blogak

Komunzki

Gaurko ezker porrokatuaren heraldoak: Joseba Sarrionandia eta Joxe Azurmendi behelaino artean

 

 

 

 

(Honako idazlana 2019ko abenduaren 12an San Telmo Museoan “Euskal pentsamenduaren ur-jauzia” izeneko kongresuan emandako hitzaldian oinarritzen da, Joxe Azurmendi filosofo eta pentsalariaren omenez).

 

 

«Perfekzionatzea azkenik gabekoa baldin bada, inperfekzioa ere azkenik gabekoa da». Esaldi honekin Joxe Azurmendik bere inperfekzioaren filosofia defendatu zuen Gizaberearen bakeak eta gerrak idazlanean [Azurmendi, GBG, 31]. Nire hitzaldia inperfektua izango da ezbairik gabe, baina omenaldi bat izan dadin asmoa daukat, belaunaldi batean edo bitan Joseba Sarrionandia eta Joxe Azurmendi bezalako sortzaile miresgarriak irakurriko ez direlakoan. Biok nabarmendu dira egungo dinamika sozialak aztertu dituzten adituen artean. Gaurko gizarte liberaletan kapitalak inposaturiko nagusitasuna aztertzeko tresnak eman dizkigu, ezker porrokatua agerian utziz. Bion artean loturak eta eztabaida izan arren, beraien estrategiak ezberdinak dira. Zenbait puntutan bat etortzen dira, beste zenbaitetan ez. Berbaldi honetan Sarrionandiaren eta Azurmendiren ekarpenak arakatuko dira. Sarrionandiak 2015ean Lapur banden etika ala politika liburu bihurtutako hitzaldi bat eman zuen, Moroak gara behelaino artean? idatzi ondoren. Urte berean Nazioa, hizkuntza, estatua liburu bilakatutako hitzaldia eman zuen Joxe Azurmendik, Arraza, nazioa, estatua izkiriatu ostean. Egungo ezkerraren krisialdiari atxikitako zenbait ondorio sortuko da, halako ildo gurutzatuari erreparatzen badiogu.

 

1- Lapur banden etika edo politika (neo)liberala

 

Filosofia politiko modernoa, Joseba Sarrionandiaren arabera, hamazazpigarren mendean deskubritu zen kontzeptu batekin abiatu zen [LBE, 64]. Ordura arte, erlijioagatik, amodioagatik edo harrokeriagatik hiltzen omen zuten elkar. Orduan, filosofia burgesak munduko pasio berria deskubritu zuen: «interesa». Dendarien interesa egoista edo berekoia hartu zuen ikurtzat Aro Moderno europarrak. Dendarien eta merkatarien gaineko eredutik eraiki zen filosofia politiko modernoa. Interes ekonomikoa izan zen gako berria, kapitalismo jaioberriaren menpean gizartea demokratizatuko zuena. Lortutako emaitzak, ordea, ez zuen oreka sozialik ekarri. Sarrionandiaren berbatan:

 

«Hala onartu zuen Ilustrazioak “interesa” filosofia sozioekonomikoaren oinarri legez, “interesen oreka” imajinatuz, interesa bakearen garantia izango zelakoan eta, batzuk aberasten eta besteak pobretzen zirela ikusita ere, denborarekin mundu guztia burgestuko zela kalkulatuz, beharbada. Ikuspegi idiliko hori laster zapuztu zen, kapitalisten diru egarria ez baitzen dendari umilaren izarikoa, baizik neurriz gainekoa» [LBE, 64].

 

Sarrionandiaren genealogia historikoari jarraiki, hamazazpigarren mendean, interesek eragindako liberalismoa dela medio, inperioak eta esklabotza hedatu ziren munduan barrena. Hemeretzigarren mendean fabrika «langilejaleak» eta «kontsumo-ondasungileak» zabaldu ziren Europan bertan. Hogeigarren mendean gauza bera, baina fabrika, kontsumo eta gerra gehiagorekin. Hogeita batgarren mendearen hasieran atzoko dendarien eta merkatarien interesa gaurko oligarkia finantzario eta industrial handien «interes» neurrigabe eta gupidagabeen zerbitzura geratu dira [LBE, 64-65]. Adam Smithen merkatuaren «esku ikusezin» erraldoiak itotzen gaitu egun (aspalditik Karl Marxek Smithen filosofia merkantilista burgestua gaitzetsi zuen: «gizartea, dio Adam Smithek, merkataritza-enpresa bat da; horko kide bakoitza merkantzia da» [IH, 103]). Esku horrek politika klasikoa ere suntsitu du. Interesen megamakinaren erabakiak ez daude ja ez dendarien, ez herrien eskuetan. Erabaki garrantzitsuenak korporazio handien eta botere finantzarioen esku ikusezinak hartzen ditu. Politikarien lana erabaki horiek kudeatu eta herritarrak kontrolatzea da [LBE, 66]. Halako funtzionamendua lapur banden etika da egungo demokrazia liberaletan. Etika kapitalista eta demokratiko liberal horretatik lapur txikia arbuiagarri eta txarra da, lapur erraldoia errespetagarri eta ona da. Sarrionandiak Txirrita bertsolariaren hitzez argitzen du:

 

«Lapur txikiyak kastigatzeko

non-nai badago kartzela;

aundiak or ikusten ditut

paseoan dabiltzala…» [LBE, 66].

