blogak

Komunzki

Guda kultural materialista

 

 

 

 

Ideiak gertaera materialak direla ahazten da askotan. Unibertsala entelegatzeko, artikulatzeko, moldatzeko eta adierazteko tresna materialak dira ideiak gizarte batean. Alta, ideien bide materialista gutxietsi dute modako korronte politiko eta kulturalek egun. Razmig Keucheyan Bordeleko Unibertsitatean soziologia irakasleak gogorarazi digu ‘Les idées suffisent-elles à changer le monde? Ce que la bataille culturelle n’est pas’ artikuluan, Le Monde Diplomatique dela medio (badago euskarazko bertsioa, Manu Robles-Arangiz Institutua kultur fundazioaren webgunean: ‘Aski al dira ideiak mundua aldatzeko? Guda kulturala zer ez den’).

 

Edozein joeratako ezkerrean ideia arriskutsuak hedatu dira, politikoki egokiak iruditu arren. Horien artean guda kulturalarena daukagu. Guda kulturalaren inguruko argudioa ez da faltsua izatez –dio Keucheyanek–, baina estrategia politiko problematiko batera darama, Antonio Gramsci eta bere ‘hegemonia’ kontzeptua presaz irakurri ondoren. Ideia sinplea da: politika, azken buruan, kulturan datza. Horretarako hiztegi politiko berria eta mundu ikuskera berria beharrezkoak dira. Hasiera batean ezin hobea dirudi ideia horrek Facebook eta Twitterren garaiotan, non webgune batean iruzkin bat edota txio sumindu bat jartzea ekintza politiko nagusi bihurtu den, ordenagailuaren pantailaren aurrean etxetik politika aise egin daitekeelakoan, edo gero eta gutxiago saltzen diren egunkarietako zutabeetan argitaratutako eskariek eta mendekuzko iritziek Interneten bidez munduari bira emango diotelakoan.

 

‘Guda kultural’ adierazpenak arrakasta izan badu, hipotesi bategatik izan da: hipotesi horren arabera, azken hamarraldietan eskuinak bere ideiak inposatu ditu, neoliberalismo ekonomiko eta moral kontserbadorearen arteko nahasketan, non orain murgilduta gauden. Baina, Keucheyanen aburuz, eskuinak ez zuen benetan ‘guda kulturala’ irabazi beharrik izan, bere sorreratik bertatik datozen kategoriak, hala ekoizteko bitartekoen jabetza pribatua nola merkatu-ekonomia, ez baitira funtsean zalantzan jarri 70eko hamarraldi erditik hona. Hamarkada horretatik kapitalismoak eraldatze handiak izan ditu: finantzarizazioa, Ekialdeko blokearen hondoratzea eta eskualde hori munduko ekonomian barneratzea, Txinaren kapitalismoranzko bira, desindustrializazioa, langile mugimenduaren krisia, Europaren eraikuntza neoliberala eta beste horrenbeste. Testuinguru horretan, krisialdi eta sistemaren berregituran, eskuina prest zegoen abagunea profitatzeko. Beraz, guda kulturala aipatzen denean, eskuinaren eta klase kapitalistaren oinarri materiala ahazten da: finantzen eta ekoizpen-bitartekoen jabetza, langile klaseari eginiko erasoa, industriaren desitxuratze basatia globalizazioan, merkatu-ekonomiaren indarkeria. Halako aldaketak ez dira hashtag batekin edo change.org kanpaina batekin borrokatzen, ezta George Lakoffen marko mentalekin ere. Horretan eskuin oro ezker progre eta galdu guztiak baino materialistagoa eta errealistagoa da.

 

Hegemonia liberal berria soilik azaleratu zen indar ezkertiar eta progresistak objektiboki ahuldu zituzten aldaketa estrukturalen ondoren. Liberalismoaren ideien itxura ez da indartsuagoa argudioen aldetik, baizik eta egungo oinarri materialaren aldetik, iraganean beste aukerak suntsitu ostean. Liberalismoaren ideologia ez da normalagoa, ezta naturalagoa ere. Normala eta naturala dirudi bere mundu ikuskerak ekonomia materialez mundu-mota hori naturalizatu eta normalizatu duelako, lehengo indarkeria kapitalista eta klaseen arteko borroka oro ezabatu edo kamuflatu arte. Horixe da ‘gudu kulturala’ egunero ahotan izaten duten askok ahaztu dutena. Ideien guda irabaztea ez da nahikoa sistema aldatzerakoan, gehienbat klase sozialen eta kapitalaren egituraketa zokoratzen denean. Batzuetan gizartearen dinamika gehiegi sinplifikatzen da idealismo populista eta sinplista batetik. Halaxe jazo da azken urteotan, Keucheyanen berbatan:

