blogak

Mundua ez da biribila

Klimaren akordioa: America out again

(Argazkia: Michael Vadon-CC BY)

(Argazkia: Michael Vadon-CC BY)

Donald Trumpek hauteskundeak irabazi zituen egunean, 2016ko klimaren gailurra hasi berri zegoen Marrakexen. Han zebiltzanen testigantzei kasu egitera, hautagai errepublikanoaren garaipenak nolabaiteko deserosotasuna zabaldu zuen giroan, are etsipena ere zenbaitengan. Agidanez, ezkorrenek bazuten arrazoirik kezkatuta egoteko. Presidenteak aski izan du urte erdi AEBak Parisko Klimaren Hitzarmenetik aterako dituela iragartzeko.

Denbora luzeagoa beharko du asmoa gauzatzeko, mota horretako akordio batetik irtetea ez baita telefono dei soil batekin konpontzeko moduko afera. Zehazki, 2020rako nahi du Trumpek Parisko Hitzarmenetik kanpo egon. Baina ondorioak berehalakoak dira. Etxe Zuriko maizter berriak, akordiotik irteteko iragarpena eginda, gauza bat utzi du garbi: ez du klima aldaketaren aurkako politika eraginkorrik martxan jarriko. Bestela ere nahiko garbi zegoen, dena esatera. Azken batean, Trumpek aspaldiko mehatxua gauzatu besterik ez du egin.

Berotegi efektuko gas gehien isurtzen duten bigarren herrialdea dira AEBak –Txina dute gainetik–, eta lehenbizikoak per capita. Parisko Hitzarmenetik kanpo geratzeak asko zailduko du haren helburuak betetzea. Batetik, AEBrik gabe ezinezkotzat jo daiteke akordioak ezartzen duen helburu ideala: planetaren beroketa globala, mende honen amaierarako, ez dadila izan 1,5 ºC-tik gorakoa. Baina hori ez da hain larria, AEBekin ere oso-oso helburu zaila baita. Klima aldaketaren bilakabidea aztertzen duen IPCCren arabera, inolako neurririk hartuko ez bagenu 2026an iritsiko ginateke gradu eta erdiaren muga horretara. Hamarkada bat baino gutxiago.

Beste helburua, apalagoa, beroketaren langa bi graduan uztea da. Parisko Hitzarmena gehien kritikatu dutenentzat, hori ere nekez lortuko zen akordioaren ahuldadea ikusita. Baina garbi dagoena da, baikorrentzat bezala ezkorrentzat, AEBak kanpoan direla askoz zailagoa izango dela xedea betetzea. Eta hain zuzen, munduko bigarren kutsatzaile handienak inolako ondoriorik gabe akordioa utzi ahal izateak erakusten du ongien Parisko Hitzarmena ez dela behar bezain tresna eraginkorra klima aldaketari aurre egiteko, konpromiso sendoagoak eskatu dituztenen ustez. Ironikoena da AEBek sinatzeko urardotu zela akordioa. Baina Trumpentzat hori ere lar.

AEBetako gehiengoa ere ez dago ados

Etxeko ekonomiaren eta langileen interesak babestu nahi dituela argudiatu badu ere, hango jendartean nagusi den iritziari muzin eginez erabaki du presidenteak Parisi bye, bye esatea, Atlantikoaren bestaldetik datozen analisien arabera. Harrigarriagoa da herritar xeheek ez ezik enpresa handi gehienek eskatu diotela Trumpi AEBak klimaren akordiotik ez ateratzea, baita ekonomiaren deskarbonizazioarekin gehien galtzen dutenetako askok ere, erregai fosilen sektorekoek alegia.

Orduan nork egin du presio Parisko Hitzarmenetik irteteko? Desmog blogean Sharon Kelly kazetariak dioenez, politikan zein ekonomian minoritarioak diren talde batzuen doinuari jarraiki egin du Trumpek dantzan. Lehenbiziko multzoan daude alderdi errepublikanoko zenbait ahots, etxean ere gehiengoa ez izanagatik eragiteko gaitasuna erakutsi dutenak, presidentearen erabakietan bederen, dela botere handiko karguetan daudelako dela Trumpek entzun nahi duen horixe esaten dutelako, edo seguruenik gauza biak.

Beste eragin eremu bat klima aldaketaren ukazioan nabarmendu diren think tank, institutu, fundazio eta enparauen sarea da. Gutxi dira, baina badute euren ahotsa anplifikatzeko bitartekorik; haien finantzazio iturria ez da Gabonetako loteria salmenta, bistan dena. Desmog blogaren esanetan, batik bat energiaren alorreko enpresa erraldoi bi daude talde horien atzean: Koch Industries eta ExxonMobil. Naomi Kleinen This changes everything liburuan ere aurkituko duzu klima aldaketa ukatzen dutenen finantzazioari buruzko datu interesgarri asko.

Aipatzekoa da, nolanahi, AEBak klimaren akordiotik aterako direla iragartzeko Trumpek emandako diskurtsoan ez duela beste batzuetan adinako pisua izan datu zientifikoen ukazioak. Oraingoan, presidenteak ez du esan klima aldaketari buruzko akordiorik behar ez denik, baizik eta Pariskoak, dagoen-dagoenean, kalte onartezina egiten diola AEBen ekonomiari. Beste akordio bat –edo oraingoan AEBak kabitu ahal izateko aldaketak– negoziatzeko prest dagoela esan du Trumpek. Momentuz, ea nola moldatzen den mundua bera gabe.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07