blogak

Kutxa batean aurkitutako idatziak

BESTERIK EZ.

Orain arte egin dudan bizitzaren ibilbidean zenbat erronka gainditu ditudan, zenbat pertsona utzi ditudan eta zenbat gehitu zaizkidan ibilbidea nire eskutik egiteko datorkit oraingoan gogora.

Urteak aurrera egiten dutenean atzera begiratzea ez da erraza izaten, batez ere motxilaren zama pisutxua izan denean. Ohartzen gara zeinen garrantzizkoak diren igarotako egoerak aurrera pausoak emateko garaian noranzkoa zehazten dutenak izango direlako, eta horren arabera beste behin estroputz egin, izugarrizko saltoa eman edo gauden toki horretan geratuko gara. So eginez, hausnartuz.

Edozein gertaera ona edo txarra izan guretzako ikasketa bat dela ohartu naiz denbora gutzi honetan, gure helburuak lortzeko lehen pausoak izanik.

Askotan, gertatzen zaizkigun gauza/pasarte txar guzti horiek eragiten diguten zama negatibo horrekin geratzeko ohitura izanen dugu. Ezin dezaket ukatu hauek ere garrantzizkoak ez direnik, hauek guztiak gabe oraintxe ni naizena izango ez nintzatekelako. Baina, ezin dugu hauetan gelditu. Ezin dugu gertaera txar baten ostean bidegurutzearen noraezean so egin, ezinezkorik ez dagoelako eta barne indarra atera beharra daukagulako oinez, korrika, saltoka edo batzuetan arrastaka aurrera pausoak ematen jarraitzeko.

Bizitzak ezartzen dizkigun erronka gisa ulertzen ditut nik, geure buruak egoera ezberdinen aurrean ezagutzeko eta geure barnearen ha(e)zkuntza bermatzeko, erori gabe ez baitugu altxatzen ikasiko.

Bestalde, pasarte ederrak uzten dizkigu honek ere, oroitzapen xamur, goxo, dibertigarri, maitakorrak utziz gure baitan. Eta, ez al da ederra denboran atzera egin eta laztan bat sentitzea? Irribarreak partekatzen jarraitzea? Uneetara bueltatzea? Barneak mugitzen dizkigutenen lurrikara emozionala pairatzea?

Gainditutako erronkak, gainditzeko dauzkagunak, gainditu gabeak, idazteko ditugun kapitulo berriak sentsazio gazi-gozoez osatuak, aurrera emateko pausoak, atzera bueltatzeko arrazoiak, geldiuneak, galdu ditugun pertsonak, irabazi ditugunak, inoiz joango ez direnak, fisikoki ez daudenak baina daudenak, emozioak, sentipenak, irriak, negarrak… zer izango litzateke bizitza hauek gabe?

… orri zuriz beteriko azalik gabeko liburu huts bat. Besterik ez.

Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07