blogak

Kutxa batean aurkitutako idatziak

Zoriontasuna jomuga.

Egunak joan egunak etorri, ohartzen naiz zeinen garrantzitsua den gure burua maitatzea.

Zenbaitetan, ez dugu gure burua behar bezala epaitzen. Alderdi negatiboei begiratzen diegu (gehietan fisikoa jarriz hizpide), edota bizitzak bere horretan jarraitzea ahalbidetzen dugu, nahi dugun hori garen edo ez ahaztuz.

Ez da erraza izaten barne gogoeta bat egin eta guretzako beharrezkoak diren aldaketak egitea, askotan gure beldur eta bizipenak azaleratzea suposatzen duelako. Honek “arazoak” alde batera uztea ekartzen du, eramaten dugun motxilaren zamaren pixua aldagaitz bilakatuz.

Honek guztiak, sozialki ere badu eragina, gure buruarekin gustora ez egoteak edota hau ez maitatzeak, besteei laguntza ematerako garaian mugak izatea ekartzen duelako “nik ezin dut laguntzarik eman, nik laguntza behar badut”.

Aldaketak beldurtu egiten gaituzte, eta hauek ez ematearren bere horretan jarraitzen dugu, egunerokotasunean ditugun “arazo” txikiak gaindituz, baina barnean dugun hori guztiz ahaztuz.

Denok izaten ditugu gorabeherak geure bizitzekin, denok izaten ditugu arazoak (potolo zein txikiak), denok izaten ditugu aldaketak… baina denok ez dugu hauei aurre egiteko barne indar berdina.

Bizitzan zehar emozio ezberdinak igarotzen ditugu, eta gure jomuga zoriontasunera iristea dela esan dezaket, baina garbi daukat zoriontasuna ez dela beti pozik egotea, ez dela onartuak izateko gure izakera alde batera uztea, ez dela gure arazoak ez gainditzea. Zoriontasuna, triste egotea ere bada, haserre egotea… zoriontasunera ez gara iristen beti pozik aurkitzen garelako, imajinatzen al duzue poztasunak dakarren energia gastuarekin egunero pozik egotea? Lehertuta egongo ginateke. Pairatzen dugun sentipen bakoitzari erantzun bat ematea dela esan dezaket, hauei aurre egiteko dugun modua.

Azken urteotan hori egiten ikasten ari naizela esan dezaket, nire buruari bai, baina batez ere nire bihotzari zer moduz aurkitzen den galdetuz, barnera begiratu eta hau zaintzen saiatuz, emozio ezberdinei aurpegia jarri eta nire gorputzean duten eragina pairatu eta aztertuz. Gutxinaka, honi guztiari aurre egiteko tresnak sortzen ari naizela esan dezaket, eta honek zenbaitetan lur jota egotera bideratu nau, argitasuna ikusteko iluntasunean bizitzen jakin behar delako.

Askoz hobe sentitzen naizela esan dezaket, nire burua maite dudala sentitzen dut. Nire burua gehiago ezagutzen eta maitatzen ari naiz hau egiten dudanetik, akatsetatik hasi eta ditudan alderdi positiboetan indarra jarriz. Barnea zaindu, sentimenduak ezagutu, ditudan akatsak identifikatu eta aurre egiteko tresnak sortzean arazoak gainditzeko tresnak sortzen ditudalako.

Beti izango dugu arima eta gorputzaren arteko lehia, eta gure barnera begiratzeak hauen arteko oreka bat bilatzea esan nahi du, besteekiko dugun jarreretan ere aldaketak sorraraziz: enpatia gehiago, entzute aktiboaren garapena, besteen gorputz zein arimak maitatzeko aukera, etab.

Eta zuk, inoiz pentsatu al duzu gustora zaren? Maite al duzu zure burua?

Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07