blogak

Komunzki

Kapitalismo birala

 

 

 

 

(Berria egunkariko ‘Iritzia” sailetik eskatutako artikulua, COVID-19 epidemiaren ingurukoa).

 

 

Duela hamar bat urte, Nazioarteko Diru Funtseko ekonomialari ohiak, Kenneth Rogoff aditu (neo)liberal estatubatuarrak, egungo borroka iragarri zuen: «Sozialismoaren eta kapitalismoaren arteko bataila handi hurrena giza osasunaren eta bizi-itxaropenaren inguruan arituko da». COVID-19 epidemia dela eta, bere hitzak gogora etorri zaizkit askotan. Osasuna gudu-zelaia da kapitalaren bataila horretan. Estatu europar bateko presidenteak baieztatu zuen birusak ez duela klaserik bereizten. Alta, ez da egia. Birusak ez daki klase sozialez, baina, kapitalaren klaseari baino lanaren klase desjabetuari gehiago eragiten dio birusak, osasuna eta gorputza arrisku biziagoan jarri dituelako. Epidemiak ez diezagula sinetsarazi kapitalismoan denok berdin-berdinak garela. Ez da egia.

 

Langile klasea lehenengo lerroan egon da epidemian: osasun-langileak, erizainak, medikuak, suhiltzaileak, okinak, laborariak, baserritarrak, abeltzainak, garraiolariak, gasolina saltzaileak, dendariak, kutxazainak, banatzaileak, garbitzaileak, telelangileak, hezitzaileak, ehun-langileak, gizarte-langileak, familia-langileak eta beste horrenbeste. Langileriaren sakrifizioak gizartea bideratu eta aurrera eraman du. Epidemiak egiazko irakaspena azaleratu du: ez dagoela kualifikazio gutxiko lanbiderik, ez dagoela langile ez-gaiturik. Horrela, kapitalismoaren gezur bat deuseztatu da, hots, langileak soberan daudela, gaitasunik edo kualifikaziorik ez daukatelako. Deitutako kualifikazio gutxiko langileak funtsezkoak izan dira gizarte hiper-mega-ziber-teknologiko honetan, beren soldatak eta lan baldintzak oso txarrak izan arren.

 

Lana eta zientzia epidemiaren aurkako erremintarik hoberenak izan dira. Duela gutxi, zientziari eta teknologiari dagokienez, Ignacio Ramonet kazetariak idatzi du COVID-19 epidemian hiru teknika bakunak ezinbestekoak izan direla: eskuak desinfektatzeko xaboia, maskarak ekoizterakoan josteko makina eta konfinamendu/berrogeialdi teknika, alegia. Hirurak oso teknika zaharrak badira ere, inoiz baino erabilgarriagoak izan dira. Ramoneten aburuz, umiltasun ikasbidea izan da. Haatik, ez da egia osoa. Teknika sinpleak baliatu ditugu, baina aldi berean zientzia sofistikatua beharrezkoa izan da, koronabirusaren genomikatik eta matematikatik diagnostiko testetaraino eta ospitaletaraino. Eta ez dugu beste ikuspuntu bat ahaztu behar: SARS-CoV-2 koronabirusa arazo larria izan da, zientziak oraindik txertorik aurkitu ez duelako. Zientzia unibertsalak oinarrizko tresna izaten jarraitzen du.

 

Zientziaren beharrezkotasunak bi auzi utzi dizkigu gaitzean. Bata: eskuineko eta ezkerreko populismo postmoderno eta erlatibistaren aurka, zientzia unibertsala beharrezkoa eta funtsezkoa da, batik bat, oraingo honetan, txertoaren bila. Izan ere, Amerikako Estatu Batuen eta Txinaren arteko lehia berria dugu eremu epidemiologiko eta immunologiko horretan. Bigarren auzia: egungo zientzia ere zeharkatzen du kapitalak. Kasu baterako, Seth Berkley dugu. G7 taldearen laguntza ekonomikoa, G20 taldearena eta Munduko Bankuarena eskatu nahian, GAVI Alliance korporazioaren zuzendari exekutibo horrek martxoan Science aldizkariko webgunean editorial bat plazaratu zuen, COVID-19ak Manhattan Proiektu bat behar du [COVID-19 needs a Manhattan Project] izenburukoa, Bigarren Mundu Gerran bonba atomikoa sortzeko asmoz Estatu Batuek Los Alamos gunean prestaturiko megaproiektu teknozientifikoa gogoraraziz. Zenbait kritika sutsu jaso ondoren, apirilean Manhattan proiektuari dagokion aipamen oro ezabatu zuen, eta testuaren izenburua aldatu: COVID-19ak zientzia handiaren ikuspegia behar du [COVID-19 needs a big science approach]. Zientzia militar-nuklearrari buruzko erreferentzia oro kendu arren, nazioarteko kapitalismoaren interesak eta zientzia korporatibo erraldoia nahasten direnean, big science edo zientzia handi horrek ez dakar inolako jabaltasunik, ezta helburu unibertsalik ere.

 

Kapitalismoa ez da COVID-19arekin desagertu. Zenbait hormetan mezu bat pintatu dute. «Korona da birusa, kapitalismoa da pandemia». Kapitalaren dinamika agerira azaldu da gaixotasunarekin: zahar etxeetan sarraski isila produzitu du sistema ekonomiko liberal horrek. Osasunaren Mundu Erakundeak kalkulatu du Europan epidemiaren biktimen erdia baino gehiago halako egoitzetan hil dela. Halaber, gaitzak kapitalaren azpiegitura erakutsi digu. Izurritearen hedapena moztearren, langile klaseak produzitzeari utzi dionean, enpresaburuak artegatu eta kexatzen hasi dira. Beste behin garbi geratu da aberastasuna sortzen duena langile klasea dela, eta ez kapitalaren klasea. Izan ere, lan produktiboaren etenaldiak greba eskerga baten eragina izan du. Lan produktiborik gabe birusaren hedapena moztu da, eta kapitalismoarena ere bai. Baina hemen beste ikasbide bat datorkigu: produkzio baliabideak eta finantza baliabideak sozializatu barik, kapitalismo biralak darrai. Zenbait esparru politiko, mediatiko eta akademikotan aditu askok Michel Foucault filosofoaren biopolitika aipatu dute epidemiaren eskutik. Alta, biopolitikan klaseak daude, eta klase borroka biralean kapitala nagusitzen ari da.

 

* Gaztelaniazko bertsioa ere irakur daiteke Rebelión gunean.

 

The post Kapitalismo birala appeared first on KOMUNZKI.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07