Ia 200 herrialdetako ordezkariek akordio bat adostu dute Kigalin (Ruanda), berotegi efektua eragiten duen HFC (hidrofluorokarbonoak) motako gasak progresiboki erabiltzeari uzteko. Hitzarmenak betebehar desberdinak ezartzen ditu herrialde bakoitzaren garapen mailaren arabera; garatuenen kasuan, HFC kontsumo eta ekoizpena %85 murriztu beharko dute 2036rako (2011-2013 epearekin alderatuta).
Beste multzo bateko herrialdeek –tartean Txina– 2045eko epea izango dute %80ko murrizketa egiteko 2020-2022 epearekiko. Hirugarren taldekoentzat (hor daude Irak, India, Pakistan…) 2047 izango da murrizketaren epemuga.
HFC gasek eragin handia dute beroketa globalean, eta batez ere hozkailuetan eta haize girotuko gailuetan erabiltzen da. Haien ekoizpena asko handitu da 90eko hamarkadaren hasieratik –urtero %10-15 bitartean areagotzen da–, ozono geruzari kalte egiten dioten CFC eta HCFC motako gasak ordeztu dituztelako, haiek erretiratu ahala.
Izan ere, ozono geruza babesteko helburuz 80ko hamarkada amaieratik indarrean dagoen Montrealeko Protokoloari egindako zuzenketa da Kigalin hartutako akordioa.
Alternatiba egokiak eskatu ditu Greenpeacek
Greenpeace elkarte ekologista pozik agertu da Ruandako akordioagatik, eta azpimarratu du beharrezkoa dela planetaren beroketa ez dadin izan 1,5 ºC-tik gorakoa, Parisko COP21 gailurrean adostu bezala. Hala ere, munduko estatuek akordioa hartzeko itxaronaldia zortzi urtekoa izan dela nabaritu dute. Bestalde, HFCak kentzeko ezarritako epeak luzeegitzat jo dituzte.
Halaber, Greenpeacek kezka agertu du gas horiek erabiltzeari utzi ahala haien lekua hartuko duten alternatibez, eta salatu du industria kimikoa presioa egiten ari dela HFCen ordezkoak hidrofluoroolefinak (HFO) izateko. “HFOak deskonposatu egiten dira atmosferan, eta hala eratzen den substantzietako bat TFA izeneko toxina da, hezeguneetan metatzen dena”, adierazi du talde ekologistak.
“Akordio honen arrakasta HFOak eta halako alternatiba toxikoak saihestu eta produktu hozgarri naturalak erabiltzeko gai den herrialde kopuruak baldintzatuko du”, gehitu dute, “erabakigarria izango da datozen hilabete eta urteetan zer bide hartzen den”. Greenpeacek aldarrikatu du 90eko hamarkada hasieratik bultzatu duela hozgarri naturalen erabilera (CO2, hidrokarburoak, ura, airea, amoniakoa…) eta ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak direla ia hozte-sistema eta haize girotu gailu guztietan.