 

Lapur banden etika klasiko bat izan da historia politiko unibertsalean. Moroak gara behelaino artean? lanean Agustin Hiponakoaren adibidea dugu, non pirata txikia lapurtzat hartzen duten, enperadorearen itsaslapurreta goresten den bitartean.

 

«San Agustin Hiponakoak De civitate Dei liburuan kontatu zuen etsenplu ezaguna ilustrazio ona da estatuaren oinarriez ohartzeko. Alexandro Handiaren armadak itsas lapur bat harrapatu eta gatibatu omen zuen.

“Nola izan duzu itsaso guztia hain aztoraturik?” galdetu omen zion gero Alexandro Handiak pirata gatibatuari.

Honek, harro eta deus isildu beharrik gabe, erantzun omen zuen: “Eta zuk? Mundu osoa duzu aztoraturik. Gure arteko aldea da ni itsasontzi txiki batekin ibili naizela, eta hagatik deitzen didate lapurra. Zuri, antzeko gauzak mila itsasontzirekin eta armada izugarri handi horrekin zabiltzalako deitzen dizute enperadore”» [MG, 645].

 

Lapur banden etika klasikoa modernizatu da, kapitalismoa dela bide, merkatu esku ikusezinari esker, gaurko neoliberalismo autoritariora heldu arte [ikus AEDD, 35-36]. Neurririk gabeko makineria inposatu da politikan gerra amaigabe batean:

 

«Kapitalismo parlamentarioa elite baten komenentzian antolaturiko sistema da, lapur bandaren jardun eta etikarekin, gehiengoaren kontra. Gerra amaituko zela pentsatzen zen, burgesiarekin, haren “dendari interesekin”, baina gerra zabaldu besterik ez da egiten. Gerra kapitalismoarekin zabaldu eta mantendu da beti, estatutik kanpora ahal dela, baina barruan ere bai» [LBE, 96].

 

Sarrionandiaren aburuz, lapur banda erraldoi horiek duten ahalmen ekonomiko, teknologiko eta militarra areagotu da oposizio eskasarekin:

 

«Alternatiba komunista agortu ondoren, bigundu beharrean, gogortu egin da. Aukera komunista zegoen bitartean, oligarkiak ongizate minimo bat eskaini behar izan zion bere langileriari. Berlingo Harresia erori zenetik ja ez da inor kontentatu beharrik. Pobreen kontrako gerra lokal eta unibertsal bat dago, klase borroka deitu dena liburuetan, baina ez da ez liburuetako gauza, ez iraganekoa» [LBE, 96].

 

Azken urteotan kapitalaren lapur banden etikaren eta politikaren aurrean zenbait mugimendu eta korronte politiko aldarrikatzaile abiatu dira munduko plazetan eta hiriburuetan, emaitza ezberdinekin. Alta, hogeita batgarren mendeko hasiera honetan ez dira nahikoa izan kapitalaren aldrari aurre egiteko. Hona hemen nola laburbildu dituen Sarrionandiak prozesu politiko hori eta horren amaiera:

 

«Herri mugimendu gehienek, protestaren aitzakia konkretuaz aparte, sistema guztia salatzen zuten eraren batean, eta hiri erdiko plaza zabal bat aukeratzen zuten biltzeko: Tahrir Kairon, Syntagma Atenasen, Wall Street okupatzea izan da New Yorkeko eslogana, oligarkia finantzarioak jendeari ostutako plazaren metafora.

Udaberri arabiarra negu gorri bihurtu da ja, urte gutxian. Kontrairaultza begi bistakoa da arabiar estatu guztietan, eta, kontrairaultza nagusitu ez den lekuetan, Estatu Batuei eta Europari esker, hondamendia ezarri da. […].

Mendebaldean, botere poliziakoa askozaz trinkoagoa da, kontu gehiago izaten da errepresio odoltsuarekin. Eta protesta mugimenduek iritzi publikoaren konkista dute, batez ere, xedetzat. Syriza, Podemos, Bildu eta enparauen estrategia da, hitz gutxitan esanda, iritzi publikoaren alorrean irabazi ondoren, hauteskundeetan garaipena lortzea, botere instituzionalez jabetzea eta, instituzioetan, kapitalismo parlamentarioa funtsean aldatu gabe, politika sozialdemokrata bat bultzatzea, herriko jendearen mesedetan» [LBE 93].

