EDC Free taldeko kideen elkarretaratzea Europako Legebiltzarraren aurrean. (Arg.: EDC Free Coalition)
2013ren hondarrerako behar zuena 2017ko uztailaren 4an onartu dute Europar Batasuneko estatu kideek: pestizida eta enparauetan erabiltzen diren substantzietako bakoitza kutsatzaile hormonala –disruptore endokrinoa, nahiago baduzue– ote den erabakitzeko irizpide sorta. Atzerapenaren arrazoiak asko dira, baina esaldi sinple batean laburbil daitezke: Europako Batzordeak ezin izan du orain arte denak asetzeko moduko proposamenik aurkeztu –ezta onartu dutena ere, egiazki–, eta zirriborroz zirriborro asteak eta hilak igaroz joan dira.
Esan gabe doa pestizida ekoizleen presioa funtsezkoa izan dela prozesua horrenbeste moteltzeko, ingurumenaren eta osasunaren babeserako taxuzko araudi batek merkaturatzen dituzten zenbait produkturen debekua ekar lezake eta. Komeni da gogoraraztea kutsatzaile hormonalek gaitz ugari eragiten edota larriagotzen dutela; urtez urte oparoago bihurtzen da haien arriskuen berri ematen duen literatura zientifikoa.
Debekatu orduko, kaltea eginda
Zehazki, EBko estatu guztietako kideak dituen Europako Landare, Animalia, Elikagai eta Pentsuen Batzorde Iraunkorrak (SCoPAFF) onartu ditu, dagoeneko ez dakigu zenbatgarren saiakeran, kutsatzaile hormonalak definitzeko irizpideak. Nortzuk ez dira konforme gelditu? Bada, hasieratik araudi bigunegia onartzeko arriskuaz ohartarazi dutenak: batetik, ingurumenaren eta osasunaren defentsan diharduten talde ugarik osatutako EDC Free elkartea; bestetik, zenbait zientzialari arduratsu, batez ere endokrinologoak.
Funtsean, ahots kritiko horiek identifikaziorako baldintza gogorregiak ezartzea leporatzen diote SCoPAFFek onartutako irizpide sortari. Bestela esanda, substantzia batek sekulako kaltea egin duela frogatu beharko da disruptore endokrinoa dela eta debekatu egin behar dela ebatzi aurretik. De facto, Europar Batasuneko legedian indarrean dagoen zuhurtzia printzipioaren aurka jokatzea da hori.
Horrez gain, oso kritika gogorrak jaso ditu proposamenak ezartzen duen salbuespen batek: kontraesan ikaragarria badirudi ere, ez dira kutsatzaile endokrinoaren definizioan sartuko hain zuzen ere sistema endokrinoari erasotzeko sortutako pestizidak. Horren arabera, arazorik gabe ekoitzi ahal izango da intsektu mota jakin bati sistema hormonala kaltetzen dion intsektizida bat, modu horretan intsektizida haren helburu ez diren beste espezie batzuei ere–esaterako, polinizatzaile bati– kalte egin arren.
Beste produktu askorentzako aurrekaria
Gaiak berez du garrantzia, ekosistemen babesarekin eta denon elikadurarekin zerikusia baitu, baina are larriagoa da kontuan hartzen badugu pestizidentzat onartu dena aurrekari modura erabiliko dela bestelako produktu batzuk, asko, arautzeko. Izan ere, Europak irizpideok baliatu nahi ditu jostailu, kosmetiko eta elikagaien ontzien alorretan, besteak beste.
Nolanahi, SCoPAFFek hartutako erabakia ez da behin betikoa. Europako Legebiltzarrak onespena eman beharko dio 2017 amaitu baino lehen, ustez behintzat. Hau sinatzen duenak apustu egin behar balu, esango luke Parlamentuak ez duela proposamena atzera botako, baina seguruenik borrokaldi interesgarria ikustekotan gaude oraindik.