2015ean Parisko gailurrean adostutakoari forma zehatza ematen hasi beharko dira munduko agintariak Marrakexeko COP22 bileran (Arg.: Arnaud Bouissou).
“Parisen gobernuek ez zuten adostu klima aldaketaren aurkako konpromiso zehatzik, konpromisoak hartzekoa baizik”, esan zigun Mari Jose Sanz BC3 ikerkuntza-zentroko zuzendariak iragan martxoan. Bada, iritsi da Parisko Hitzarmenaren bitartez hartutako konpromiso hari forma zehatza ematen hasteko tenorea. Hain zuzen, gaur, azaroak 4, jarri da martxan hitzarmena, horretarako behar ziren baldintzak bete eta hilabetera: gutxienez 55 estatuk akordioa berrestea, eta estatu horien berotegi-efektuko gasen (BEG) isurpena gutxienez guztizkoaren %55 izatea.
Kasualitate ala ez, hurrengo klimaren gailurraren atarian iritsi da Parisko Hitzarmenaren berrespena. Azaroaren 7an hasiko da Marrakexen COP22 goi-bilera, mahai gainean funtsezko eztabaidagaiak dituela. Hala ere, gailurraren hasieran handik oso urruneko gertakari batek bereganatuko du bertan daudenen arreta: AEBetako presidentetzarako hauteskundeak.
Trumpen garaipenak Parisko Hitzarmena hil dezake
Donald Trump hautagai errepublikarrak argiro egiten du bat klima aldaketa ukatzen dutenekin. Haren garaipen batek, segur aski, ekarriko luke AEBak Parisko Hitzarmenetik ateratzea, eta oso litekeena hori gertatu eta berehala Txinak bide bera hartzea. Potentzia biek, esanahi handiko keinu diplomatikoan, egun berean berretsi zuten akordioa, joan den irailean. Atzera egiteak akordioaren heriotza ekarriko luke, bien artean munduko BEG emisioen %40 eragiten baitute.
Marrakexeko goi-bileraren bigarren egunean izango dira AEBetan presidentea aukeratzeko hauteskundeak. Donald Trumpen garaipenak kolokan jarriko luke Parisko Klimaren Hitzarmena (Arg.: Michael Vadon-CC By SA).
Kontuan izan behar da Parisko Hitzarmena, hein handian, estatubatuarrek eta txinatarrek sinatzeko beren-beregi egindako akordioa dela. Izan ere, bai AEBak bai Txina kanpo egotea izan zen klimaren alorrean NBEk aurretik zeukan –eta oraindik indarrean dagoen– nazioarteko akordioaren, Kyotoko Protokoloaren, porrotaren zergatietako bat.
Loteslea, baina ez hainbeste
Hitzarmen batetik besterako alde nagusia ezarritako uztarduraren indarrari dagokio. Garbiago esanda: batean zein bestean emisio murrizketa helburuak nahi eta nahi ez bete beharrekoak dira, baina Kyotoko Protokoloan helburu horiek NBEk emandakoak ziren –oso estatu gutxiri eragiten zieten, hori bai–, eta Parisko Hitzarmenean, berriz, akordioa berresten duen estatu bakoitzak erabakitzen du bere buruari zer helburu ipini; INDC ingelesezko siglekin ezagutzen dira helburuok. BC3ko Unai Pascual Garcia de Azilu ikerlariaren esanetan, “Pariskoa ere loteslea da, baina lotura ahulagoa da”. Hain zuzen ere AEBek sina zezaten eraiki zen modu horretan akordioa.
Zientzialarien esanetan, orain arte aurkeztutako INDCen batura ez da nahikoa Parisko Hitzarmenaren xede nagusia ziurtatzeko: 2100. urterako batez besteko tenperaturaren igoera ez dadila izan bi gradutik gorakoa, industria-aroaren aurrekoarekin alderatuz. Marrakexen, batetik, dagoeneko akordioa berretsi duten 72 gobernuek esan beharko dute prest ote dauden murrizte konpromiso handinahiagoak hartzeko prest ote dauden. Bestetik, konpromiso horiek betearazteko formula juridikoez, zigorrez eta abar hitz egingo dute. “Horrez gain, seguruenik hitzarmena berresteko dei egingo diete oraindik hala egin ez duten estatuei”, Pascualen esanetan.
