blogak

Mundua ez da biribila

Nekez kontrolatuko dugu klima aldaketa Artikoa urtzen denean

Artikoa udan guztiz urtzeak erabat ezinezko bihurtuko du beroketa globala 1,5 gradu azpitik mantentzea, eta asko zailduko bi graduen muga ez gainditzea.

Artikoa udan guztiz urtzeak erabat ezinezko bihurtuko du beroketa globala 1,5 gradu azpitik mantentzea, eta asko zailduko du bi graduren muga ez gainditzea.

Azken urteetan zientzialariak ohartu dira beroketa globalaren ondorioetako batzuek beroketa globala azkartzen dutela. Klima aldaketak bere burua elikatzen du, nahi baino motelago dezifratzen ditugu mekanismo konplexuen bidez. Aurkikuntza bakoitzarekin, larriagoa da begi aurrean agertzen zaigun panorama.

Oraindik orain Earth´s future aldizkarian argitaratutako ikerlan batek ondorioztatu du Ozeano Artikoko izotza urtzeko joerak zeharo zaildu dezakeela iazko azarotik indarrean den Parisko Klimaren Hitzarmenaren helburuak betetzea. Batere izotzik gabeko uda izateak behartu lezake karbono dioxido emisioak zerora murrizteko epemuga aurreikusitakoa baino bost eta hamabost urte bitartera aurreratzera, ikerketan parte hartu duen EAEko BC3 zentroak adierazi duenez.

Izotzik gabeko Artikoa ez da hipotesi hutsa, ia seguru mende honetan ikusiko dugun zerbait baizik. Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeak (IPCC) 2040 eta 2060 bitarterako aurreikusi du Artikoa guztiz urtuta egongo den lehenengo uda. Beste ikerketa batzuek, berriz, 2030 baino lehenagorako iragarri dute gertakari hori. Bihar bertan emisioak gutxitzen hasita ere –eta hori ez da gertatutako, ez bihar ez etzi–, denbora beharko litzateke inertzia klimatikoa gainditu eta Artikoa hozten hasteko, BC3ko Sérgio H. Fariaren esanetan.

Parisko Klimaren Hitzarmena betetzeko orain arte agertutakoa baino askoz borondate handiagoa beharko da, azken ikerketak erakutsi duenez. Irudian, agintariak Hitzarmena ospatzen COP21 gailurraren amaieran.

Parisko Klimaren Hitzarmena betetzeko orain arte agertutakoa baino askoz borondate handiagoa beharko da, azken ikerketak erakutsi duenez. Irudian, agintariak Hitzarmena ospatzen COP21 gailurraren amaieran.

Izotzik gabe, bero handiagoa atxikitzen du Lurrak

Azken ikerketaren ondorio nagusia izan da Artikoa erabat urtzeak albedoa gutxituko duela. Pertsona arrunten hizkeran: Lurrak eguzki-erradiazioaren portzentaje txikiagoa islatuko du atmosferarantz. Itsasoak energia gehiago xurgatuko du eta beroketa globala areagotu egingo da.

“Zenbat eta izotzik gabeko uda lehenago gertatu, orduan eta zailagoa izango da klima aldaketa kontrolatzea”, esan du BC3ko ekonomialari Mikel González-Eguinok. Hainbat agertoki aztertuta, ikerlariek kalkulatu dute oraindik isur dezakegunaren kopurua %20 eta %50 bitartean murriztu beharko litzatekeela aurreikusi gabeko bero-iturri horren ondorioak berdintzeko. Eta klima aldaketaren ondorioak arintzeko erabili beharko den dirutza %20 eta %60 bitartean handitu daiteke.

Orain arte esandakoa Parisko Hitzarmenak ezarritako helburu nagusiari dagokio, alegia, mende honetan beroketa globala bi gradutik behera mantentzeari. Baina Hitzarmenak dio ahal den heinean 1,5 ºC-ren langa ez gainditzeko ahaleginak egin behar direla. “Helburu hori lortzeko modu bakarra etorkizunean emisio negatiboak izatea da”, González-Eguinoren berbetan. Hau da, atmosferatik karbono dioxidoa erauztea, horretarako aurreikusitako teknologia eta mekanismoak era masiboan eta elkarrekin konbinatuta erabiliz. Arazo handi bat dago ordea, BC3ren prentsa oharrak aipatzen ez duena: ez dago batere garbi teknika horiek behar bezala garatuta ote dauden edota benetan balio ote duten arazoari aurre egiteko. Kasurik txarrenean, egoera okertzea ere eragin lezakete.

The post Nekez kontrolatuko dugu klima aldaketa Artikoa urtzen denean appeared first on Mundua ez da biribila.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07