blogak

Komunzki

Kaosaren demokrazia

 

 

 

 

Bizitzea ez al da oso arriskutsua? lan berrian Joseba Sarrionandiak «desastreen kapitalismoa» gogorarazi digu Naomi Klein saiogilearen eskutik. Neoliberalismoak ez ditu krisiak sufritzen; alderantziz, profitatu egiten ditu jausi egiteko. Kapitalak hondamendiak eta deskalabruak erabiltzen ditu bere probetxurako. Halaxe jazo zen Augusto Pinocheten Txilen, Polonia post-sobietarrean edo Katrina urakanen ondoko New Orleans hirian, alegia. Hondamendiak kausaturiko krisialdia aprobetxatzen du kapitalak, txoke terapia gisa: liberalismo ekonomikoa («laissez faire, laissez passer») eta estatuko indarrak («segurantza nazionala») batzen dira shock doktrinan. Egia da halako paradigma oraindik mantentzen dela, baina harago jo behar dugu.

 

Desastreen kapitalismoa ez dator bat kasualitatez shock doktrinarekin. Kapitala errotik hondamendia da. Kapitalismoaren barruan berrikuntza deskribatzerakoan Joseph Alois Schumpeter ekonomialariak «suntsipen sortzailea» esamoldea baliatu zuen. Eraberritze ekonomiko orotan ausiabartza beharrezkoa da, berritasuna sor dadin. Beraz, desastreen kapitalismoa kapitalaren dinamikan oinarritzen da. Hori esana, bi ondorio gehiago aintzat hartu behar dira. Bata: kapitalismoak bere-berezkoak ditu krisialdiak. Bertzea: kapitala baliatzen duen klasea iraultzailea da, suntsipen sortzailea produzitzen duen heinean. Hemen Karl Marxek eta Friedrich Engelsek Agiri Komunistan ziotena ekarri behar da gogora: feudalismoa suntsitu eta Antzinako Erregimena irauli ondoren, burgesia klase iraultzailea da. Ezker berriak azken auzi hau ahaztu du maiz.

 

Egun iraultza populista atzerakoi berri bat abiarazi dute Steve Bannon eta Aleksandr Dugin bezalako ideologoek, sozialdemokraten eta liberalen paradigma globala gainditzeko asmoz. Elkarrizketa berri batean Dugin berak deskribatu du: «Egun burgesia ez da ez eskuinekoa, ez ezkerrekoa: liberala da. Gaur liberalismoa ekonomikoki eskuindarra da, eta moralki ezkertiarra. Abortua, aurrerakoitasuna eta kapital handia. Horixe da, hain zuzen ere, globalizazioa: Hillary Clinton, Europar Batasuna… Defendatzen dudan populismoa preseski aurkakoa da: ekonomikoki ezkerrean, balio atzerakoi tradizionalekin bat. Liberalek bi alde hauek bertan behera utzi dituzte».

 

Eskuin-muturrekoek populismoa barneratu eta moldatu dute bere erara, bai Bannonen «nazionalismo ekonomikoaren» bidetik, bai Duginen «laugarren teoria politikoaren» bidetik. Bannon, kasu baterako, Marine Le Penen Fronte Nazionalaren aholkularia da, baita Vox alderdiarena ere: Washingtonen harremanetan hasi eta gero, Voxek iragarri du 2019ko hauteskunde-kanpainarako gonbidatuko duela urtea bukatu baino lehen. Bestetik, Duginek Marine Le Penen alde ere idatzi du, eta duela gutxi gonbidatua izan zen populismoaren metafisikaz mintzatzera, eskuin-mutur espainiarraren eskutik. Bannonek eta Duginek, biok, Matteo Salvini presidentearen gobernua ere goretsi dute. Esan gabe doa iraultza kontserbadore horren indarra ez dela zeruetatik eroria: Bannonen arrakasta ez litzatekeela Donald Trumpen Estatu Batuak gabe existituko, eta Vladimir Putinen Errusia gabe Duginena ere ez. Halaber, ez da ahantzi behar Marine Le Penen atzean oraindik pétainismoa daukagula, eta Santiago Abascalen atzean frankismoa ere bai, baina pitinka-pitinka demokrazia liberala menperatzen eta gainditzen ikasten ari dira.

 

Kapitalismoa ez da desagertuko, beste fase batean sartuko da: kaosaren demokrazian. Alde batetik, pertsonaia horiek liberalismo modernoa eta populismo posmodernoa kritikatzen dituzte gogor, baina aldi berean ez dute gogorik kapitalismoa desager dadin. Protekzionismo ekonomiko nazionalista bultzatzen dute, xenofobia ere bai, kapitala eta jabetza pribatua kolokan jartzeke, zenbait keinu liberal (zergen jaitsiera, esate baterako) errepikatu ondotik. Zabaltzen duten propagandaren aurka garbi esan behar da ez direla ezkertiarrak, ez ekonomian, ez balio sozialetan. Eskuin-mutur orok bezala interes handia daukate eskuinaren eta ezkerraren arteko ezberdintasuna lausotzean. Bestetik, kapitalak olatu hau profitatu du bere onurarako. Andaluziako hauteskundeetan Voxen gorakada izan ondoren, Espainiako egunkari ekonomiko batek –kapitalaren klasearen ahots liberalak– lehen orrialdean hurrengoa publikatu zuen: «Alderdi Popularrak, Ciudadanosek eta Voxek zergak jaitsi gura dituzte Andaluzian». Nahita eskuin-mutur berriak demokrazian sartu duen puntu anarkiko eta «politikoki ez zuzena» bultzatuko du kapitalak, baina oraingo honetan ez da liberalismoaren shock doktrinatik bideratuko, anabasaren demokraziatik baizik.

 

Mendebaldeko alderdi ezkertiar berrituaren prototipoa, ekologista-feminista-antikapitalista-populista-aurrerakoi-demokrata, ez da nahikoa izango iraultza kontserbadorearen boladaren aurrean, ezta kapitalaren suntsipen sortzailearen aurrean ere. Lagin baterako, txaleko horien mugimenduak François Ruffinen eta Didier Eribonen mélenchonismoa ustekabean harrapatu du. Emmanuel Macron presidentearen liberalismoak inposatu nahi zuen erregai-zergan langile-klase desjabetuak ez du inolako ekologismo berririk ikusi, betiko kapitalismo suntsitzailea baizik. Azkenaldian aditu liberal bat baino gehiago «demokraziaren konplexutasunaz» aritu da. Alta, egungo demokrazia ez da konplexuegia arrasto materialei eta kapitalaren prozesuei jarraitzen badiegu. Espontaneismo boluntarista, elektoralismo telezuzendua eta helmenik gabeko erreformismoa izan dira ezker parlamentarioaren tresnak. Kapitalaren kaosaren demokrazia anarkikoan ezgaiak dira. «Gu, faxistok, benetako anarkista bakarrak gara, jakina, estatua geureganatutakoan. Izan ere, anarkia bakarra boterearena da» entzuten da Salò o le 120 giornate de Sodoma filmean. Pier Paolo Pasoliniren ohartarazpena aintzakotzat hartu beharko genuke. Oso arriskutsua da kaosaren demokrazia.

 

 

* Artikulu hau Berria egunkarian karrikaratu zen.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07