blogak

Mintzalaguna Hondarribia

Gasteizen aurkeztu da 2017-2018 ikasturteko mintzapraktika programen izen emate kanpaina

Irailaren 21ean aurkeztu zen   2017-2018 ikasturteko Mintzapraktika programen kanpaina. Gasteizko Gorbea Bodegoian Mintzapraktika saio bat eginez eman zitzaion hasiera ikasturteari. Datozen asteetan aukera izango da ikasturte honetan programetan izena emateko. Hondarribian zehazki urriaren 3 tik 14ra egongo da izen ematea zabalik.

Hartu, eman eta eragin aurtengo kanpainaren leloa
Euskal herritarren %28 gai dira euskaraz aritzeko. Erabilera, berriz, orain 25 urteko berbera omen da. Eta euskararen aldeko jarrera zabaltzen ari ei da pixkanaka. Gertuko harremanetan, denen gogoak, ahaleginak eta palankak batzean. Hortxe dago giltzarri nagusietako bat, hartu eta emanetan. Eta Mintzapraktika egitasmoak dira horren adibide; bidelariek eta bidelagunek euskararen ezagutzatik erabilerara egiten dutelako salto elkarri lagunduz, adiskide giroan, berriketan, hizketan, kalakan. Gertuko mintzoaz aktibatzen dute euskararen aldeko jarrera.

 

Parte hartzeko hamaika arrazoi
Batzuk euskaraz gehiago hitz egitea nahi izaten dute, horregatik ematen dute izena. Edo ikasitakoa ez galtzeko; hobetzeko. Euskaraz bizitzeko nahia eta inguruan jende euskaldun gehiago izateko nahia izaten dira, azken finean, denen jomuga. Baita bidelariei laguntzeko bidelagun aritzen direnena ere. Bidelariei lagunduz, besteak beste, beraien euskaraz hitz egiteko gaitasuna garatzen jarraitzen dutelako; euskaraz aritzeko aukerak biderkatzen dituztelako; bidelariekin batera euskararen sarea indartzen dutelako.

Egin berri den inkesta baten arabera, bidelagunen %81ak euskararen normalizazioan modu aktiboan laguntzeko asmoz hartzen du parte Mintzapraktika programetan. Hogeita lau urte daramatzate mintzalagunek astero elkartuz, magia egiten.

1075 talde martxan

Mintzalagunen sarea zabalduz eta sendotuz doa Euskal Herrian zehar: 6000 pertsonak baino gehiagok osatzen dute eta haietarik 1200 bidelagunak dira. Gaur egun 1075 talde daude martxan eta astero 120 herritan elkartzen dira elkarrekin euskaraz egiteko. Batak besteari emanez, Mintzalagunek herriz herri egiten duten lanari esker, euskal hiztunak ugaritzen ari dira, harreman sare berriak sortzen eta euskaraz aritzeko gune berriak irabazten. Talde bat elkartzen denero euskaraz bizitzeko pauso bat ematen baita.

Harreman afektiboak ardatz

Bidelari gehienak, %84,2, eroso sentitzen dira Mintzapraktika egitasmoetan eta %61,2 ilusioz. Horren arrazoi nagusietako bat da biderien eta bidelagunen artean sortzen den harreman afektiboa. Bidelariek bidelagunen eskutik galtzen dute lotsa eta, konfiantza hartzen duten heinean, gaitasunak lortzen dituzte. Hartu-eman estu hori, gainera, Mintzapraktikako taldetik haratago zabaltzen da: bidelariek askotan herriko euskaldunak ezagutzen dituzte bidelagunen bidez eta, ondorioz, geroz eta euskaldun gehiago izaten dituzte hurbileko jende multzoan.

Elkarrekin, euskaraz bizitzeko espazio berriak eraikitzen dituzte bidelariek eta bidelagunek. Horregatik diogu Mintzapraktika egitasmoetan hartu, eman eta eragin egiten dela. Gogoz eragin ere!

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07