Greenpeaceko hamalau eskalatzailek CETAren aurkako ekintza egin dute ministroak bileran zeuden bitartean (Argazkia: Xavier Bechen / Greenpeace).
Europar Batasuneko estatu kideetako merkataritza eta kanpo harremanetarako ministroak Luxenburgon bildu dira Kanada eta EBren arteko merkataritza askeko hitzarmenari (CETA) onespena emango dioten erabakitzeko. Momentuz ez dute adostasuna lortu, Belgikak ezetz esan baitu, eta estatu guztiek bat egitea beharrezkoa da mota horretako akordioek aurrera egin dezaten.
Azken asteetan hainbat erakundek azaldu dituzte CETArekiko zalantzak, besteak beste Austriako Gobernuak eta Alemaniako Konstituzio auzitegiak. Ezezko garbiena, nolanahi ere, Valoniako Parlamentuak eman du. Duela hilabete batzuk CETAren aurkako adierazpen bat onartu ostean, hitzarmena babestu ez dezan eskatu diote Valoniako Gobernuari berriki.
Belgikako estatu federalaren egituraketa dela-eta, valoniarren jarrerak asko zailtzen du Bruselako gobernuak baiezkoa eman ahal izatea CETAri, bileran islatu denez. Austriak, berriz, baiezkoa eman du azkenik.
Hori dela-eta, Europako Batzordeko Merkataritza komisarioak, Cecilia Malströmek, esana zuen ez zuela uste gaurko bileran lortuko zenik CETA babesteko akordioa. “Hala ere baikorra naiz eta espero dut laster erabaki bat hartu ahal izatea”, adierazi du Malströmek. Goizegi dirudien arren, ostiralean izango du bigarren aukera bere nahia beteta ikusteko, kasu horretan EBko gibernuburuak Bruselan bilduko dituen Europar Kontseiluko batzarrean. Zalantza da ea Belgikak hain azkar aldatuko ote duen botoa –Valoniako Gobernua presio ugari jasotzen ari da ezezko jarrera aldatzeko–, eta haren abstentzio batek, esaterako, balioko lukeen CETAri argi berdea emateko, arauak ez baitu erabat argi uzten.
Kontsentsua ez lortzeak EBren hasierako asmoak trabatuko lituzke. Batzordearen bide-orrian, Kontseiluaren onespenaren ostean aurreikusita dago Kanadak eta Europak hitzarmena publikoki sinatzea urriaren 27an Bruselan egitekoa den bi aldeen arteko goi-bileraren testuinguruan.
Hala egitekotan, urtea amaitu baino lehen Europako Legebiltzarrak hitzarmenaz bozkatzea –eta baiezkoa ematea– aurreikusita du Batzordeak. Behin hori eginda, CETAren %85 inguru indarrean sartuko litzake, alegia, Batasunaren eskuduntza baizik ez diren zatiak. Gainerakoa indarrean sartzeko –estatu bakoitzaren burujabetzari eragiten dioten aldeak, hain zuzen–, EBko parlamentu guztien onespena beharko da. Bakar batek ezetz esatea nahikoa litzateke hitzarmen osoa ez onartzeko, baina mantendu egingo litzateke Batasunak onartutako %85 hori.
Greenpeacen eskalatzaileak CETAren aurka
Greenpeaceko hamalau kidek beren burua eskegi dute Luxenburgoko Konferentzia Zentroko hormetan, ministroen bilera egiten ari zen bitartean, CETAri ezetz esan diezaioten eskatzeko. Ekintzaileek Don´t trade away democracy, stop CETA! (Demokraziarekin salerosketarik ez, CETA gelditu!) zioen pankarta zabaldu dute.
Greenpeaceko kideek adierazi dute CETA akordioa europar askoren nahiaren aurkakoa dela, EBn zuhurtzia printzipioa ahultzea eragingo lukeela, eta funtsezko hainbat zerbitzu publiko pribatizatzeari atea irekitzen diola, publiko izaera berreskuratzea galaraziko luketen hainbat klausula ezarrita gainera.