blogak

Meatzaldetik mundua

Gerra galdua?

Larunbatean Baionara joango gara, iraganetik etorkizunerako bidean mugarri, Bakearen Artisauen deialdia herri deiadar bezala sentitu dugulako geurean ere. Aurrera doa gure herria, garai berri batera. Horrela ipar eta hego elkarturik bi aldetako herritarrek emango diogu bultzada ireki nahi dugun aro berriari. Etorkizunaz itxaropentsu, historia egingo duen egunaz jabedun eta gure baitako sentimentuei kasu eginez, musika tresnekin joateko asmoa azaldu dugu gure artean. Egun triste edo alaia izango den, musika jotzea egoki ala desegokia den, zenbat bihotz hainbat sentimen, zenbat buru hainbat aburu, berehala hasi dugu eztabaida.bakegile2

Los años de la revolución vasca” deitzen dio gure extremadurako bizilagunak ETAk jardun zuen urteei. Triste dauden lagunen tesiarekin bat, “gure herriak emango duen azken gerra” izan da 80 urteko hemen inguruko mendiko baserritar zaharrarentzat orain zikloz aldatzera doan hau. Izan ere gure herriak 3 konfrontazio aro gataskatsu bizi baititu azken mende eta erdian eta horrela izan da gure mendiko lagun honen etxean ere. Karlistadetan aritua zuen aitite, 36ko gerran miliziano komunista izan zen aita eta ezker bidetik abertzaletasunera hurbildu zen frankismoan gure laguna. Denak izan ziren galtzaile eta denek jasan zituzten erbeste, kartzela edo zigorrak.

Ez da dudarik beraz, azken 50 urtetako konfrontazio armatuak hondar sakona utzia duela jendartean. Gure herriaren historian tendentzia eta kolore guztietakoak izan dira uneren batean edo bestean armen bidez erakunde klandestino edo legalago batean gauzak aldatzen saiatu diren herritar, militante eta ekintzaileak. Meatzaldean bertan azken mende eta erdian asko eta asko izan dira estatuen ordenari oldartzeagatik preso, hil edo zigortuak izan diren, karlista, komunista, sozialista, anarkista, antifaxista edo abertzaleak. Horregatik agian, gure historia borrokalariagatik edo bere atzetik etorritako sufrimenduagatik, armen existentzia sinbolo bihurtua zen erresitentziako sektore sektore askorentzat. Gure mitoen artean mito, etengabe zapaldu arren behin eta berriz altxatzen den herri baten ikur.

Sinboloen gainetik ordea itxaropentsu ikusten dugu askok etorkizuna. Itxaropentsu gizarte aldaketa zein gure herriaren askatasun prozesua zegoen ataka estutik irteera bilatzen jakin izan dugulako. Agian ez modurik onenean, agian ez amesten genuenean baina bai ahal izan dugunean. Osotasunean, modu egiaztagarrian, aldebakartasunez, preso asko kartzelan izanik eta kontrapartidarik gabe, baina bizirik eta etorkizunean gure herria eraikitzeko aukeraz. Hori da irabazi duguna.

Horregatik kantatuko diogu larunbatean iraganari baina bereziki etorkizunari. Popo, Uda, Txabi edo Txikiari, eta ere sufrimentu gutxiagoz sortuko diren biharko kantu berriei. Gure etxeko ordu txikitako parlamentuan, azken unean batek esan zuen agian garai berrian sortuko diren molde berri ez hain maskulinoek eramango dutela gure herria askatasunera. Aukerak mila, bideak beste hainbeste, ez dugu lan makala, hala bedi.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07