blogak

Mundua ez da biribila

Gailurrez gailur, klima hondamendirantz

Itsas mailaren igoeragatik arrisku larrian dagoen Fiji izango da aurtengo klimaren gailurraren presidentea, bilera Bonnen (Alemania) egingo bada ere.

Itsas mailaren igoeragatik arrisku larrian dagoen Fiji izango da aurtengo klimaren gailurraren presidentea, bilera Alemanian egingo bada ere.

Kontraste ikaragarria dago klima aldaketaren ondorioak biderkatuz doazen abiadaren eta haiei aurre egiteko neurriak zehazteko orduan gobernuek agertzen duten patxadaren artean. Erregistratutako urakanik bortitzenak bizi izan berri ditugun honetan, urte bakoitza inoiz neurtutako beroena dela, atmosferako CO2 kontzentrazioak langa historikoa jota… urteroko klimaren goi-bilera hasi da azaroaren 6an Bonnen, hau ere, beste asko bezala, trantsiziozkoa-edo, helburu nagusitzat baitu 2015ean Parisen sinatutako akordioa martxan jartze aldera irizpide komun batzuk finkatzea, 2018rako prest behar lukeen “arau-liburu” moduko batean jasota.

Oro har goi-bilera “teknikotzat” jo dute analistek COP23 hau, eta hala ere sinbolismoz beteta dago. Lehen aldiz, klima aldaketaren mehatxua larrien jasaten duen estatu batek du presidentzia: Fiji Uharteak. Bilera Bonnen egitearen arrazoia ez da igartzeko zaila: Fijik ez du azpiegiturarik tamaina horretako ekitaldi bat –20.000 lagun espero dira– jasotzeko. Bide honetatik jarraituz gero, baliteke laster inolako azpiegiturarik ez egitea, ez handi ez txiki.

NBEk ohartarazi die munduko gobernuei hobe luketela premiaz ibili, orain arte hartutako konpromisoak ez dira-eta nahikoa Parisen adostutako helburuak betetzeko. Zehazkiago, aurkeztutako konpromisoekin 2030erako beharko litzatekeen emisio murrizketaren herena baino ez da lortuko.

Askok salatu dutenez, arazoa da Parisko Hitzarmena handinahia dela helburuetan, baina ahula mekanismoetan. Erakusle nagusia, 2017ko gailur honetan, AEBak izango dira. Trumpek iragarri arren Parisko Hitzarmenetik aterako duela bere herrialdea, 2020ra arte akordioaren parte da munduko bigarren berotegi-gas igorle handiena, eta negoziazioetara joaten jarraituko du. Nolanahi, de facto akordiotik kanpo daude AEBak, azken baten Parisko Hitzarmenaren oinarriak konpromiso boluntarioak baitira. Alegia, Trumpek ez du ezertxo ere egingo arazoa arintzeko. Inork ez du horretara behartzen. Fijik du COP23aren buruzagitza, baina soluzioaren giltza beste batzuen esku dago, eta bistan da ez dutela asmo handirik honaino ekarri gaituen jokabidea sakonki aldatzeko.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07