 

Ezkerreko politika berria ez da nahikoa izan, ez plazetan, ez alderdietan. Sozialdemokrazia, zaharra zein berria, modernoa zein postmodernoa, ez da gauza izan kapitalismo parlamentarioari buru egiteko, ezta lapur banden tramankulua gainditzeko ere. Berriro, Sarrionandiaren eleak:

 

«Syriza, Podemos, Bildu, nire ustez, gauza bera dira, erreferentzia nazionalaz aparte. Igual baten bati ez zaio gustatuko batera ipintzea, baina, nire ustez, ezkerreko mugimendu horiek intentzio bera dute, baldintza, muga eta zirkunstantzia antzekoekin. Konturatuko zineten hitzaldian zehar kidekotzat hartzen ditudala askatasun pertsonal eta kolektiboen aldeko gutasunak. Gay mugimendua edo etxea izateko eskubidearen aldekoa antzekoak dira, nire ustez: “autodeterminazioaren” aldekoak, funtsean, jendearen askatasuna eragozten duten botereen kontrakoak. Nire ustez, Syriza, Podemos, Bildu eta halako mugimendu guztietan badago injustizia orokorraren kontzientzia bat, eta badago gogo iraultzaile bat. Badago kapitalismoaren kritika sakona, eta bizimodua ere aldatu behar delako sentimendua, hau da, zibilizazio mudantza baten aldeko gogoa. Baina ez dago horretarako ez estrategiarik, ez pedagogiarik, ez dago baldintza objektiborik ez subjektiborik. Nik behintzat ez dut ikusten imajinario kolektiborik horretarako». [LBE, 94]

 

Helburu politikoak guztiz abandonatuta edo, behintzat, beste une hoberako utzirik daudelakoan, Sarrionandiak galdera kritikoak adieraziko ditu: «Zer da Alderdi Nazionalistaren “independentzia”? Zer da Alderdi Sozialistaren “sozialismoa”? Zer dira gure “independentzia eta sozialismoa”, adierazle hustuak baizik? Adierazirik edo, behintzat, praxi bideragarririk gabekoak» [LBE 59]. Hemen eta orain ez da gehiegi aurreratu, iraganari so egiten badiogu. Hitzen ondoeza idazlanean kapitalismoaren eta aberriaren gaineko bi gogoeta interesgarri dauzkagu, alegia. Kapitalismoari dagokionez: «Lehen antikapitalista ginen, orain apur bat deskapitalista izatearekin konformatzen» gara [HO, 50. sarrera]. Eta aberriari dagokionez: «“Aberri” hitza berria da euskaraz. Zulo bat tapatzeko erabiltzen da. Badirudi, lehenagoko euskaldunek bazutela “herria” eta ez zutela aberri beharrik. Herria galdu arte ez zuten, euskaldunok, aberria asmatu beharrik izan. Gauza hori dela eta, badira euskaldunok lotsa apur batekin esaten ditugun hitzak: aberria, Euzkadi…» [HO, 2. sarrera]. Labur esanda: kapitalak herria desitxuratu eta desegin du, antikapitalismoa eta aberria aho batez aipatu arren.

 

2- Hegemoniaren inperatibo kategorikoak

 

Joseba Sarrionandiak deskribaturiko ezker europarraren porrotak Joxe Azurmendiren azterketarekin korrelazioa dauka, batik bat, azken honek joko demokratiko liberalean «hegemoniaren inperatibo kategorikoak» edesten dituenean. Honakoak dira inperatibo demokratiko horiek bere esaldi zehatz eta zuzenetan:

 

«Orain politika demokratikoaren arauetara bigundu gura bada, ordezkaritza eta bozketa sistemara batik bat, horren mekanikara makurtu beharra dago. Urrutiko helmuga izan liteke burujabetasuna, baina hartarako estreina tresnak behar dira; tresnak lortzeko (demokratikoak), bozak irabazi behar dituzu; bozak irabaztea izan beharko da jomuga hurbila, ordezkari ahalik gehienak sartzeko Udaletan, Diputazioan, Jaurlaritzan (erakundeok independentziarako bidean baliatzeko, suposatzen da); ahalik gehienei interesatuko zaien programa atonduko da; kanpainetan adituen esanera jarri beharko da eta haien gomendioko diskurtsoa paratu; seguru asko ez da oso nazionalista izango (Aberri Egunetarako erresalbatuko da hori), eta diskurtso horretan euskara ez da aipatuko… “Elementary, my dear Watson”. Politika demokratikoak bere inperatibo kategoriak ditu.

