blogak

Kontzientzia ala infernua

izabortegiak

Jada balio ez digula uste duguna zabortegira bota ohi dugu. Ala genuen.
Orain, birziklatzera. Bai, ala?

Zer da izabortegia?

iPhone, iPad, iMac, iZabortegi?

Hotz.

izAbortegi.

 

Bero.

Izaki zabortegiak. Izaki abortatuen egia. 

Kontextuan sartzeko, psikologia humanistak diosku osasuna zera dela: sentitu, pentsatu eta egin, bat egitea.
Pirritx eta Porrotxek ere bai, etxeraino ekarri digu, semealaben bidetik.

Sentitu, pentsatu eta egin, guztiok egiten dugu. Bata bestearekin bat dihoazen, ala oreka bat dagoen, hori beste kontu bat da. Kontu zaila, dirudienez. Eta bizi dudanez. Inguruneak baldintzatu egiten bait gaitu. Familiak, lagunek, lankideek, auzokideek, herritarrek…

Inguruarekin ondo egoteko moldatu egiten naiz, normaldu. Egiten naiz baino, egiten dut: nire itxura. Eta normal ez dena ilun da, ezkutatu beharrekoa.
Geure barruan, gorputzean. Gaitz eginez.
Arrazoiaren bidez sentipenak anestesiatuz, desioak itoz eta ekintzak lotuz.

Arrazoia. Noren arrazoia?

Sentitu
Bada jendea izugarri sentikorra dena. Hain sentikor, zeinen izutzen diren. Pentsamenduari gain hartzen dio sentipenak, emozioak. Arte eran kaleratzea lortzen dute batzuek, artistek. Eta egiten ez duenak, barruan jasan ezin, eta “zoratu” egin dela diogu. Arrazoiz kanpo dabilela. Burua anestesiatu baitu. Eta, balio ez digula uste dugu. Burua “joan” bazaio, ez digu balio. Balio ez diguna, zabortegira. Pertsona sentikorrak, emozioak kudeatu ezin eta burua galdu dutenak, zoroetxera. Beteta ditugu. Inguru biolento honetan jasan ezin, eta ihesbidea bilatu dutenak. Eta guk, normalok, etxea eman: zoroena.

Egin
Bada jendea izugarri ekintzailea ere. Asko, buru gutxirekin ekintzara pasatzen direnak. Bidasoan behera Baztanetik Irun aldera natorrenean, tunel arteko tarte batean bada burdinezko eskultura bat, esanguratsua oso: burua falta duelako demaseko gorputzak. Bururik gabeko indarra ikusten dut. Euskal Herrian oso errotutako paisaia humanoa delakoan nago: borrokan beti. Biolento sarri. Orain, balio ez digula uste dugu, elkarrizketa eta elkar ulertze garaiak dira eta. Beraz, enbarazu egiten didaten hauendako espresuki egindako zabortegira: espetxera.

Ikusten, nola selektiboak bagaren? sentikorrak, zoroetxera. Borrokalariak, espetxera. ESPetxera.

Pentsatu, pentsalariak zein etxetan sartzen diren/ditugun.
Asko, idazten. Filosofo edo intelektual ere deitzen diogu pentsalariari. Ezkerrekoak sarri. Balio digula uste izaten dugu. Arrazoizkoak direlako. Pentsatzen badute, badira. Cogito ergo sum. Descartes, hauek libratu dira. Gure epaitik bai, baina boterearen auzitegi nazionaletik ez: ideiak kriminalizatzen baititu botereak: bere interesekin bat ez datozen ideiak, pentsaerak.

Zertaz pensatu, sentitzen ez badut?
Zertarako pentsatu, egingo ez badut?

Nire osasuna, osotasunean daukat: sentitu, horren arabera pentsatu, eta ondorioz, egin. Eta eginak eragiten duena sentitu, eta pentsatu, eta egin. Behin eta berriz. Etengabe. Bata bestearen atzetik egiten dudanean, oztoporik ezarri gabe, jario egiten dut bizitzan. Urak bezalaxe. Be water my friend diosku oraindik ere Bruce Leek. Sentitu-Pentsatu-Egin zikloan jario al zuen?

Gure osasuna, osotasunean daukagu. Guk sentitu, pentsatu eta egin egiten dugunean. Gutako bakoitza “jario” egoerara iritsi bitartean, ezer egiterik ba al daukagu guk, komunitate bezala?

Baiezkotan nago. Zoroetxetan edo etxe zokoetan daudenei, pentsalari intelektualek aditu. Hauek ondorioak atera, eta borrokalari egileei ekintzak zuzendu. Eragina sentikorrek sentitu, pentsakorrek prozesatu, eta egileek egin.
Behin eta berriz, etengabe. Oreka homeostatiko osasungarrian, sentitu-pentsatu-egin-sentitu-pent-eg-s-p-e-s… ekologia zirkularrean.

Berrerabili ditzagun balio ez zigutela uste izan ditugun horiek, sentikor eta egile. Atera ditzagun zoroetxe, espetxe, zabortegietatik. Ekarri ditzagun etxera, geure aitaren eta amaren etxera, geurera.

Eta bai, egiari zor, izan dira eta badira s-p-e perfil integralekoak ere. Tatanka Yotanka, Geronimo, Gandhi, Mandela, Omnium eta ANCko Jordiak joan, Argala, Brouard, Muguruza… gutxi batzuk aipatzearren. Zerrenda luzeegia egin gabe, perfil sentikor, aditu, pentsalari, zuzendari eta egile, gertu ere baditugula ohartzeko.

Anormalduz askatu

Gainontzeko normalok inspiratzeko, arnas hartzeko, iturri garbietatik edateko. Telezaborra eta aktualitatearen normaltasuna utzi ditzagun audientziarik gabe, atera gaitezen epeletik. Badakigu gizon zuriaren arrazoi kapitalak zein destinu opa digun.

Burugabe izatetik burujabe izatera badago aldea. Ekin diezaiogun euskal komunitatearen berreraikitze prozesuari, bat eginik, bat izanik. Gure artean eta besteekin. Sentituz, adituz, pentsatuz, zuzenduz eta eginez.

Martxa baten lehen notak aditzen ditut, sentitu, eta aho kordek bat egiten dute birikak askatasun egarriz asetzeko.

Kanta bizia, maita herria, norbera izarbortegitik atera eta lagunekin izarra ikusiko dugun egira bide eginez.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07