blogak

Meatzaldetik mundua

Presoak

masde100.000Larunbatean, berriz ere, urtero urtarril hasieran bezala milaka eta milaka izango gara euskal presoen eskubideen alde Bilboko kaleetan elkartuko garen pertsonak. Milaka uholdea eginez senide eta lagunei elkartasuna adierazi eta presoen gaiarekiko konponbidea eskatuko dugunak. Euskal Herrian bere gogortasunagatik presoen egoerak sortzen duen sentsibilitatearen erakusgarri.

Gure herriaren azken mendeetako historian, foruen galeratik aurrera ez da kartzela ezagutu ez duen belaunaldirik izan. Egoera aldatzeko nahia, etorkizun hobe baten ametsa, zapalkuntzari aurre egitekoa, herri moduan asimilatu gabe bizirautekoa… Asko izan dira gure herriko jende ezberdinak kartzelara eraman dituzten arrazoi, amets eta egoerak. Erakunde ezberdinetan edo une konkretuetan autonomoki injustiziak onartu ez dituzten pertsonak. Izan dira sozialistak, komunistak, abertzaleak eta herrizaleak, eta guztiak preso politikoak. Arrazoi politikoengatik izan baitira preso.

Kartzelaren presentzia etengabea izan da gure azken hamarkadetako gizartean eta horrela gelditu da islatua euskal literatura, olerki edo kantuetan. Norberak ere, ze familian jaio garen, ze tokitan ibili, zer pentsatu eta bizi… hurbilago edo urrunago sentitu dugu kartzela. Euskal gatazkaren zurrunbiloan kokatu garen tokiaren arabera guztiok izan dugulako senide, lagun edo ezagunen bat kartzelan.

Horrela izan dut kartzelan egondako lagunak ezagutzeko aukera. Belaunaldi desberdintasunaren gaineko zubia eraikiz ditugu partekatu ideiak, trukatu iritziak, sentimenduak eta elkarrengandik asko ikasi. Hartutako erabakiak zuzen edo okerrak izan, egindakoak makurrak ala baliagarriak, bihotz zabaleko jendea topatu dut, gauzak aldatzeko amets eta nahiak izan dituzten militanteak, unean uneko tresnekin guztia galtzeko prest egon diren gizon-emakumeak eta bizitakoaren gogortasunean oso ikuspegi bereziak garatu dituztenak. Aldaketan batean sinisten dugun guztiontzat gure herrietan dugun aktibo humano ikaragarria.

Denbora aurrera doa ordea, Sarriren bigarren galderako presoak jarraitzen du armiarmari noiz arte galdetuz. Noiz arte? Noiz arte? armiarmaren hariaren luzea bera bihurtuz armiarmaren erantzuna. Bada garaia hari hori apurtzeko, bada garaia estatuen inmobilismoa gainditzeko, bada garaia konponbidera urratsak emateko. Ez dugulako senide eta lagun gehiago errepideetako bidai amaigabeetan loturik nahi. Estatuaren zapalkuntzaren aurrean barruan daudenen nahi eta ametsak askatu nahi ditugulako. Haiek guztiengatik larunbatean Bilbon izango gara. Presoak Euskal Herrira now!

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07