blogak

Matematiketan

Azaroan han eta hemen: Arizmendin gurasoekin, Ikastolen Etxean eta Kukumikun

Azken artikuluaren data begiratzen baduzue, ikusiko duzue ia hilabetea egin dudala hemen ezer gehitu gabe. Horrek ez du esan nahi, ordea, geldi egon naizenik! 

Begira, begira!

ARIZMENDI IKASTOLAKO GURASOEKIN

Ikasturte hasieran Arizmendi ikastolako LHko gurasoei aukera eskaini genien matematika manipulatiboen ildoa ezagutzeko eta etxean matematika lantzeko ideiak jasotzeko. Guraso askok erakutsi zuten interesa eta 5 bilera antolatu behar izan ditugu azkenean Azaroan zehar!  Jakin ezazue, gainera, bilera haietan nolabaiteko konpromezua hartu nuela etxean egiteko moduko jarduerak hemen, matematiketan.eus-en, azaltzeko joateko poliki-poliki. Adi, beraz, hemendik aurrera!

Aulki mordoxka dago irudian, ezta? Eta fotokopiak, eta ordenagailua…Eskerrak Miren, Kristina, Maider, Anabel, Iban, Aitor, Anarosa eta Miriam laguntzen ibili zirenari han eta hemen dena prest eukitzeko! (seguru izenen bat ahaztu zaidala…barka hala bada!!)

IKASTOLEN ETXEAN ERE MARTXAN

Iaz 2 irakasle taldekin jardun nuen lanean matematiken ikuskera honek ematen dituen aukerak aztertzen eta leku ezberdinetan dauzkagun esperientziak trukatzen.

Aurten talde kopurua bikoiztu egin da: 4 irakasle talde ari gara martxan gai honen inguruan. Ostegunetan Euskal Herriko bazter askotatik etorrita elkartzen gara Donostiako egoitzan.

Izan ere, gero eta ikastola gehiago dira gai honen inguruan hausnarketa sakonetan ari direnak; matematikaren orainarteko enfokea beharrak asetzeko egokia ez dela ikusita norabide aldaketa egiten ari direnak. Matematika manipulatiboaren errekastoa ibai bilakatzen ari ote da?

Irakasleek lotsa gainditu eta jolas eta dinamiketan parte hartzen dute gogtsu gainera. Eskerrak guztiei!

ARETXABALETAKO KUKUMIKUN

Aretxabaletan badago txoko goxo bat, Kukumiku izenekoa. Han 0-6 adin tarteko umeentzako aterpea eta jolas-lekua eskaintzeaz gain, gurasoondako elkargunea ere topatuko duzue inoiz hurbiltzen bazarete. Bada, han ere egon nintzen, guraso talde batekin ume txikiekin matematiken garapena nolakoa den aztertzen. 

Hemen eskerrak Laurari eman beharrean nago, bere harrera eta arreta adeitsuagatik.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07