blogak

Kutxa batean aurkitutako idatziak

ATZERA BEGIRA

Askotan horrela igarotzen dugu gure bizitza, burua biratu eta atzean utzi dugun ibilbidea erreparatuz, aurrean duguna hobea izango ote den edo okerrera joango denaren kezka sortaraziz, orain eta hemen bizitzen ari garena pentsatzeko txokoan bazterturik.

Atzera begira jartzen ari naizen horretan ni neu ohartzen naiz baditudala ibilbidean nirekin jarraitzen duten gauzatxoak, askatzea kostatzen zaizkiten horiek, barne gatazkak edo nire motxilaren zama bilakatu direnak, korapiloak. Bere lotura horretan irakaspen bat ematen digutenak, baina aldi berean askatzeko beharra oihukatzen dutenak. Eta askotan zeinen zaila egiten zaigun hauetan arreta jarri eta askatzea…

Bizitzaren motxila, korapiloz (barne gatazkez) betea aurkitzen den horretan, gutxinaka hustutzea zeinen garrantzizkoa den ere badatorkit burura eta ez da erraza min eman izan dizkiguten gauzak oroitu, landu eta aurrera pausoak ematea. Baina ez gara ohartzen, zenbaitetan begirada atzera botatzeak min ematen badigu ere, aurrera begira pausoak emateko ezibestekoa dela.

Etorkizuna izpide jartzean aldiz, atzeko guztiak duen eraginean pentsatzen dut, azken finean izandakoak eta bizitakoak aurretik dugun bide hori eraikiko baitu, bizipen berri, korapilo, une, irri, maitasun, harreman… berriekin bat eginez. Ohartuz, egunen batean atzerako begirada izango dela.

Eta orain eta hemen, orainaren inguruan hausnartzen jartzen naizen bakoitzean ohartzen naiz zenbat denbora igarotzen dugun atzeko eta aurreko lerro horri begira edo lerro horretan geldirik, aldaketarik gabe, garatu gabe, baina geratuta.

Beste alde batetik, ordea, zera datorkit burura, orainak biltzen dituela oraingo emozio eta sentipenak, gure esku dagoela gure buruarengan arreta jarri eta iraganean min eman digun horren lanketa eginez, etorkizuna eraikitzea. Gure esku dagoela, etorkizunean, atzera begirada botatzen dugun bakoitzean irribarre salatariz oroitzea.

Bizitza ez dela erraza denok dakigu gure neurrian, bakoitzaren bizipen eta historioekin bakoitzak izan duen, izaten ari den edo izango duen hori oso berezi eta pertsonal bilakatuz. Denok ez dugu gaitasun berdina iraganera begirada bota, orainean landu eta etorkizuna kolorez margotzeko, edota eroriz gero altxatzeko.

Nik, ikasi dut eta ikasten ari naiz, erortzen naizen bakoitzean altxatzen, ezin dudanean laguntza eskatzen, atzera begiratzean korapiloak askatzen eta nire etorkizuna eraikitzen. Eta denbora guzti horretan, ohartu naiz, gure ingurua, gureak (ez posesiboki) sentitzen ditugun pertsonak, gure klana, gure familia (nahiz eta odolekoa ez izan) zeinen garrantzizkoak diren.

Gaur ere zaintza harremana azaleratzen dut idatzi honetan, honek duen garrantzia izugarria baita niretzat. Ez dira bi hitz huts, bere baitan maitasuna, etika, enpatia, errespetua, onarpena, komunikazioa, laztanak, irriak, uneak, iragana, oraina, etorkizuna… biltzen dituzten bi hitz berezi eta oinarrizkoak dira, denbora igaroz doan horretan, funtsezkoak direnak.

Zaintza harremanik gabe ez dago ez iragan, ez orain, ez etorkizun xamur, ez goxorik. Ez dago arestian aipatutako baliorik, ez eta bizitzaren ibilbide koloretsurik. Etorkizunean atzera begira horretan ez baitzaigu irri salataririk azaleratuko ingurukoak eta gureak diren horiek gabe, orainak ez baitu zentzurik izango uneak sortu gabe, eta iraganaren zama are eta astunagao izango delako aurrera begira jartzen garen bakoitzean, orainean sorbalda bat ez badugu.

Beraz, zaindu dezagun/gaitzagun elkar, egin dezagun gure bizitza xamurragoa, maitasunetik zaintzara, zaintzatik irrietara, irrietatik goxotasunera, goxotasunetik koloreetara! Eta bizi dezagun oraina, burua biratu eta atzean utzi dugun ibilbidea erreparatzerakoan irri eder batez oroitu eta aurrekoa munduko barne indar guztiarekin hartzeko!

MAITE GAITUT!

The post ATZERA BEGIRA appeared first on KUTXA BATEAN AURKITUTAKO IDATZIAK.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07