blogak

Meatzaldetik mundua

Arboledan madalena. Meatzaldeko egunik handiena.

Uztailak 22 dugu gaur eta urtero bezala, egun handia da Arboledan. Madalena eguna. Goizean goiz esnatu, hamaiketakoa lagunekin egin, mendian gora abiatzekoa.  Meatoki ohien arrastoen artetik, zulo handi, harroka zahar, zelai ummatuel iritsiko gara Galdameseko Uraiaga ingurura. Mendiak elkartzen gaitu bi aldeetako lagunak, duela ez hain aspaldi gain hauetan elkarrekin bizi izan ziren langile meatzari haien haien oroigarri. Topatuko ditugu jatorri tradizionalez lorez apainduriko lastoko kapelaz heldu diren lagunak, westerrean bezala Texasko sonbrero, praka estu, larruzko jaka eta botak jantzirik zaldiz etorri direnak, rantxera zaharrak abestu edo bertako jotak kantatzen dituzten zaharrak, herrietako gazteak, dantzariak, okupa trobadoreak, abeltzain sasi-klandestinoak edo lehen aldiz iritsi diren lagun berriak.

Meatokien garaian hasi ziren gure mendietako biztanleak ospakizun hau egiten. Esaten dutenez meatzariak goizez lanera joaten ziren, asko Uraiga ingurura. Eguerdian bertaratzen ziren haur, emazte, gazte eta familiak, bertan, Uraiagako kobazuloan baitzegoen eraikita Madalena baseliza. Elkarrekin bazkaldu ondoren, arrats partean batera sartzen zen jendea herrira eta pizten zen festa.

Lehen bezala ariko gara gaur ere, mendian, musikan, dantzan zein oihuz. Kantatuko ditugu kantuak, hemengoak zein hurrunagokoak, hemengoek zein hurrunagokoek osatzen baitugu gure herria. Igoko dugu nekez itzulerako aldapa bortitza eta berriz pauso arinez jaitsi herrirantz. Denak eskutik helduta, zoratu arteko bueltaz, txarangarekin batera Arboledako plazara sartu eta arnasa galdurik, norberak ahal duela, saltoz amaitu arte.

Bitxia da, Arboleda izan baitzen gure inguruan sortu zen azken herria eta esango nuke bera dela nortasun handiena mantentzen duena. Foruen galerarekin batera etorri zen lur komunalen galeraren ondorioz hasi zen gure mendien ustiaketa basatia eta orain Afrikan gertatzen den bezala iritsi ziren bertoko mendietara burdina erauztera zetozen enpresa Ingles, Frantses zein Belgiarrak. Horrela konpainia haietara lanera etorritako milaka pertsonek eraiki zuten Arboleda.

10

Identitateaz ari garenez, duela ez asko, ustez ezkertiarra den herriko lagun batek esan zidan aurrerazaletasuna indibiduoan oinarritzen dela. Zernahi nortasun kolektibo txokokeri bihurtuz, ezerri ez inori lotzen ez den indibiduoa jartzen zuen unibertsaltasun oinarri.  Onartu gabe Athleticekin igandero bizi duena, kotxeko irratian  hunkitzen duten kanta komertzialak edo lagunekin harremantzeko erabiltzen duen zernahi kode, nortasun hegemoniko baten parte direla.

Abertzaleak berriz saiatu gara nola edo hala nortasun kolektiboa sortu eta mantentzen, berpiztu genituen eta zabaldu dantzak, folklorea sortu, kantuak ikasi eta belaunaldi gazteei euskara eman, ez da gutxi. Batzutan ordea urrutiko beste euskal herrietako ereduak hartuz tematu gara euskal nortasun bat bultzatzen, zenbaitetan geure burua baztertuz edo geurea ukatuz, ahaztuz berton duguna.

Gu ez gara Bermeo eta Elantxobe, ez gara ETBren jaien kroniketan azalduko baina Ezkerraldea eta Meatzaldeko herri eta hirietan bagara nor. Gure izaera joan den mendeko burdin meatz eta industria arteko hirietan eraikia da, gure kantuak, historiak, kaleek, eta bereziki jendeen bizipen zein borrokak batzen gaitu. Gure nortasuna anitza da jatorri desberdinez elkartu baiziren lur honetan gure aurrekoak, baina asko gara, bizirik gaude eta horrek egiten gaitu edozein aldaketarako eragile indartsu.

Talde izakiak gara eta elkarrekin konpartitzen dugun nortasunak lotzen gaitu herriari. Nortasun horrek egiten gaitu nor, milaka eurotako jai prefabrikatuen aurrean, kontsumoaren norezean murgildurik nahi gaituen indibidualismoaren aurrean gal ez gaitezen.  Arboledan gutxi izango gara gaur madalena eguna hutsegingo dutenak. 85 urtekoa zein jaio berria, langile zein langabetua, herrikoa zein kanpokoa… hartuko diogu eskua elkarri eta sartuko gara plazan, sokan tiraka, bultzaka, balantzaka, sentituz elkarturik dugun izugarrizko indarra. Kamiseta txuria soinean “sangre minera, semilla guerrillera” oihukatuko dugu gauean. Herri moduan bizi garen gizartean antolatzeko ditugun zailtasunez oharturik, baina erakutsiz globalizazio eta kapitalismoaren zurrunbiloaren erdiagunean, gure barne barnetik, gure berezko nortasunetik sortzen zaigula erresistentzia garraxia. Gure ingurua ezagutzeko, niretzat Meatzaldean egunik handiena, uztailak 22, madalena eguna Arboledan. Ongi etorri. Lurra, herria eta pertsonak.  Garena eta egunero eraikitzen duguna, mundua, Euskal Herria, Meatzaldea.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07