blogak

Meatzaldetik mundua

Korrika meatzaldean. Badator eta badoa.

lekukoaBadator Korrika, iritsi furgoneta, oihuak, irrintzi eta saltoak. Bide bazterreko emozioak, musika, lekukoa eta korrikalariak. Pasatzen den toki guztietan sortzen du zirrara Korrikak, gaueko furgonetako fokoen argipean, lautadako zuzengune luzeetako talde txikian edo hiri handietako tropel jendetsuetan. Jendea elkartzen du Korrikak, herri barnekoak euskararen alde elkartu eta gainontzeko lurraldeetakoekin eskuz eskuko erreleboaren bidez lotu, herri garela sentiaraziz.

Urepeletik ostegunean irtendako lekukoak gaur hartuko du Meatzaldea eta gurean ere beteko ditu bide eta kaleak jendez. Aurpegi ezagunak, ume, haur, heldu eta gazteak… nekaduraz furgonetaren ipurdia urruntzen ikusiz atzean gelditu arte. Badoa Korrika hurrengo arte! Eta zalapartaren ostean badator lasaitasuna eta nago, txanpain botilaren irekitzean bezala, astearteko euskal uholdea ez ote den gure inguruan asteazkenerako bihurtzen itsasoko tanta txiki. Euskararen basoa erdi hutsa edo erdi betea, gure herrietan nola ikusten dugun da gakoa.

(1) Asko aurreratu du euskarak gurean! Hala esan zidan frankismoaren amaieran Trapagarango gau eskolara etorritako lehen euskara irakasletako batek. Gipuzkoako baserri inguruan sortua, Arantzazuko fraide artean euskal kontzientzia harturik, sortu berria zen ETAko fronte kulturaletik misiolari bezala iritsi omen ziren lehen euskara irakasleak gurera. Gure herrian euskara erabat galdurik zegoen, ezkutuan ikurrina eta publikoan euskal dantzak ziren euskaltasunarekin lotura bakar. Berehala agertu omen ziren ordea euskara jakin ez baina ikasteko gogo handia zuten herritarrak eta orduan sortu ziren gau eskola eta ondoren Ikastola Trapagaranen, berreskuratu zuten Santa Ageda kantatzeko ohitura, hasi egiten Olentzero, euskal kantagintzako kontzertuak eta beste hainbat ekimen. Orduko begiez asko hobetu du euskarak gurean.

(2) Bagara baina oraindik ez dugu espaziorik herrian. Orain bagara milaka euskaldun herrian, zenbaitek naturaltasunez baliatzen dugu gure artean, beste batzuk familian ari dira haurrekin, besteak ikasten edo ahal dutenean. Zaila da ordea eta ahul gara Meatzaldean. Ahul gure herrietako gizartean euskarazko espazio naturalik ez dugulako. Nola sortu? Eta nola egin?

Kultura global uniformizatzailearen aurrean alternatiba ikaragarria da euskara. Euskara hizkuntza baino gehiago kultura baten ezaugarri nagusia da, bere mundu ikusmolde, literatura, umore, kantu eta kontuekin. Horrek gaurko gizarte komertzialak sortzen duen identitate krisian, munduari irekita gure ikuspegi propioa garatu, nor garen jakin eta gu geu sentitzea ahalbidetu diezaguke. Gainera kultura “ofizialean” galdurik indibiduoak hartzen duen indarraren aurrean komunitate-kolektibo sentimendua eskaintzen digu euskarak, korrikan bi urtero adierazten den moduan. Kolektibotasuna eta identitatea, hauek izan daitezke agian euskararen ezaugarri indartsuenak etorkizunari begira gaurko gizartean.

Zentrotik urrun, putzu batera botatzen den harriak sortzen dituen uhinak aldentzean txikitzen diren bezala, euskararen kolektibo adierazpenak zein euskal kultur munduaren eraginak oso txikiak dira Meatzaldean. Horregatik sakondu beharko ditugu loturak gainontzeko euskal lurralde eta eskualdeetako jendeekin baldin eta euskal kultura jaso, sentitu, bizi eta haren parte izango bagara.

Herriari dagokionez gero eta euskaldun gehiago gara herrian. Elkar saretu beharko gara hizkuntzari erabilgarritasuna emateko eta espazioak irabazteko. Horrela euskara gehiago erabiltzen dugun neurrian, gure euskal identitate propioa sortuko dugu, Meatzaldekoa, jatorri anitzekoa, nahasketarena, meatzariena, langileena eta kalekoa eta gure jarduna herrian txertaturik naturalduko da.

Trapagarango belaunaldi berriei, guri, dagokigu euskarari heltzea, gogoetatzea, behar berriei erantzun, elkartzea eta aurrera egitea. Aurrekoek egindakoari esker gara gu euskaldun eta posible da orain Trapagaranen euskaraz bizitzea. Ez gaitzan kultura globalak bere barnean ito, ez dadin gaurko uholdea biharko itsasoko tanta bihurtu, ez dadin korrika bi urteroko folklore izan.

The post Korrika meatzaldean. Badator eta badoa. appeared first on Meatzaldetik mundura.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07