blogak

Mundua ez da biribila

Aurrerapausorik gabe joan da Marrakexeko klimaren gailurra

Ondorio praktiko handirik gabeko dokumentu bat izan da Marrakexeko COP22 gailurraren emaitza. (Arg.: COP22)

Ondorio praktiko handirik gabeko dokumentu bat izan da Marrakexeko COP22 gailurraren emaitza. (Arg.: COP22)

Iaz Parisen sinatutako Klimaren Hitzarmena “konpromisoak hartzeko konpromisoa” izan zen, Mari Jose Sanz BC3 ikerkuntza zentroko zuzendariaren esanetan. Marrakexen amaitu berri den COP22 gailurrean Parisko helburuak betetzeko bitartekoak zehazten hasi behar zuten munduko gobernuek; baina iaz agertutako borondatea berrestea izan da emandako urrats esanguratsu bakarra. Atzerapausorik eza beste aurrerapausorik ez du ekarri Marrakexek, eta hori oso gutxi da ia mundu guztiak larrialdi klimatiko betean gaudela onartzen duen honetan.

Mari Jose Sanzen beraren esanetan, “inork ez zuen espero hain azkarra izango zenik Artikoko izotzaren atzerakada, besteak beste”. Baina zientziak ematen dituen datuen larritasunak ez du eragiten nazioarteko foroetan lastertasunez jokatzea, ez behintzat askok nahi luketen bezainbat. COP22 gailurrean adostu den dokumentua ez da adierazpen politikoa baino askoz gehiago. Parisko Hitzarmena betearazteko araudia 2018rako prest izatea erabaki da, ez lehenago. Sanz berriz: “Zaila da gizarte eredu bat aldatzea, zaila da deskarbonizatzea”. Publikoki agertzen den borondateak bestelako indar batzuekin egiten du talka, bistan dena.

Mari Jose Sanz baikorra da hala ere. Honela zioskun gailurraren azken egunean, Marrakexetik bertatik: “Negoziazioak ez dira kontu teknikoetan katramilatu, eta hori ona da. Jendeak gauzak egin nahi ditu, eta ilusioz dago. Trumpen garaipenak ere ez du atsekaberik eragin, zalantza batzuk piztu arren”.

Parisko Hitzarmena aurrera eramateko gobernuek agertutako borondatea positibotzat jo du Greenpeacek ere, baina konpromiso zorrotzagoa eskatu du. “Emisio murrizketa sakonagoak lortzeko plana behar da”, esan du talde ekologistak, “eta nahitaezkoa da petrolioa eta ikatza guztiz alboratzea planetaren tenperatura ez dadin 1,5 ºC baino gehiago igo, Parisen adostu legez”.

“Beste urte bat galdu da alferrik”

Ekologismoaren barruan askoz balorazio kritikoagoa egiten dute batzuek. Ekologistak Martxanen hitzetan, “Marrakexen, herrialdeek asmo handinahiagoak aurkeztu behar zituzten, 2018an beroketa globala 2 ºC-tik behera mantentzeko  konpromiso berriak emate aldera, baina kontsentsu faltak erakutsi du hori ez dela 2020 baino lehen lortuko, eta ordurako berandu izan daiteke”. Beste urte bat galdu da alferrik, elkarteko kide Javier Andaluzen aburuz.

Emisioak murrizteko anbizio falta kritikatzeaz gain, Andaluzek dio COP22 porrota izan dela klima aldaketari aurre egiteko finantzazio mekanismoei dagokienez ere: “Kyotoko Protokolotik datorren Egokitzapen Funtsa ez da behar bezala definitu, eta hurrengorako utzi dute; Klimaren Funts Berdea, %80 murrizketa politikak finantzatzeko dena, diru nahikorik gabe dago oraindik; eta klima aldaketak eragindako kalteak konpontzeko funtsa finantza-produktu espekulatzaile bihurtzeko bidean jarri da, aseguru-konpainien eta bestelako finantza-enpresen esku hartzeagatik”.

Klimaren aldeko martxa Marrakexen. (Arg.: Greenpeace)

Klimaren aldeko martxa Marrakexen. (Arg.: Greenpeace)

Justizia klimatiko eske

COP22 egin bitartean gailur alternatiboan bildu dira mundu osoko elkarte ugari bertako Cadi Ayyad Unibertsitatean. Amaieran, klima justiziaren aldeko adierazpen bat argitaratu dute. Azken mendean beroketa globalak eragindako ondorioak aipatu eta gero, klima aldaketari aurre egiteko gizartearen eraldatze sakona behar dela azpimarratzen dute. Besteak beste, energia sistemak errotik aldatzearen alde agertzen dira, hala nola foro ofizialetan proposatzen diren “irtenbide faltsuen” aurka (karbono merkatuak, merkatuan oinarritutako baso kudeaketa, geoingeniaritza, energia nuklearra, konponbide teknologikoak…). “Klima aldaketa moteltzeko modu bakarra erregai fosilen %80 lurpean utzi eta lehenbailehen karbono gutxiko ekonomia garatzea da”, dio Javier Andaluzek.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07