blogak

Mintzalaguna Hondarribia

Ekintza mordoa ikasturteari amaiera emateko!

Ekainarekin 2018-2019 ikasturteari amaiera eman diogu beste behin ere. Eta, amaierak beti tristeak izaten ez direnez, Hondarribiko Mintzalagunek ekintza mordoa izan dituzte aukeran! Aurreko idatzian kontatu genizuen Lapuebla de Labarkan ekainaren 1ean ospatu genuen Mintza Eguna, baina izan dira beste ekintza gehiago… ikusi, ikusi!

Ikasturte bukaerako txangoa Lesakan

Ekainaren 16an Hondarribiko Mintzalagunek, Baztan, Bortziriak eta Malerrekako Solaslagunekin batera, 2018-2019 ikasturteari amaiera eman zioten, mendi-irteera eta bazkariarekin. Lesakan elkartu ziren hamabost bat kide, eta Agiñara egin zuten bisita gidatua, hainbat txoko interesgarri ezagutuz: Agiña gaineko dorre fortifikatuaren arrastoak, Aita Donostiaren kapera eta bere omenezko eskultura, harrespilak, Domikoko presa…

                    

Bixita bukatutakoan Etxalarreko Herriko Ostatuan bazkari ederraz indarberritu ziren parte-hartzaileak, eta gero herritik bueltatxoa egin behar izan zen jandako guztia jaisteko… Eguraldia ere, kategoriakoa!


               

Mendari osasungarrien tailerra familian

Gurasolagunentzat ikasturte bukaerarako antolatu nahi zen anaitasun-askariari buelta bat eman, eta askari osasungarriak egiteko ideiak bildu nahian, Eli Gallego dietistaren laguntzarekin antolatutako arratsalde-pasa egin zen Itsas Etxeko elkartean. Gaiak aurrez erosita zeuden, fruitu lehorrak, frutak, txokolate beltza, olo-irina… Eta Eliren aginduetara, oso gustura jardun zuten lanean haurrek, gurasoen laguntzarekin.

Prestaketa-lanak amaitutakoan, denen artean hain gogotsu landutako emaitza dastatzeko aukera izan zen, arrakastaz, eta gero haurrak jolasten ari zirela gurasoek elkartea txukun-txukun laga zuten berriz ere. Hamasei parte-hartzaile izan ziren guztira, 7 heldu eta 9 haur.

          

 

Ikasturte bukaerako bazkaria Mintzalagunentzat

Urtero bezala, ikasturtea amaitzeko ekintza mahai-bueltan egin da aurten ere, oraingoan Itsas Etxeko elkartean egindako bazkariarekin. Goiz-goizetik martxan jarri ziren bi sukaldariak, bazkalordurako 18 bazkalkideentzat dena prest izateko asmoz. Besteak, berriz, bazkaldu aurreko txikiteorako elkartu ziren giro ederrean.

Bazkariaz gozatu ondoren taldeka jokoak egin ziren, eta horretarako, besteak beste, Arma Plaza Fundazioak argitaratu duen Kapen mahai-jokoa erabili zen, Hondarribian Naturako elementuek dituzten izendapenak landuz.

Bazkaria prestatzen eta jaten erabilitako tresnak jaso, garbitu eta elkartea txukuntzeko lanak talde-lanean antolatu ziren ere, eta gogotsu aritu ziren bertaratutakoak. Denon artean berehala bukatu ziren egin beharreko lan guztiak.

Batzuk etxera, besteak bazkalondoko azken tragoa hartzera, eta halaxe eman zitzaion amaiera ikasturteko azken ekintzari.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07