blogak

Leihotik ihesi

Hezkuntzan burujabetza teknologikoaren alde

Blogeko bilatzailea erabili dut Hezkuntzan Librezaleri buruz zenbat aldiz idatzi dudan jakiteko asmoz. Hiru aldiz. Eta gaurko honekin laugarrena izango da. Baina iruditzen zait ezinbestekoa dela kontzeptu garrantzitsu batzuk noizean behin gure burmuinetara berriro ekartzea. Ahanzturan erori ez daitezen.

Hezkuntzan Librezale, neurri batean edo bestean, hezkuntzarekin lotuta gauden, profil desberdineko pertsona talde bat da: senideak, irakasleak, ekintzaileak, hacktibistak, ikasleak… Zerk batzen gaitu? Bada, kezkatuta gaudela ikasgelak digitalizatzen ari diren moduagatik.

Hezkuntza publikoan, zein pribatuan.

Bost dira Euskal Herriko ikasgelen digitalizazio-prozesuaz eztabaidatzen hasteko mahai gainean jarri genituen puntuak. Urte batzuk daramatzagu gai hori lantzen, eta zuetako askok 2019an argitaratu genuen komunikatuaren bost puntuak ezagutzen badituzue ere, baimendu nazazue labur-labur berriz jasotzen.

Bat, gure ikasleen datuak enpresa pribatuen esku uzteak ikasleon pribatutasunaren bermatzea ezinezko egiten du. Bi, bost urteko bizitza bakarrik bermatzen duten Chromebook gailuetan inbertsioa egitea arduragabekeria da. Hiru, euskararen presentzia enpresa pribatuen interes eta gidalerroen menpe uztea gure hizkuntzaren kontrako erabakia da. Lau, ikasleak behin eta berriro tresna berdinen erabilerara mugatzea, hezkuntza digitalaren murriztea da. Bost, hezkuntza komunitatearengan tresna hauekiko dependentzia sortzeko arriskua arazo larria da.

Aste honetako astelehenean, hilak 8, Hezkuntzan Librezale Legebiltzarrean, COVID-19k azkartutako digitalizazio prozesuaz eta gaur egun esku artean ditugun erronkez eztabaidatzeko asmoarekin, ponentzia bat burutu genuen Hezkuntza Batzordearekin. EH Bildu talde parlamentarioak eskatuta.

Ponentzia horren helburua, argia zen, goian laburtu ditudan arrazoiak kontutan hartuta, eztabaida prozesu bat bultzatzeko unea iritsi dela uste dugu. Software librean bezala, jakintza kolektiboa eta estandar libreak bultzatzen dituzten alternatibak egon badaude, eta momentua da digitalizazio zentzudun, jasangarri eta arduratsu baten alde egiteko.

Gizarte gisa eztabaidatzeko aukera daukagu. Burujabetza teknologikoa ala kritikoak diren azpiegitura teknologikoak multinazionalen esku utzi?

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07