Emisioak neurtzeko sistema bakarraren bila
Horiek ez dira izango negoziazio mahaiko puntu bakarrak, hala ere. Batetik, BEG emisioak neurtzeko, jakinarazteko eta egiaztatzeko sistema homogeneizatzeaz hitz egingo da. Gaur egun herrialde guztiek ez darabilte irizpide bera neurketa horiek egiteko, eta askok gaitasun teknikorik ere ez dute. Igorle esanguratsu batzuen kasuan (Txina, esaterako) kontabilitatea erabat argi ez dagoela kritikatu izan da. Horregatik, sistema bateratu eta gardena adosten saiatuko dira COP22n. Zenbaitek beldurra da, ordea, hori aitzakiatzat erabiltzea eztabaida garrantzitsuagoak atzeratzeko. “Badirudi batzuk saiatuko direla aurten neurketari buruzkoan indarra jartzen, eta INDCen anbizioari buruzko eztabaida 2018rako uzten”, dio Ekologistan Martxan elkarteko Javier Andaluzek; “gure ustez, eztabaida biak aldi berean eman behar dira”.
Finantzazioa, beste gai bero bat
Marrakexeko –eta azken urteetako gailur guztietako– lantalde beroenetako bat Klimaren Funts Berdearen finantziazioari dagokiona izango da. 2009an Kopenhagen adostu zenez, ziurtatu behar da funts horrek urtero 100.000 milioi dolar jasoko dituela 2020tik aurrera, garapen bidean dauden herrialdeei laguntzeko klima aldaketari aurre egiten. Munduko Bankuak esan du ziurtzat jo daitezkeela 80.000 milioi, baina gainerakoa nondik etorriko den erabaki gabe dago. Bestalde, azken urteotan egindako analisi askoren arabera 100.000 milioi ez dira nahikoa izango. Izan ere, klima aldaketaren aurkako neurriak hartzeko ez ezik, estatu pobreenek laguntza beharko dute honezkero jasaten hasiak diren klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko.
Urgentzia klimatikoa eta geoingeniaritzaren mehatxua
Aurten, atmosferan dagoen CO2 kontzentrazioak milioiko 400 partetik (ppm) gora egin du, eta urtero azkarrago handitzen ari da. Zientzialari batzuen esanetan, 450 ppm-ra iristeak asko zailduko luke beroketa globala bi gradutik behera mantentzea mende amaierarako. Zehazki, lortu beharko litzateke 2020an iristea kontzentrazioaren gailurrera, Unai Pascualen esanetan.
Aurten, atmosferan dagoen CO2 kontzentrazioak milioiko 400 partetik (ppm) gora egin du, eta urtero azkarrago handitzen ari da.
Neurri eraginkorrak hartzeko premia begien bistakoa da. Pascualen ustez, epeak agortu ahala baliteke geoingeniaritzaren aukerak indarra hartzea. Azkeneko klimari buruzko goi bileretan planteatu diren irtenbideetako bat, zehazki, biomasa erabiltzea da. Lehenik, lur eremu handiak hartu beharko lirateke zuhaitzak edo bestelako biomasa motak landatzeko. Ustez, horrek atmosferako CO2 zati bat xurgatuko luke –xurgapen horren kontabilitateari buruzko zalantza agertu dute geoingeniaritzarekin kritikoak diren askok–. Ondoren, energia lortzeko erreko litzateke biomasa hori, erregai fosilen ordez. Erretzean isuritako CO2-a momentuan atzemango litzateke, eta ostean lurpean sartu. Teorian, guztizko emaitza “isurketa negatiboa” litzateke.
Alta, CO2-a atzeman eta biltegiratzeko teknika horri buruzko eztabaida dago, oraindik ez baitago argi teknikoki bideragarria ote den. Bestalde, Unai Pascualen esanetan, eredu horrek talka egiten du etorkizunean, hazkunde demografikoa kontuan hartuta, munduak izango dituen elikadura premiekin, elikagaiak landatzeko beharko liratekeen lur eremu zabalak bereganatuko lituzkeelako.