blogak

Kutxa batean aurkitutako idatziak

Bizitza.

Bizitzaren aldaketa segundu batean.

Telefono dei bat eta barnea hankaz gora.

Arnasketa sakona, barneko kontraesanak azaleratuz.

Buruak, indartsua izan behar duzula dio, bihotza hausita duzu.

Denborak guztia sendatzen omen du.

Baina nola sendatu aldatu ezin den egoera bat?

So egin, barnera begiratu, burua gora, bihotza indartu, egoera begiratu, ikusi eta barneratu, aurrera pauso bat egin.

Goxo, mimoz, indartsu, biziki maite duzun eta hain berezia den hori izar disdiratsu bilakatu behar da.

Prest nago?

EZ.

Ezin da horrelako galera baterako prestatu.

Barneak eskaintzen dizkizun sentipenak, penak batez ere, kanporatu, azaleratu, gaiaz hitz egin eta kontziente izatea besterik ez da geratzen.

Ezinezkoa dirudien arren, posible da.

Mugak buruan, sentimendu hormak bihotzean.

Hausteko, umorea, goxotasuna, mimoa eta zaintza.

Denborak sendatzen ez duen arren, denbora bizitzea badago, azken segundurarte.

Heriotza.

Bizitza guztian maitatzeko, babesteko, haserretzeko, besarkatzeko… izan duzun hori joan da. Zure eskutik helduta, lasai eta goxo.

Arnasketa sakona.

Malkoak dariola.

Lasai.

Denborak ezarri duen sufrimendu hori joan da, behingoz.

Eta orain?

Ikastea besterik ez da geratzen, bera gabe egoten ikastea.

Faltan botatzen zaitut bai, baina zutaz oroitzen naizen bakoitzean, zoriontasunez, umorez, musikaz eta irri batekin egiten dut. Hemen, eta orain desagertu zaren arren, nire izate zein barnean bizirik jarraitzen duzulako.

Eta guzti honekin zerbait ikasi badut, zera da aita, zure bihotz guztiarekin maite diozun horri, barnea zabaldu, zaintza bermatu eta maite diozun guzti hori esatea zeinen garrantzizkoa den.

Ahazten ez dena ez da galtzen.

Eta nik beti oroituko zaitut irriz, pozik eta alai.

The post Bizitza. appeared first on KUTXA BATEAN AURKITUTAKO IDATZIAK.

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07