blogak

Mundua ez da biribila

COP23 klimaren goi-bilera: nagiaren gailurra

Argazkia: Kiara Worth / IISD-ENB

Argazkia: Kiara Worth / IISD-ENB

Fidji Uharteen presidentziapean, 25.000 lagun inguruk bi aste eman dituzte Bonnen, klima aldaketari aurre egiteko bideez jarduteko urteroko hitzorduan. Eta urtero bezala, edo ia, egin zitekeena baino gutxiago egin da, arazoaren larritasunari buruzko diagnostikoa kasik ahobatekoa izan arren. Gailurra hastear zela jakin zen, gainera, berotegi efektuko gasen emisioak gora egin duela, hiru urtez egonkortuta egon ostean.

COP23 goi-bileraren helburua zen 2015eko Parisko Hitzarmena betetzeko funtzionamendu arau bateratuak adostea. Ez zen oso handinahia, eta hala ere ez da guztiz lortu. Bonnen emaitza nagusia Talanoako Elkarrizketa izan da, alegia, 2018an burutu beharko den prozesua, herrialde bakoitzak 2020tik aurrerako emisio murrizketak zehaztu ditzan. Lau orrialdeko dokumentu xumea da abiapuntua, printzipio orokor batzuk eta bilera gehiagorako egutegia jasotzen duena.

Gauden-gaudenean, urtebete galtzeak garrantzia du klima aldaketaren aferan, jada ez baikara etorkizunaz ari. Parisko Hitzarmenak beroketa globala –industrializazioaren aurreko arotik– bi gradutik gorakoa izan ez dadila du helburu, eta ahal dela 1,5ekoa ere ez dadila gainditu. Une honetan 1,2 graduan gaude, eta premia dago neurriak hartzeko. Zientzialarien esanetan, munduko gobernuek gaurdaino aurkeztutako konpromisoek hiru graduko beroketara garamatzate, edo bestela esanda, ondorio ezezaguneko klima hondamendi larrira.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07