blogak

Leihotik ihesi

Mastodon ez da Twitter (lehena, finantziazioa)

Azken egunetan hainbeste jende Mastodonen lurreratu izana eta denbora luze batez bisitan etorri gabe egon direnak Mastodonera itzuli direla ikusteak bultzatuta, eta idazteko hainbeste denbora alfer eramateak, Mastodoni buruz hitz egitera bultzatu nau.

Egia esan, aste hauek apur bat kaotikoak izan dira Mastodonen instantziak administratzen eta moderatzen dituzten pertsonentzat. Instantzia horietako asko behartuta egon dira erregistro berrien onarpena gelditzera edo erregistro-formularioetan eskaerak hobeto kudeatzen lagunduko diguten sistemak ezartzera, Twitterretik etorritako erabiltzaile berrien uholdeak eraginda. Mastodon.eus-en kasuan, ongien ezagutzen dudana, erregistro-formularioan galdera bat sartu behar izan zen. Honela dio: «Zergatik elkartu nahi duzu?». Erantzunetan oinarrituta, alta berriak onartzen edo ukatzen dira. Atzo, ostirala, zenbait doiketa egin behar izan ziren zerbitzariaren konfigurazioan, lan-ilarak pilatzen ari zirelako. Nolanahi ere, zerbitzariak ezin hobeto eutsi zion, baina horren meritua, esan gabe doa, Admin erabiltzailearena da.

Hala ere, esan bezala, Mastodoneko beste instantzia batzuek izen emate formularioak itxi behar izan zituzten, ezin zietelako aurre egin erregistro berriei maila teknikoan, moderazioa mailan edo bietan. Badira iristen zaizkien jakinarazpen guztiak irakurri ere ezin dituzten administratzaileak.

Eta hori, berez, alde handia da Twitterrekiko.

Interneten dena doakoa dela pentsatzeko obsesioa dugu. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da. Mastodon bezalako proiektu bati eusteko, gutxienez, honako hauek behar dira: instantzia muntatzeko zerbitzari bat, berau elikatzeko argindarra, mantentzen eta eguneratzen duen arduradun bat eta moderatzen duen pertsona bat. Egia esan, instantzia askoren kasuan, rol horiek guztiak pertsona berak betetzen ditu. Baita horiek suposatzen dituzten gastu guztiak ere.

Aurreratu dizuedan bezala, instantziak gehinak pertsona partikularren borondatearen bidez mantentzen dira, eta pertsona horiek beraien denbora eta ilusioa jartzen dituzte proiektu horietan. Euskal Herrian eskura ditugun bi instantzien kasuan (mastodon.jalgi.eus eta mastodon.eus), berauek finantziatzeko modu desberdinak daudela esango nuke. Hala ere, ez dut mastodon.jalgi.eus nola kudeatzen duten azaltzeko adina ezagutzen (nahiz eta badakidan Izarkomek kudeatzen duela), beraz, mastodon.eus-en jarriko dut arreta. Mastodon.eus komunitatearen atzean hainbat talde daude: Azkue Fundazioa, PuntuEUS Fundazioa, iAmetza, Talaios Koop., Dinahosting eta Laborategia.eus. 2018ko azaroan aurkeztu genuen proiektua eta ordutik online gaude. Elkarlanean oinarritzen den egitura mota hori, oso urrun dago mutinazional baten estrukturatik. Batzuk zerbitzaria eskuragarri egoteaz arduratzen dira, zerbitzaria beti online eta eguneratuta mantentzeaz, beste batzuk komunitatearen moderazioaz eta batzuk fronte guztietan daude… Bertolt Brechtek esan zuen bezala, ezinbestekoak dira.

Honekin guztiarekin ez dut esan nahi Mastodonen osatzen duen sarea ekilobrio prekario perfektu batean mugitzen denik (gezurretan aritzea ere ez litzatekeena, bestalde). Esan nahi dut, Mastodonen instantzia horien guztien atzean, pertsona batzuk, gehien-gehienak borondatez, eta horrek dakartzan gastu guztiekin, beren denbora, ahalegina eta dirua eskaintzen dutela komunitate digital bat sortzeko. Maila politikoan burujabetza teknologikoan sinisten dutelako.

Twitter milaka langile, nahiz eta gero eta gutxiago izan, dituen sare sozial bat moderatzen duen algoritmo bat da eta sistemarekiko desadostasuna podcast batean porro bat errez frogatzen dela uste duen aberats liberizida exzentriko bat.

Gu, hobeto saretu beharko ginatekeela uste badut ere, elkarlaguntza sareak gara. Twitterrekiko ezta antzik ere.

The post Mastodon ez da Twitter (lehena, finantziazioa) appeared first on Leihotik ihesi.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07