blogak

Meatzaldetik mundua

CARRASCOLIENDAS: hirietan identitate kolektiboa sortzeak duen garrantziaz.

Carrascoliendas edo carnestolendas da gure herriko inauteria. Herriko zaharrek kontatu zigutenez oilar beltz bat altzoan hartuta, carrascoliendas kantatuz eskean aritzen ziren etxez etxe lehenagoko garaietan haur eta gazteak gure herrian. Ohitura hau 1930.hamarkada arte Bizkaiko Meatzaldeko herrietan, Barakaldon zein Kadagua ibarrean ospatzen zuten, ordutik ordea ohitura honek indarra galdu zuen, frankismoan debekatuta desagertu zen arte.

Zaharrengandik kantua ikasiz, haien bizipenak jasoz eta oroitzapenetatik abiatuz berreskuratu genituen Carrascoliendas berriak duela 5 urte. Dantza bat sortu genuen, kantua mantendu, eta musikariz lagundurik traktore gainean auzoz auzo ibili. Ez dago gerra aurreko baserririk orain gure herrian, etxeak pisu bihurtu dira eta 600 biztanleko herria 12.000koa da gaur egunean. Horrela industrigune artean, langile auzoetako kale zein plazetan ibiliko gara larunbatean. Ez gara etxez etxe eskean arituko baina urteroko moduan bizilagun eta auzo elkarteek kalera aterako dituzte jan edanak. Euri zein eguzki, kantu, dantza eta kontu elkarrekin une polit bat pasatu, neguari aurre egin eta udaberriko indarrak esna daitezen eskatzeko.

Zaharrengandik gazteetara berreskuratu dugu gure inauteria, ez bereziki folklore edo tradizio ikuspegitik iraganeko ohitura bat berregitea helburu izan dugulako, baizik eta inauteriari funtsa, sustraia eta zentzua eman nahi izan diogulako. Herriko desfile inauteriak ez gintuen guztiz betetzen, herriarekin loturarik gabe ikusten genuen, uniformizatu nahi gaituen kultura globalaren menpe, indar gabe sentitzen genuen inauteri “ofiziala”· horregatik hasi ginen buruari eraginez beste aukera sortzen.

Zaila izaten da inauteri herrikoi bat inguru industrial batean irudikatzea, baina egin genuen, oinarrian pertsonen beharrak berdinak baitira izan baso edo kale, toki eta alde guztietan. Horregatik dugu inon baino beharrezkoago Euskal Herriko metropoli handienaren orbitan, kapitalak guztia erauzi eta jendearen arteko sareak desegituratuen diren tokietan; herriarekin, iraganarekin eta elkarren artean lotzen gaituzten esparru kolektiboak sortzea. Gure barne oreka topatzeko, erakustaldi zein emanaldi prefabrikatuetatik kanpo, dantza eta kantuak naturalki ondo sentiarazten gaituzten eran egiteko. Belaunaldi desberdinen topaleku diren guneak sortu, auzo zein arlo ezberdinetako jendeek elkar ezagutu eta azken finean herria indartzeko. Banaka isolatu nahi gaituen kontsumo gizartearen aurrean, baikara gu, norbait eta zerbait munduan. Gure herri identitatea eraikitzen ari gara, auzolagunen arteko harreman eta bizipenetatik; sormena, ametsak eta ekimena herritarren eskuetara itzul daitezen.  Horretarako egiten dugu Carrascoliendas, industri inguruan ere, udaberria etor dadin eta bizia birsortu, oilar beltzak kukurruku egin dezala, ondo pasa larunbatean.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07