blogak

Leihotik ihesi

Zaintza digital ariketa gisa

Argiaren Telegram kanalera harpidetuta bazaude, jakingo duzu hilaren 13an Instagram-ek, bere burua biluztasunaren aurkako terminoetan babestuz, Joxe Arregiren torturen irudia zentsuratu zuela, torturak gertatu eta berrogei urtera.

Baina otsailaren hasiera ere zaila izan zen, digitalki aztertuz, Hala Bedirentzat. Maiteminduen eguna baino bi egun lehenago, Youtube-k Hala Bediren kanala itxi zuen eta ia-ia artxibo historiko garrantzitsu hori gabe geratu ginen. Telegramen bidez ere abisatu ziguten. Zorionez, kanala berreskuratu dute.

Ez da herri mugimenduak nagusiaren hedabideetan zentsura jasaten duen lehen aldia. Azkena ere ez da izango.

Hala ere, aukera paregabea iruditzen zait bi gai jorratzeko: lehenengoa, sarean sartzen ditugun materialei buruzkoa. Bigarrena, partidak beste batzuen etxean jokatzeari buruzkoa.

Materialei dagokienez, askotan pentsatzen dugu Internetera igotzen duguna betiko geratuko dela Interneten, eta jende asko ezagutzen dut, adibidez, Youtube-ra bideo bat igo ondoren disko gogorrean gordetzen ez duena, “Fitxategia Youtube-n duelako”. Akats larria iruditzen zait. Ezin dugu beste batzuen esku utzi (Youtube, Dropbox, Google Drive…) horrelako material garrantzitsua. Zer gertatuko litzateke zerbitzua eskaintzen duen enpresak berau ixtea erabakitzen badu eta horren kopiarik ez badugu? Hondamendia. Zenbat eta zenbat urte zakarrontzira…

Bestalde, beste pertsona batzuen etxean jokatzeak, de facto joko-arau batzuk betetzera garamatza. Normalean arau horiekin ados ez bagaude ere. Instagram-era igotzen diren argazkien biluztasuna neurtzen duen algoritmoaren kasua jende askok kritikatzen duen arau horietako bat da. Eta argi dago kritikagarria dela, baina oso gutxitan lortu dugu Silicon Valley-ko erraldoi teknologikoek (ez ahaztu Instagram Facebook-ena dela eta Youtube Google-ena) herri mugimenduaren eskaerei kasu egitea.

Baina oso bide interesgarria daukagu esploratzeke. Kolektiboa. Autogestionatua. Guk geuk eskaini behar ditugu guk geuk behar ditugun zerbitzuak. Baina ez dut esan nahi Argiak bere Pixelfed edo Hala Bedik bere Peertube muntatu behar dutenik. Esan nahi dut, arlo digitalean ere, elkar-laguntza sareak ehundu behar ditugula, eta sare horiek, komunitatearen mesedetan jartzen baditugu, subiranotasun kolektiboa bermatzen egongo ginatekeela. Eta ertz horretatik eutsi behar diogu burujabetza teknologikoari. Ez hainbeste software librea erabiltzeko, baizik eta ahalduntzeko. Guk geuk adosteko bete nahi ditugun joko-arau horiek. Malguak izateko. Geure etxe propioa sortzeko.

Argi dago doako zerbitzu bat erabiltzea baino deserosoagoa izango dela. Asanbladak, arauak sortu, taldeak dinamizatu, softwarea martxan jarri, ekonomikoki bideragarriak izateko moduak bilatu, autogestiora heldu… baina gaztetxea okupatzen dugunean ere, erosoagoa izan liteke lan hori hartu ordez parkean pipak jatea. Baina autu politiko kontzientea egiten dugu. Gauza bera egin behar dugu maila digitalean, uler dezagun burujabetza teknologikoa zaintza digital ariketa gisa.

Teknologia gaur egun, bere horretan, borroka esparrua delako.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07