blogak

Mundua ez da biribila

Oharkabeko eskandaluak

Glifosatoaren debekua eskatzeko mobilizazioa Bruselan. (Arg.: Avaaz)

Glifosatoaren debekua eskatzeko mobilizazioa Bruselan. (Arg.: Avaaz)

Milioika tona plastiko ingurumenera jaulkitzeak sortzen dituen arazoez oharturik, gure agintariek aspaldi heldu zioten material horrekiko bizikidetza modu arrazionalagoan antolatzeko lanari. Hurrengo pasartea irailaren 26an izango da; egun horretan, Europako Batzordeak plastikoaren estrategia berria eztabaidatuko du.

Ez dakigu mahaiaren inguruan jesarriko direnek kontuan hartuko ote dituzten joan den astean plazaratu ziren mikroplastikoei buruzko ikerketaren emaitzak. Jakin bagenekien halakoen pilaketak ozeanoetan arazo latzak sortzen dituela, zuzenean fauna kaltetuz, eta zeharka gu, fauna hori jateko ohitura dugunez gero. Orain zabaldu dena da –ez lehenengoz, dena esatera– txorrotako ur ustez garbiarekin batera ere plastiko ugari irensten dugula. Europan, zehazki, edaten dugun hamar tragotik zazpitan. Eta plastikoarekin, hark dakartzan kutsatzaile ugari.

Herritar onberak pentsatuko du tamaina horretako mehatxu bati erantzun sendoa emango diotela osasun publikoa babesteko ardura dutenek. Baina logikarik sinpleena ere deformatu egiten da tartean milioika euro, edo dolar, mugitzen dituzten industriak daudenean.

Glifosatoari buruzko eztabaida

Adibide bat: Europako Batzordeak beranduenez abenduaren 31rako erabaki behar du ea baimena luzatuko dion 2015ean Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak “seguraski kantzerigeno” izendatu zuen glifosatoari. Zergatik ez dago debekatuta honezkero? Europako hiru agentziak, tartean elikagaien segurtasunaren zaindari den EFSAk, esan dutelako ez dagoela arrazoirik glifosatoa –munduan gehien saltzen den herbizida– kaltegarria denik esateko.

Martxoan AEBetako epaile baten aginduz argitara ekarritako Monsantoren barne-agiri batzuek erakusten dute enpresak aspalditik zekiela glifosatoak mutazioak eragiteko gaitasuna zuela. Uztailean, berriz, ikertzaile independente baten txostenak erakutsi du EFSAk eta enparauek konposatuaren arriskua frogatzen duten zazpi ikerlan baztertu zituztela, hartaz kezkatu beharrik ez dugula ebazteko. Isilean joan da eskandalua, herritarren pozoiketa masiboaz ari garenean ohi denez.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07