blogak

Leihotik ihesi

Teknologia, herritik eta herriarentzat

Irailaren erdialdean Edward Snowdeni egindako elkarrizketa irakurri nuen El Diario egunkarian. Marta Peirano zen elkarrizketa, bideokonferentziaz, egiten zion kazetaria. Azken hilabeteotan, interneten pribatutasunaren afera aztertzen dituzten liburu oso interesgarriak idatzi dituzten idazle biak klik bateko distantzian (Vigilancia permanente, Edward Snowden eta El enemigo cono el sistema, Marta Peirano).

Halabeharrez irakurri behar nuen elkarrizketa.

GDPR (General Data Protection Regulation) legearen inguruko hausnarketa interesgarriak egiten hasten du elkarrizketa Snowdenek. Titular oso interesgarriak utziz. Hala nola, “Gobernuek beren agintea plataforma teknologiko handien esku uzten hasi dira” edo “Europako Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra ez da eraginkorra izango plataformek urtero beren etekinen % 4 isunetan ordaintzen duten arte“.

Eta zer pentsatu ematen badu ere, ez naiz horretan sartuko.

Teknologiaren inguruan berba egiten dugunean, Marta Peiranok bere liburuaren kontrazalean idatzitako lehen esaldia kontuan hartuz mintzatzen gara teknologia maite dugun – eta eraldatzailea izan daitekeela uste dugun – aktibista askok, ni barne: “Sarea ez da librea, ez irekia, ezta neutrala ere“. Izan ere, nire aburuz, eztabaidaren funtsa ez da teknologia erabili behar dugun edo ez, baizik eta, teknologia horri zein erabilera ematen diogun eta norentzako lan egiten duen. Auzia, askotan aipatu dudanez, ez delako teknologikoa, politikoa baizik.

Estatuek, geroz eta gehiago, interneteko enpresa teknologiko handien zerbitzuak kontratatzen dituzte. Gauza anitzetarako erabiliz. Hauteskundeak manipulatzeko asmoekin ikusi ditugu – eta ez naiz ari EEBBetaz, Espainiar estatuaz baizik -, metadatuetan oinarritzen diren hilketak ikusi izan ditugu eta protestak zelatatzen eta aktibistei izu-ikara sartu nahian, behin eta berriz, ikusi ditugu. Aipatu dudan azken kontzeptuan sakontzearren, kontraesan baten sartu nahiko nuke: zaila egiten zait pentsatzea nolatan, zilegitasun osoa duten protesten aurrean, Internet mozteko prest dauden gobernuak geroz eta gehiago diren.

Edonola ere, Snowdenen Vigilancia permanete irakurtzen nengoela ideia bat berretsi nuen: ezinbestekoa dugu sare banatu eta mikrozerbitzu propioak martxan jartzea – software, hardware eta sare mailan – eta sistemak eskaintzen dizkigunei uko egitea. Hack.in#badakigu-n aspaldi gabiltza hurrengo esaldi hau erabiltzen: “Sistemak eskainitakoari uko egin eta alternatiba kolektiboak sortu”. Orain hamar urte zentzudun leloa zen. Are zentsu gehiago du gaur egun.

Horregatik iruditzen zaizkit hain interesgarriak Errekaleorren joan berri zaigun irailean burutu genuen asanbladaren moduko ekimenak. Etorkizun teknologiko – eta politiko – inperfektuak sortzeko beste bide batzuk eskaintzen dizkigutelako. Bide batzuk, zeinetan, ez ditugula behar berretzi dezakegun.

Izan ere, oso argi daukat: “Teknologia, herritik eta herriarentzat“.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07