blogak

Mundua ez da biribila

Nola jokatuko du Donald Trumpek klima aldaketarekiko?

“Ez dut sinesten beroketa globalean… eta ez dut sinesten gizakiak eragindako beroketa globalean”. Trumpek esana (Arg.: AP Photo / Charlie Neibergall)

“Ez dut sinesten beroketa globalean… eta ez dut sinesten gizakiak eragindako beroketa globalean”. Trumpek esana (Arg.: AP Photo / Charlie Neibergall)

Iaz Parisen egindako klimaren gailurrean lortutako akordioa ospatu zutenek akordio horretan AEBak sartu izana nabarmendu zuten ospatzeko arrazoien artean, NBEk ordura arte klima aldaketaren alorrean zuen tresna nagusia, Kyotoko Protokoloa, estatubatuarrek ez baitzuten sekula berretsi. Eta beroketa globala eragiten duten gasen isurle handienak eurak izan dira oraintsu arte.

Aurtengo klimaren gailurra hasi eta bigarren egunean, hara zer den bizitza, estatubatuarrek presidente aukeratu dute klima aldaketa existitzen denik ere ukatzen duen gizon bat. Urte eta erdiko kanpainan astakeria batzuk esateko astia izan duenez, alor horretan ere izan du Trumpek “ateraldirik”. Orain, ezustean Etxe Zuriko maizter bihurtuta, ikusi beharko da –klimari dagokionez ere– egindako mehatxuetatik zeintzuk, eta nola, beteko dituen.

AEBak irailean berretsi zuten Parisko Klimaren Hitzarmena, Txinaren egun berean, sinbolismoz betetako keinuan. Bien artean berotegi efektuko gasen %40 isurtzen dute guztion atmosferara. Trumpek, berriz, esan du akordio horretatik kanpo nahi lituzkeela Estatu Batuak. Baina dagoeneko gogorarazi diotenez hori egitea ez da batere erraza, epe batzuk errespetatu behar baitira, eta ez dira laburrak. AEBak Parisko Hitzarmenetik ateratzeko aukera lukeenerako, agortzear legoke Trumpen agintaldia. Bide diplomatiko zail hori hartzen saiatuko ote den ikusteko dago.

Horrek ez du esan nahi, haatik, agintari berriak eskuak lotuta dituenik. Izan ere, Parisko Hitzarmenaren izaerak berak emango dio aukera AEBetako politika klimatikoa ahultzeko. Kyotoko Protokoloak ez bezala, akordio berriak ez dio herrialde bakoitzari emisio muga bat “kanpotik” ezartzen; bakoitzak erabakitzen du zer konpromiso hartu. Arazoa da, eta horixe da oraintxe Marrakexeko COP22 gailurrean eztabaidatzen ari diren gai garrantzitsuenetakoa, orain arte munduko herrialdeek aurkeztu dituzten asmoak ez direla aski Hitzarmenak ezarritako helburua lortzeko: planetaren beroketa ez dadila izan bi gradukoa baino handiagoa 2100 bitartean (eta ahal bada, 1,5 graduko langa ere ez dadila gainditu, hori oso zaila izango den arren).

Marrakexen oraintxe dagoen AEBetako ordezkaritzak zer bidetatik joko duen ez dakit, baina datozen urteetako gailurretakoa erraz igar daiteke. Akordiotik irten gabe, ahalik eta aurrerapauso gutxien ematen saiatuko dira AEBak. Aztarna bat: Trumpek jakinarazi du Myron Ebell jarri nahi duela Ingurumena Babesteko Agentziaren buru, hau da, klima aldaketarekiko eszeptiko bat. Iaz Parisen Avaaz elkarteak salatu zituen zazpi “klima kriminaletako” bat da Ebell. Atera kontuak.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07