blogak

Meatzaldetik mundua

Abantoko Parke Teknologikoa. Ezkerrak badu eredurik?

Abanton agintariek planteatu duten parke teknologikoak hizpidea sortu du azken hilabeteotan Bizkaiko mendebaldean. Autobideari itsatsiriko landa lurretan 2000 lanpostu sortuko omen dituen 4.0 industria proiektu modernoa dator gurera. Finatziazio publiko-pribatuz energi arloa izango du ardatz. Foru Aldundia, Petronor eta Iberdrola dira ekimenaren sustatzaile nagusiak.

Eskualdeko udal guztietan alkatetza duen PNVko agintarientzat hori izango da gure inguruko langabezia tasa izugarriak amaitzeko antidotoa. Ikerkuntza eta balore erantsi handiko jardun garbia. Alkateek beraz, besoak zabalik egin diote men Sabin Etxeko nagusien proiektu berriari.

Ezkerreko oposizioak berriz, Ehbildu eta Podemosek, parke teknologikoa bai baina kokapenarekin ezadostasunak adierazi ditu. Landa lurrak mantentzearen garrantzia nabarmendu. Horrela Abantotik 4kmra, lehengo industriako lur abandonatuak proposatu du parkea eraikitzeko leku egoki gisa.

Langabezia egoera estrukturala da Bilbotik mendebalderako herrietan. 80.eko industri krisialditik %15etik gorako tasak betikotuak daude gurean. Hau da ikasketa eta prestakuntza apalena dituen Bizkaiko eskualdea eta milaka pertsona dira, emakumeak gehienak, lan baldintza ez onetan merkatalgunetako multinazionalen langile direnak. Horrela, jendeak begi onez hartzen du gaurko lan mundua hobetuko duen edozer proposamen. Hori delako egoeraren larrian, norberaren eguneroko estutasunen gakoa. Horregatik kezkaz ikusten dut aldaketaren indarrek parkearen kokapenaz gain beste proposamenik plazaratu ez izana.

Azken 150 urtean kanpoko enpresa handien langile-morroi izan gara gurean. Ildo beretik dator PNVren proposamena. Unibertsitateko ikerkuntza publikoa enpresa pribatuen zerbitzuko utziz. Bertako ikertzaile eta teknikariak goraki estutu eta baliatuz, berriz ere bertokoen lanaz sortuko den aberastasuna eskualde kanpokoek eramateko.

Horren aurrean gure parke teknologikoak autonomo eta langile txikien beharrei erantzun behar lieke. Bere ardatzetan elikadura eta lurraldea barneratu, eskualdeko erresidentzia eta eskolentzako sukaldea proposatu. Koperatibagintza zein merkataritza txikia indarberritu. Ikuspegi sozial, inklusibo eta generokoa landu eta horren inguruan jardun ekonomikoa sortu.

Gure eskualdeak badu muinean bihotz eraldatzailea, jendartea Bizkaiko beste eskualdeen bestelakoa da. Hemen PNVk irabazten du bera delako jendearentzako bizi proposamena gauzatzen duen bakarra. Has gaitezen pentsamenduak zorrozten, ahal ditugun bezala gauzatzen. Noizbait morrontzatik kanpo, bihotz eraldatzaile ezkertiarrak gailen daitezen berriz gure udaletan ere.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07