blogak

Meatzaldetik mundua

Abertzale herrizale

Maiatzeko udal hauteskundetara aurkezten den pertsona taldea guztiz berritu du Trapagaranen ehbilduk. Modu honetan aire freskoz alaiago, anitzago, zabalago eta indartsuago aurkezten da ezkerreko aukera abertzalea gure herrian.

Orain 10 urte ezker abertzalea ilegalizazioez jazarririk bere nukleorik txikienean babestuta zegoen. Egoera horretan gaztetxean, euskalgintzan edo auzo mugimenduan genbiltzan gazte batzuei luzatu ziguten bertan parte hartzeko aukera eta lehenagokoen bultzadaz, ezker abertzalearen dinamika eraldatzen hasi ginen.

Herrian eraginkorra izango zen egiazko ezker mugimendu bat sortzea jarri genuen helburu. Bagenekien historikoki sozialismoak sustrai sakona zuela gure herrian eta PSOEk herri proiekturik gabe, balore sozial guztiak aspaldi abandonaturik zituela. Horregatik ikuspegi soziala zuten auzotarren artean handitzeko aukera posible ikusten genuen. Horretarako maila lokalean zentratu genuen gure jarduna. Errepresio – erantzun manifa dinamikak bigarren mailan utzi eta herriko arazoei erantzuten hasi ginen.

Katakunbatik atera eta mugimendua zabaltzeari ekin genion. Auzo eta kaletan lagunak bilatu genituen, herria hobeto ezagutu eta gehiago maitatzen ikasi genuen. Konpromezu maila desberdinak onartu genituen, bakoitzari nahi edo ahal duen eran parte hartzeko aukera luzatuz.

Honekin batera iritsi zen Bildu, jende berri gehiago eta borroka armaturik gabeko egoerak gure bidean sakontzeko aukera eman zigun. Sartu ginen udaletxera eta askoz gehiago garatu genuen gure herriarekiko begirada. Ondorioz herri proiektu bat daukagu orain Trapagaranentzat. Gure bizi behar gehienei erantzuteko ikuspegi sozialez eginiko proposamenak ditugu eta askoz indartsuago gara.

Hamarkada batean asko aldatu eta berritu da gure herrian mugimendu abertzalearen oinarria. Gaur ez dira ikurrina, erabaki eskubidea, independentzia edo sozialismoa gure ezaugarri nagusi. Orain eskolako jantokien kudeaketa, genero berdintasuna, familia-haurren heziketa, hirigintza inklusiboa, auzoetan bizia mantentzea, euskarari arnas ematea edo herriko komertzioaren biziraupena dira gure lan ardatzak.

Etorkizunean, ezkerreko ahal den sektore guztiekin elkarlana sakondu nahi dugu eta gazteriarengan badugu esperantza. Ikusten baitugu berau dela planteatzen ditugun aldaketak gauzatzeko prestatuen izango den sektorea.

Beraz baikor eta ilusioz goaz udal hauteskundetara. Abertzale-herrizale, guretzat herriaren eraikuntzatik pizten baita Euskal Herria.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07