glifosatoa 1985ean zuen kategoriara “bueltarazi” duen arte. Erabaki hori dela-eta IARC jasaten ari den presioez ere jardun izan gara aurretik.
Zergatik borrokatu zen Monsanto hain gogor 80ko hamarkadan glifosatoaren sailkapena aldatzeko? Hona hipotesi on bat: herbizida modura erabiltzen hasi zenetik, erein beharreko zelaia belar txarrez garbitzeko erabiltzen zen herbizida, baina erein baino lehenago. Landu nahi zen laborearen gainean botaz gero, hura ere hilko zuen. Baina Monsanto glifosatoa erresistitzeko landareak diseinatzen hasi zenean, hori aldatu egin zen: jendeak jango zituen landareen gainean bota beharko zen herbizida, eta hori ez zen onargarria izango konposatua kantzerigeno probableen zerrenda egonda. Glifosatoa kaltegabetzat jotzea estrategikoa zen, ez Monsantorentzat bakarrik, baizik eta AEBetako Gobernuak hasieratik sutsuki defendatu duen transgenikoen teknologia-lerro osoarentzat baizik.
Erresistentzien arazoa: dosia etengabe igo beharra
Teknologia horren aldekoen promesak ez dira bete, bestalde. Roundup Ready laboreak erabilita herbizida gutxiago erabili beharko zituztela esan zitzaien nekazariei, glifosatoa aski izango baitzen eremuak “garbitzeko”. Errealitatean kontrakoa gertatu da: glifosatoa erruz erabiltzearen ondorioz haren aurkako erresistentziak izugarri garatu dira. Dagoeneko, landare super-erresistenteak laborarien arazo handiena bihurtu dira AEBetako eskualde askotan. Gero eta glifosato gehiago erabili behar dute, eta gero eta bestelako konposatu gehiagorekin batera, uztak izorratzen dizkieten belarrak akabatzen saiatzeko.
Landare askok glifosatoari erresistenteak diren aldaerak garatu dituzte, herbizida horren erabilera masiboaren ondorioz, Ipar Amerikan batez ere. Gero eta glifosato gehiago behar da efektu bera lortzeko –kasu batzuetan beste zenbait plagizidarekin batera–, eta urtez urte handiagoa da elikagaietan onartutako gehienezko glifosato arrastoen kopurua.
Horren albo-ondorio bat izan da denborarekin gero eta handiago bihurtu dela zenbait nekazaritza-produktutan onargarritzat jotzen den glifosato arrastoen kopurua. Izan ere, produktu batzuen kasuan modu eskandalagarrian igo dira mugak. 1993tik 2015era, EPAk onartutako glifosato arrasto kopurua 2.000 aldiz handitu da alpaparako, 1.000 aldiz gari-lastorako eta 300 gari aleetarako, 17 inguru artorako, bikoiztu egin da sojarako…
Gero eta glifosato gehiago onartzen da elikagaietan
Adibide batzuk ematearren, EPAk sojan onartzen duen glifosato kopurua milioiko 40 partekoa da. Arto aleetan, bostekoa. Gari aleetan, 30ekoa. Animaliek jateko belarretan, 100ekoa. Aldiz, EPAk berak ezarrita dauka uretan onar daitekeen glifosato portzentajerik handiena milioiko 0,7 partekoa dela. 1993an elikagai gehienetan onartzen zen kopurua hortik behera zegoen, gaur egun oso gora. Uretan toxikoa dena ez al da toxikoa artoan eta garian? Arazoa da lehengo mugei eutsita ezinezkoa litzatekeela gaur egungo ipar amerikar nekazari batentzat legea betetzea, zelaiak “garbitzeko” gero eta glifosato gehiago bota behar baitu. Esan gabe doa konposatuaren salmenta kopuruak oparo haziz doazela urtez urte. Historian gehien saldu den herbizida da glifosatoa, eta itxuraz hala izaten jarrai dezan lagundu nahi du Europako Batzordeak.