blogak

Leihotik ihesi

5G-aren kontra nago (III)

5G ♥ AHT.

Hasiko naiz esaten artikulu hau dela argumentatzea gehien kostatu zaidana. Hala ere, uste dut nahikoa duin geratuko dela aukera bat emateko. Dakizuenez, bi artikulu idatzi ditut azaltzeko zergatik nagoen 5G teknologiaren aurka. Lehenengoan, proposamen kapitalista, desazkundearen ikuspuntutik, aztertzen nuen. Bigarrenean, justizia sozialaren ikuspegitik.

Gaur, sareko abiadurei eta Interneterako sarbideari buruz hitz egin behar dugu.

Indartsu nabil: munduko biztanleriaren erdiak baino gehiagok ez du Interneterako sarbiderik.

Gizarte gisa, erritmo bizian goaz 5G teknologiak eskaintzen dizkigun abiadura infinituetara. Eta bakarrik dabilela uste duenaren segurtasun eta osotasun moralarekin ekin diogu bideari. Hala ere, bideari ekin dioten gutxik ei dakite jende askok ez duela Interneterako sarbiderik izateko aukerarik.

Bi egoera bururatzen zaizkit, norbaitek Internet ez edukitzeko. Lehenik eta behin, bizi den lekura ez iristea. Bigarrena, kontratazioa egiteko behar den dirua ezin eskuratzea. Kontuan hartuta Internetek eskubide bat izan beharko lukeela, eta sekula ez pribilegio bat, iruditzen zait bi aukerak hauek termino politikoetan konpon daitezkeela. Bihar barik. Gaur.

Izan ere, alderdi teknikoei erreparatuz ez du inolako arazorik suposatzen.

Aurrekoan egin nuenaren kontra, ez dut garatze bidean ei dauden herrialdeetara joan beharrik esateko pertsona askok ez dutela Internet kontratatzeko aukerarik. Gogoan dut hirigunetik aparte bizi den baserri batean bizi zen bati, Telefonica-k erantzun ziola: “Ezin dizugu Internet jarri linea bakar baterako ez gaituelako konpentsatzen”. Guifi.net-en kolaboratzen ari nintzela, nik burutu nuen deia. Bizi gaituen sistema madarikatuak ez ditu inoiz pertsonak lehenetsi. Ezta teknologiaren kasuan ere. Guifi.net teknologia erabiliz, Telefonica-ren ezetzari aurre egin genion. Bada, lau hippyek estaldura ematen badiote estaldurarik ez duen eremu bati, nola ezingo du multinazional batek egin?

Ikuspuntu ekonomikoari bakarrik erreparatzen diolako.

Internet kontratatu arren, pertsona askok abiadura txikia baino ezin dute kontratatu (nik neuk, duela hiru astera arte 3 MB nituen). Pertsona horiek beren 3 MB garestiagoak ordaindu dituzte, ekonomikoki, hiriburu batean kontrata ditzakezun 600 MBak baino.

Badakizue? Nire ustez, lehenik eta behin Internet, gaur egun, eskubide unibertsal bihurtu beharko genuke. Eta gauden egoeran, argindarra, bide batez.

Laburbilduz: pertsona eta eremu guztien aukera-berdintasuna bermatzea arrakala teknologikoa handitu baino egingo ez duen beste zera batekin hasi orduko. Orduan konturatuko garelako agian ezin dugula 600 MB edozein lekura eraman eta abiaduran ere desazkundea sustatu behar dugula. Agian, aukera berdintasunaren mesedetan, 20 MBtan geratu behar dugu guztiok, edo 3 MB-tan.

Hori guzti hori egin ahal izateko ahalegin handiak egin ostean, jarraitu genezake inora ez garamatzan 5G-a ezartzeaz hitz egiten.

Euskotren gure auzotik pasatzea behar dugulako. Ez AHT.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07