blogak

Kutxa batean aurkitutako idatziak

LAU PARETAK

“Ezerezaren lau paretetan finkatu dut gaurkoan begirada. Zelda barruan aurkitzen naiz, jasandako kolpe gogorren ondorioz gorputza minduta dudalarik. Hala ere, nahiago kolpe fisikoak egoera honek eragiten didan ezinegona baino. Eraso psikologikoek atsekabez betetzen naute, isolamendua mehatxu gisa erabiliz. Falta zena, ez dut nahikoa nire ingurukoak nola ote dauden pentsatzen zelda barruko bakardade honekin, gainera isolaturik egoteko.

Behin, preso egon zen kide batek esan zidan: “hiltzeko gogoa besterik ez dut hemen barruan” eta hantxe hil zen ziega barruan ezerezaren lau paretetan gaixotasun gogor batek erailduta, eta beraiek, etsaiek, ez zuten ezer egin, ez zuten etxera eraman gertukoekin azken egunak igarotzeko, ezertxo ere ez: bera eta lau paretak, lau paretak eta bera.

Errealitatearen oihartzunak oroitzera narama, egunero gogoratzen dut nire bikotearen irribarrea, baita kartzelara sartu aurretiko begirada goxo hura ere, eta orain, hamar minutu besterik ez ditut hilabetean bere ahots ximela entzuteko, bera ere preso baitago. Egunero oroitzen dudanaren artean etortzen zait nire txikitxoa burura, berarekin izan, bera Gabe galdu. Niri ikusteko amonarekin ehundaka kilometro egin behar dituela pentsatzen dudan bakoitzean beldur eta tristurak irensten nau, irentsi erotzeraino”

Gaur egun zenbaitetan tamalez bada ere, egoera kaxkar hau ematen da. Ehundaka preso aurkitzen dira ehundaka kilometrotara dauden kartzeletako ziega barrenean. Gutun, telefono dei, eta bisiten bitartez ohartzen dira beraien ingurukoek duten egoeraz, baina betiere errealitatearen zati soil bat ezagutuz.

Harrigarria da bertan egotean izan beharreko barne indarra, hori gabe atsekabeak irentsiko baitzituen hauek. Bakardadea, isolamendua, gaixorik egotea, uneoro buru hausteak, mehatxuak, jipoiak, etab. dira beraiek bizi izan dituzten egoera ezberdinak, eta gu jarri al gara inoiz pentsatzen zeinen gogorrak izan behar diren hauek? Askotan ohera sartzerakoan geure egunerokotasunean gertatzen diren gauzen inguruan pentsatzen jartzen gara, aurretik ekintza ezberdinak egiten ez dugulako denborarik pentsamenduari ekiteko, ez gara geratzen, mila gauza ditugu buruan, eta egoera ezberdinen aurrean hausnartzen dugu: familia, lana, etxeko kontuak, etab. Denbora mugatua dugu hausnartzeko, eta guk, pentsatu al dugu inoiz ziega bateko lau pareten artean zenbat gauzen inguruan pentsatu dezaketen? Zer egingo genukeen guk hauen egoeran aurkituz gero? Eromena. Hitz hori etortzen zait burura. Ez naiz sekula beraien azaletan egon, ez dut inoiz ziega barneko esperientzia makala bizi izan, baina tristurak irensten nau honen inguruan hausnartzen jartzen naizen unean, izugarrizko tortura iruditzen baitzait zenbaitek jasaten duten egoera tamalgarria, izugarria erotzeraino ere.

 

descarga

Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07