blogak

Mundua ez da biribila

Garoña itxita, besteak zabalik

Garoñako zentral nuklearra (Arg.: Foro Nuclear).

Garoñako zentral nuklearra (Arg.: Foro Nuclear).

Joan den larunbatean azalean zekarren El Correo-k: Nuclenorrek aitortu du Garoña berriro martxan ipintzea ekonomikoki bideraezina dela. Vocento taldeko egunkariek jaso dutenez, zentral nuklearraren jabeengandik oso hurbileko iturriek baieztatu diete Nuclenor –erdibana Endesak eta Iberdrolak osatua– ez legokeela prest Garoña berriz pizteko beharko  lituzkeen 205 milioiak gastatzeko. Horietatik, 170 inguru Espainiako Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak (CSN) baldintza modura ipinitako hobekuntzei dagozkie. Horiek gabe zentrala ezin izango litzateke berriro ireki, 2031ra arte funtzionatzeko CSNk emandako onespenean zehazten denez.

Nuclenorren asmoak hain modu agerikoan haizatzea ez da sekulako albistea, jakina zenaren konfirmazio “ofiziala” baizik. Nuclenorrek Garoñaren bizitza luzatzea eskatu zuenean, gogoan zuena ez zen Arabatik gertuko zentral txikia berriro energia ekoizten hastea, bazekien-eta operazioa ez zela inola ere errentagarria izango. Garoña baino askoz potentzia handiagoa duten Espainiako Estatuko gainerako zentralen bizitza luzatzeari atea irekitzea zen helburua, datorren hamarkadan denak iritsiko baitira 40 urteko epemugara.

Zalantzarik balego, hara zer dioen Vocentok asteburuan kaleratutako albisteak: Espainiako Industria eta Energia Ministerioak –Garoñak 60 urtera arte funtzionatzeko baimena eman behar duena, azken batean– oposizioko alderdiak, autonomia erkidegoak eta beste zenbait eragile inplikatu nahi ditu Garoñari buruzko erabakian. Kontsultarako sei hilabeteko epea ireki dute horretarako; Vocentoren arabera Nuclenorrek ministerioari jakinarazi dio dagoeneko berrirekiera ez dela bideragarria.

Baina gehiago esan du Espainiako Gobernuak. Industria Ministerioarentzat Garoñari buruzko eztabaida lehen urratsa besterik ez da, gainerako zentralen geroaz hartu beharreko erabakiei begira. “Zentral bakoitzaz erabaki dezakegu, edo sektore osoaz”, esan omen dute ministerioko iturriek. Haien iritziz, Espainiako zortzi erreaktoreetako baten bizitza luzatzea debekatzeak argindarra %25 garestitzea ekarriko luke. Gobernuak mix energetikoan zentral nuklearrak mantentzearen alde egiten du erabat. Ezustekorik ez, beraz.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07