 

«Ikuskera honen adibide beteginak dira Ernesto Laclauren eta Chantal Moufferen teoriak, Podemos eta La France Insoumise inspiratu zituztenak. […] Komunisten oinarria langile klasea eta klase aliatuak izaten ziren, batez ere nekazariak eta klase ertainetako sektore azpiratuak. ‘Bloke sozial’ horri zuzentzen zitzaizkion langile-prentsa eta koadro gidarien eskola. Baina zein da La France Insoumiseren jomuga? ‘Mundu ikuskera’ batek indar politikoa izaten du beste klase batzuei aurre egiten dion klase-koalizio batean oinarritzen denean. Ikusteko dago zeintzuk diren etorkizuneko ‘bloke sozial’ horren ezaugarriak».

 

Keucheyanek ohartarazten digu halako korronteetan Gramsci gaizki irakurri eta ulertu dutela. Modako interprete batzuek adierazten dutenaren aurka, Gramscik sekula ez zuen ‘guda kulturala’ klase-borrokaren nukleo bilakatu nahi izan. Bere garaiko marxismotik, ekintzaile italiarrak ez zuen ‘fronte kulturala’ besteen gainetik jarri gura izan. Dagoeneko badiren fronte ekonomiko eta politikoarekin fronte kulturala artikulatzea izan zen bere ideia. Gramscik ‘kultura’ deitzen dion hori ez da egun hitz horrekin aipatzen ohi dutena. Hegemonia kulturalaren aldeko borrokak ez du esan nahi intelektual edo gidari ihardukitzaileek hedabide nagusietan etengabe aritzea, ezta pop musika alternatibo berria sortzea ere. Gramsciren azterketetan, sindikalista sarri fronte kulturalaren lehen lerroan egoten ohi zen. Antolatzen dituen borrokak direla medio, indar-erlazioen bilakaera eragiten du sindikalista batek, beste mundu bat posible dela ikusaraziz, Gramsci eta Keucheyanen iritziz. Azken horrek honela amaitu du bere analisia, 2017ko abenduan Onet garbitasun enpresako langileek Parisko eskualdean izandako greba gogoan:

 

«70eko hamarralditik hona kapitalismoak izandako eraldaketa estrukturalek langile klasea aldatu egin dute. Egia da klase hau ez dela desagertu; anitzagoa bihurtu da, ikuspuntu sozial, etniko eta espazialetik begiratuta. ‘Ideien guda’ egitea klase herritar berri hauek politizatzea da, Oneteko langileen moduko borroken bidez. Hauen garaipenak erakusten du gertagaitza dena posible izan daitekeela. Horixe da ‘fronte kulturala’, fronte ekonomiko eta sozialarekin artikulatua. Agian ez dakite, baina Oneteko grebalariak dira Gramsciren benetako oinordekoak».

 

Keucheyanen analisitik haratago joan nahi nuke orain. Laclau eta Mouffe bezalako egileen irakurketa onartzen denean, Gramsci modu okertuan ulertzeaz gain, maiz asmo maltzurra nabaritzen da. Askotan zenbait akademizismo posmodernotan ‘hegemonia kulturala’ eta ‘guda kulturala’ bezalako kategoriak erabiltzen dira sindikatuen eginkizun historikoa eta langile klasearen garrantzia errefusatzeko edo arbuiatzeko asmoz. Ezker berriaren barruan modan dago halako interpretazio partzial eta okerra, funtsezko gako eta ardatzak ahaztuz: antagonismo oro ez dela klase borroka, klaseek zeharkatuta dagoela ‘herria’ kategoria, kapitalaren hegemonia klasista dela, sindikatuen lekua ezinbestekoa dela, sindikalismoa eta langileria ere kultura direla, eta, azkenik, gizarte orotan mekanismo materialak ulertu eta bultzatu behar direla idealismorik gabe. Bitartean, eskuin zaharrak eta berriak tresna material eta klase-bide oro erabiltzen dute, ekoizpen-bitartekoen jabetza baliatuz, langileria zatitu eta sindikalismoa eskuperatu nahian.

 

Nire idazlana bukatu aitzin, Gramsciren egile garaikide baten poema bat ere gogora ekarri nahi nuke. Luzea da, baina merezi du osorik aipatzea, nire ustez XX. mendeko olerki gorenen artean baitago. New York (bulegoa eta salaketa) da izenburukoa, Federico García Lorcak izkiriatua, Juan Luis Zabalak euskaratua:

 

«Biderketen azpian

ahate-odol tanta bat dago;

zatiketen azpian

marinel-odol tanta bat dago;

batuketen azpian, odol samurrezko ibai bat;

Errebaletako logeletatik barrena

kantuan datorren ibai bat,

eta zilarra dena, zementua edo brisa

New Yorkeko egunsenti gezur esanean.

