blogak

Leihotik ihesi

Whatsapp eta gero, zer?

Ez dut uste gaur idatzi nahi dudan honek aurre-azalpenik behar duenik, baina despistaturen bat egongo balitz, hauxe da jakin behar duena; azken asteotan Whatsapp, Facebook Inc. enpresaren aplikazioak, bere pribatutasun arauak aldatu dituela-eta, zenbait arau berri onartu behar izan dituzte aplikazio hau erabiltzen duten erabiltzaileek.

Horrek kriston eskandalua eragin du. Sare sozialetan ez ezik, kalean ere. Itxosopeteko eztabaidak sortuz eta mezularitza aplikazio libreetara enegarren exodoa erakarriz.

Aurrekoan sarean.eus podcast-eko Leire Palaciosek elkarrizketa labur bat egin zidan Whatsapp ordezkatzeko eskuragarri ditugun aplikazioen inguruan. Egunotan honen inguruan behin eta berriz berba egin dugunez, irrati elkarrizketa horretarako prestatu nituen apunteak erdi ondo borobildu eta blog honetara ekartzea pentsatu dut. Eta hauxe duzue emaitza.

Eta bai, noski daudela Whatsapp bezalako mezularitza sistemak ordezkatzeko moduko aplikazioak, eta ez dira gutxi. Ba al zenekien Whatsapp-en oinarria XMPP izeneko komunikazio-protokolo libre bat dela? Ba hasteko, hogei urte baino gehiago duen protokolo hau erabili zenezake. Horretarako XMPP eskaintzen duen zerbitzari bat behar izango dugu, adibidez Suchat.org edo Disroot eta sarea erabiltzeko bezero bat. Adibidez, Conversations Android-en edo Gajim ordenagailuan. Hori izan liteke, Whatsapp ordezkatzeko erabili genezakeen lehen aukera. Baina badaude beste batzuk. Bigarren adibide gisa, Matrix protokoloa aipatuko dut. Aurrekoaren gauza bera: zerbitzua erabiltzeko zerbitzari bat aukeratu beharko dugu, adibidez matrix.org eta izena eman. Ostean, zerbitzua erabili ahal izateko aplikazioak beharko ditugu, Element.io izan daiteke, bai Android-en zein ordenagailuan.

Nire ustez aukera bi hauek izango lirateke, onenak. Zergatik? Bada, esan dudanagatik: zerbitzaria aukeratu daitekeelako. Zerbitzu deszentralizatu eta federatuen alde egin beharko genuke, burujabetza teknologikoaren mesedetan, ahal dugun guztietan. E-posta helbide bat sortzen dugun bakoitzean gure zerbitzaria aukeratzen dugun modu berean jokatuz. Nork bere gustukoa duen zerbitzari baten izan ditzan bere datuak. Nik adibidez, sindominio.net erabiltzen dut, amiga gisa, bai Matrix, zein XMPP-rako.

Gaur egun, zerbitzu deszentralizatuen alde egitea oso erraza bada ere, egongo da “horrenbeste” lan hartu nahi ez duenik, eta horrentzat Signal bezalako proiektuak erakargarriak izango dira.

Telegram ez da aukera onena. Ez baita erabat software librea.

Whatsapp gabe (kalitatezko bizitza soziala bermatuz) bizi daiteke. Ni eta beste asko, gara horren erakusle.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07