blogak

Kutxa batean aurkitutako idatziak

HARREMANAK

Urteak. 26 urte (ditudanak) igaro dira harremanak nolakoak diren entzuten nijoanetik. Eta badakizue zer? Oso kuriosoa egiten zaidala kontatu eta inposatu nahi izan didaten hortatik oso urruti gelditzen dela harremanak ulertzeko dudan nire modua, gutxinaka, denboraren eta esperientzi anitzen poderioz deseraiki eta eraikitzen joan naizen modu hori.

Lehenik eta behin, harreman hitzari ematen diogun konnotazioaren inguruan hitz egitea gustatuko litzaidake, hau gaizki erabiltzen dugula iruditzen baitzait. Ziur nago hausnarketa honen izenburua irakurri duzuenean bikote harreman itxi (eta gainera heteroa) irudikatu duzuela zuen buruan. Hortxe, gizarte heteropatriarkalak inposatu izan digunaren lehen ondorioa: harremanak gaizki ulertzeaz gain, idealizatu egiten ditugu.

Harrigarria egiten zait, gizarte heteropatriarkalak guregan eragiten duen horren potentzia, harremanetaz hitz egiten dudanean lagunen artekoaz, famili artekoaz, lanean sortutakoaz, etab. ere ari naizelako. Inork irudikatu al ditu hauek?

Jarraitzeko, eraikitzen joanen garen harreman guzti hauek nolakoak izan behar diren erakusten digute.

Bikote harremanetan adibidez, maitasun erromantikoa hartzen da oinarritzat. Heteroa eta itxia izateaz gain, zer nolako jokabideak izan behar ditugun zehazten dizkigute, zure bikotea jeloskor jartzen bada, uneoro non zauden galdetzen badizu, zer jantzi behar duzun esaten badizu, etab. Maite zaituen seinale.

Lagun arteko harremanak, berriz, kuadrilan sortutakoak izan behar dira, hau da, txikitatik zoriz ikastolan elkartutako harreman inposatuak. Inoiz jarri al gara pentsatzen benetan bizitzak ikastolan jarri digun “lagun” talde horrekin bat egiten dugun? Konektatzen dugun? Gure zirkuloa osatzeko ezinbestekoak diren? Eta gainera, kuadrilak esaten duen hori egin behar dugu, bestela, “marjinatu” egiten zaituztelako.

Eta horrela, etengabe. Bizitzan zehar ditugun harreman guztiak daude gizarte honek ezarritako jokabide batzuen menpe.

Nik ordea, honen inguruko hausnarketa sakona egin izan dut eta egiten jarraitzen dut urteak aurrera dijoazten heinean, erakutsi didaten hori behin eta berriz erori zaidalako: 14-15 urterekin, kuadrila fusioaren mitoa erortzen zait. Urte batzuk aurrera, maitasun erromantikoarena: Maddi, printze urdinak ez dira existitzen, baina printzesa arrosak ere ez, gainera nahi duzuna eta nahi duzun moduan maite dezakezu, neskak ere (ordurarte inork erakutsi ez didana, gora gure hezkuntza sexual-afektiboa!). Lanean hasi eta hori ere behera joanen da, zergaitik egin behar diozu kasu zure nagusiari arrazoirik ez badu, adibidez?

Honekin guztiarekin esan nahi dudana zera da, urteen poderioz benetako harremanak zer diren ohartu naizela, zaintza harremanean oinarrituak eta guk geuk aukeratu ditugun horiek, alegia. Errespetuan eta elkarrenganako ulermenean oinarritzen direnak, bizitzak eta zaintza erdigunean kokatu eta enpatia abiapuntu bezala hartzen dutenak, nahiz eta beste pertsona batekin harreman bat izan elkarrekiko sortutako harremana zalantzan jartzen ez dutenak, hau da, konfiantzaz janzten direnak, eta batez ere, elkarrekiko sortako hori maitasunetik zaintzen direnak, barnetik, barnera eraginez.

Harremanak natural eta sanoak izan behar direlako bizitzako edozein alorrean, eta ez inposatu eta gidatuak. Barnetik sortzen direlako, elkarrekiko sortzen den lotura berezi hortatik. Ez gara harremanekin jaiotzen, eraiki egiten ditugu. Eta, ezinbestekoa da guretzako kaltegarriak diren harreman kutsakor horiek albo batera uzten jakitea, ez badugu bat egiten ez delako ezer pasatzen, pertsonak anitzak garelako eta aniztasun horretan mundu guztiarekin bat ezin dugulako egin.

Eta, ditugun harreman berezi horien zaintza ezinbestekoa da, konfinatuta gauden honetan, zenbat besarkada botatzen ditugu faltan? Hau bukatzean ez gelditu besarkadak eman gabe, ez eta maitasun hitzak esan gabe. Zaindu ezazu inguruan duzun hori, benetan aberatsa dena hori delako: elkarrekiko lotura eta maitasuna.

Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07