Mendiak existitzen dira. Badakit.

Eta jakintzarako betaurrekoak.

Badakit. Baina ni ez naiz zerua ikustera etorri.

Odol uherra ikustera etorri naiz,

makinak urjauzietara

eta espiritua kobraren mihira eramaten dituen odola.

Egunero hiltzen dituzte New Yorken

lau milioi ahate,

bost milioi zerri,

bi mila uso hilurren direnen gusturako,

milioi bat behi,

milioi bat arkume

eta bi milioi oilar

zerua birrinduta uzten dutenak.

 

Hobe da aiztoa zorroztuz negar egitea

edota zakurrak erail ehizaldi haluzinagarrietan,

egunsentian esnezko tren

amaiezinak jasatea baino,

odolezko tren amaiezinak

eta lurrin-saltzaileek eskuak lotu dizkieten

arrosaz egindako trenak.

Ahateek eta usoek

eta zerriek eta arkumeek

beren odol tantak jartzen dituzte

biderketen azpian,

eta estututako behi zapuztuen marru lazgarriek

saminez betetzen dute

Hudson olioz mozkortzen deneko harana.

 

Beste erdiaz deus ez dakien

jende guztia salatzen dut nik,

ahazten diren animaliatxoen

bihotzek taupada egiten duteneko

eta zulagailuen azken festan

guztiok eroriko gareneko

bere zementuzko mendiak altxatzen dituen

erdi berrerosiezina.

Aurpegian ttu egiten dizuet.

Beste erdiak entzun egiten nau

irensten, pixa egiten, bere garbitasunean hegan egiten

zotz txiki hauskorrak

intsektuen antenak herdoiltzen direneko

hutsuneetara daramatzaten

atezaindegietako haurrek bezala.

Ez da infernua, kalea da.

Ez da heriotza. Frutadenda da.

Ibai hautsietako eta distantzia atzemanezinetako mundu bat dago

katu horren hankatxo automobil batek hautsitakoan,

eta nik zizarearen kantua entzuten dut

neska koxkor askoren bihotzean.

Herdoila, hartzigarria, lur dardaratua.

Lurra bulegoko zenbakietan igeri egiten duzun zu zeu.

Zer egingo dut? Paisaiak ordenatu?

Gero argazki diren amodioak ordenatu,

gero egur puska eta odol ahokadak direnak?

Ez, ez; nik salatu egiten dut,

nik agoniak irratiz ematen ez dituzten,

oihaneko programak ezabatzen dituzten

bulego mortu hauetako

araoa salatzen dut,

eta neure burua eskaintzen dut estututako behiek jan nazaten

beren oihuek Hudson olioz mozkortzen deneko harana

betetzen dutenean».

 

Surrealismoaren eta materialismoaren arteko poema hori laket dut. Surrealismoaren bidez errealitatea poetizatzeko gai da idazlea eta materialismoaren bidez errealitatea salatzeko gauza da. Eite surrealistatik zeru birrindua, zementuzko mendiak eta zizarearen kantua dauzkagu hor. Jite materialistatik hor ere herdoila, hartzigarria eta lur dardaratua. New York bezalako hiri kapitalistan lan mundua daukagu: bulegoak, dendak, kaleak, makinak eta «Hudson olioz mozkortzen deneko harana». Mundu hori bi alderdiren artean erdibituta dago, bi klaseren artean zatituta. Eta olerkariak parte hartu du klase baten alde, animalien triskantza, ahate-odol tanta, marinel-odol tanta, odolezko tren amaiezinak direla bide. Halaber, olerkariak badaki zein den bere lekua eta bere salaketa mugatua dela: «Zer egingo dut? Paisaiak ordenatu?». Haatik, bere jarrerari eutsiko dio: «Ez, ez; nik salatu egiten dut». Kapitalaren kontabilitatearen biderketen azpian, zatiketen azpian, edo gainean, hegemonia salatzen du nahasmen kultural, sozial eta ekonomiko horretan, populismo eta idealismorik gabe, surrealismo eta materialismotik guda kultural materialistaz kontziente. XX. mendeko hegemoniaren aurkako borroka materialean bizia galdu zuten gure bi lagun, Antonio Gramsci eta Federico García Lorca.

 

 

* Artikulu hau JAKIN aldizkarian karrikaratu zen.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07