blogak

Kontzientzia ala infernua

Demonocrazy

Hiri adimendunen gaineko CLINES proiektu europarraren baitako jardunaldi batera etorri naiz, gonbidatuta. Itxura polita hartu diot sartu ahala: mahaien antolaketa, jateko eta edatekoak eskura, margoak, paperakā€¦ elkarlan bidezko sorkuntza izango denarena. Informazio eta komunikazio teknologien (IKT) inguruan lan egiten dugun dozena pare bat lagun elkartu gaituzte, bi erronken inguruan ideiak emateko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Partaidetza saileko buru den Joseba Muxikarenak haserretu eta beldurtu nau. Erronka plazaratu aurretik, aurreko legegintzaldiko partaidetza eredua salatu du, porrot handi bezala epaituz. Argudioa: aurrekontuko 20 milioi euro (2 milioi eskualdeko) zertara bideratu 360 pertsonek bakarrik erabaki zutela, prozesu partehartzaile ireki baten bidez.

Partaidetza murritza Joseba, zure irudiko. Kantitate aldetik, egia da bai boto 500 mila pasak boto eskubidea izanda, 360k parte hartzeak irakurketa positiborik ez duela ahalbidetzen. Baina hortik porrotera badago alderik. Jakin nahiko nuke zenbatek erabaki duten Zubietako errauskailurako 770 milioi bideratzea. X-ek? Kalitate aldetik ez daukat daturik, baina susmo bat bai, 360 haien eta X hauen artean alderik badagoela. Interes ekonomikoan batez ere.

Zuk zuzentzen duzun partaidetza sailak 1.42 milioi euroko aurrekontuarekin duen erronka nagusia plazaratu diguzu jarraian: partaidetzarako erreminta informatikoa garatzea. Neurrira egindakoa, noski, garbi esan baitiguzu change.org bezalako plataforma irekirik ez duzuela nahi. Sinistu ezinda nago. Ulertzen dut honekin zera esan nahi duzula: aurreko legegintzaldiko saiakera motz geratu bazen, erreminta egokirik ez izateagatik zela. Horrela uste al duzu? Ziur zaudela dirudi. Sentsazioa daukat foro honetara ez zarela ideiak jasotzera etorri, zuek nahi duzuen eta garatzen ari zareten soluzioa azaltzera, saltzera, baizik. Partaidetza murritzaren zergaitietan sakondu barik.

Eta nire haserrean, delirioan sartu naiz. 300 pelikularen irudiak agertzen hasi zaizkit. Antza denez, 360 haiek gogoan. Jerjes I erregeak emisarioa bidali du bere intereseko helburua bete arazteko, mendekuz Greziar estatuak menpean hartzeko. Hauetako batzuek batek men egin ez diotenez, gerra danborraren doinuz bideratu, organizatu, sinkronizatu ditu bere ejerzitoko milaka gizon, androideak bailiran, Termopilasen barrena bere mendeku gosea asetzeko, bere interes pertsonalerako.

Lehenagoko haserreak eragindako gorputz beroa beldurrak hotzitu dit bapatean. Aurkikuntza txiki bat egin dut: Danborra pertsonak androideak balira bezala manipulatzeko erreminta militarra da. Danborrarekin jotako doinu zehatz bat da, hain zuzen ere, androide martxa eragiten duena, pertsonak pertsonak hiltzeko tenorean ipintzen dituena.

Zein helburu ditu partaidetzarako garatzen ari zareten erreminta horrek? Zeinen neurrira egiten ari zarete? Nork izango ditu danborrarekin doinuak jotzeko makilak? Change.org bezalako danbor irekirik nahi ez baduzue, itxia nahi duzuelako da. Kontrolatua behar du herremintaren erabilerak, arriskutsu ez izateko. Zuen atzekoen interesendako arriskutsu. Kapitala pilatzen dutenendako.

Pertsona kritikoak, autoritatea dutenak, ahotsa izan eta publikoa biltzeari beldur diezuelako. Autoritarismoz aritzea nahiago duzuelako. Besteok baino argiagoak eta kudeatzen hobeak zaretela sinisten duzuelako. Gu informatuak izateaz nahikoa delako, zuek, elite espartarrekook, kudeatzaileok, bai baitakizue besteondako onena zer den, herriak zer behar dugun.

Bai, nire delirioan sortutako fantasia bat da, zentzurik gabea. Ez dut zertan beldurtu. Esna nagoela izandako amesgaiztoa besterik ez da. Baina ez dit lo lasai egiten uzten.

Diru goseak zorotutako tximino baten menpeko androideak izango al gara?

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07