Euskal erakunde ofizialek urrian zenbatu eta jakitera eman dutenez, kalean bizi diren etxegabeen egoerak txarrera egin du. Euskal Autonomia Erkidegoan 2016an 274 lagun etxegabe zenbatu ziren; 2018an, ordea, 435 izan dira. Zenbaketa duela bi urte baino %58,7 gehiago da. Bilbon eta Donostian handitu da arazo sozial hori azken bi urteotan. 112tik 211ra igaro da Bizkaiko hiriburuan etxegabeen zifra. Azken bi urteotan ere Donostiako etxegabeen kopurua bikoiztu da. Egun 106 lagun etxegabe daude Gipuzkoako hiriburuan. Duela bi urte 48 izan ziren. Datu hauek jakin baino egun batzuk lehentxeago, hautagai donostiar sozialdemokrata batek bere desioa iragarri du: erosketak egiteko eta antzezlan musikalak ikusteko hiri bat nahi duela (Ernesto Gasco Donostiako alkatetzarako berbak honakoak izan ziren: «Yo quiero que San Sebastián sea la ciudad de compras y de comercio como es Londres, yo quiero que San Sebastián sea la ciudad con musicales como también es Nueva York o Londres, yo quiero que San Sebastián sea una ciudad como París donde la cultura fluye por sus calles»). «Europan eta munduan proiektu propioa eta leku propioa» gura ditu politikari horrek. Turista baten begiradan eraldaturiko politika. New York, Londres, Paris, Donostia, kapitalaren homogeneotasun hegemonikoa globalizazioan. Erosketarako kosmopolitismo kapitalistaren musikala. Klase sozialik gabeko gizarte globala, kalean etxegabeak behatzen ez diren hirian. Munduko klasismorik klasistena. Kapitalismo berantiarraren gizakiak.