Ez da ezer berria. EAJ/PNVk beti hala jokatu duela esango nuke, eta Alderdiari ez zaio gaizki joan. Nola doakio independentziari? […] Berlingo harresia erori zenetik, ezkerrean Iraultzaren abangoardia monolitikoaren tokian subjektuen pluralismoa eta bakoitzaren autonomia bedeinkatzen da (euskararen borroka, independentismo iraultzailea, gatazka sindikalak, feminismoa, ekologia, AHTaren edo zaborren gerrak, errauste-plantaren zaputza, etc.), herri borroka guztiok ortzadar batean biltzeko ideian» [HNE, 96-97].

 

Ortzadarraren estrategia politikoak ez du batasunik lortu, ezta indarrik ere, lapur banden kapitalaren aurrean. Hagatik, demokrazia liberalaren eskarmentutik bi ondorio aterako ditu Azurmendik:

 

«Bat: mugimendu horiek denek euren egitasmoak eta jokamoldeak dituzte: horien suma edo ordezkaritza soila izatera mugatzen bada, bere-bere proiektu nagusi bat gabe gizartearentzat eta Euskadirentzat orokorra, ataza partzial horietan diluitua geratzen da ezkerra. Eta, bi: bozkatze sisteman, gutxiengo militanteon batuketak ez du gehiengoa ematen, zentro sozial nabarra militanteongana erakartzen ez bada. Bozkatzailego zabala irabazteko EAJ/PNVren taktika arrakastatsuarekin lehiatzeko proposamena al da “independentismo ez-abertzalearen” planteamendua?» [HNE, 97].

 

Joxe Azurmendik azaltzen digu nola diluitzen den egungo ezkerra (arazoa ez da bakarrik euskaldunen artean jazotzen; fenomenoa zabalagoa da). Kapitalari aurre egiten ez dion ezker berriaren epifenomenoa dela esan genezake. Izan ere, ortzadarraren estrategia politikoa dela kausa, ezker berriaren populismo postmodernoa kritikatzera helduko da Azurmendi, modako korronte hori aniztasunaren idealismo platonikoa baizik ez delako:

 

«Irakurria duzue egunotan: “Euskarak es gaitu euskaldun egiten, baginak emakume egiten ez gaituen bezala. Subalternitateak egiten gaitu euskaldun, batetik, eta emakume, bestetik” (Jule Goikoetxea, Berria, 2015-06-10). Testuak probokatzailea izan gura du, ez da dudarik. Baina probokazioak, oso ondo idatzita gainera, zakura lozorrotik iratzartzeko balio badu, hozka egitera animatzeko arriskua ere badu. Zer, esentziak hainbeste erdeinatu eta gero, subalternitatea da orain esentzia platoniko berria […]. Subalternitateak “egiten” bagaitu euskaldun eta “egiten” bagaitu emakume, euskaldun denok emakumeak ote gara? Erraz jaus gaitezke holako bizantinismo zentzu handirik gabekoetan» [HNE, 59].

 

Azurmendiren kritikan materialismorik gabeko bizantinismo postmoderno horrek ez du deus zedarritzen, eta ez du mesederik egiten, ez arlo sozialean, ez eremu politikoan: «Subalterno psikologikoa, subalterno sozial-ekonomikoa, politikoa, subalternoak era askotakoak daude, subalternitateak moduak eta moduak dauzka» [HNE, 60]. «Gaurko euskaldunaren egoera sozial-politiko eta kulturalki anbiguoa da. Ezaugarritzen gaituena anbiguetate eta kontraesan artean moldatu beharra dela esango nuke. Euskaldun batzuk kapitalistak dira, beste euskaldun batzuk eta ez-euskaldun batzuk ustiatzen dituzte. Subalternoa naiz (“kolonizatua” esaten zen gure garaian), baina subalternoa tout court ez» [HNE, 62]. Askotan populismo postmodernoak Antonio Gramsciren hegemoniaren teoria erabili du irakurketa hutsal batetik. Hortik jaio da subalternitatearen aniztasunaren berriketa, kapitalismoaren dinamika aintzat hartu barik. Halako korrontearen joeraren aurka jotzen du Joxe Azurmendik itzulingururik gabe:

 

«Gramsciren subalternoak Mezzogiornoko errentero eta laborari txikerrak ziren, ekonomiko-laboralki ustiatuak eta espiritualki “herriaren opioaz” alienatuak eta etsiaraziak. Gu ez gara hori, ez gara Asia Ekialdeko edo Hego Amerikako masa amorfo desanparatuak. Sozial-ekonomikoki, politikoki, kulturalki, eskola, elikagai eta osasunbide aldetik, pribilegiatuak gara modu askotan. Hemen eserita gauden denok antikapitalistak gara noski, eta horregatik bankuan kreditua eskatu eta etxebizitza erosten dugu, edo gurasoen ekonomiatik bizi gara, lantoki kapitalista batean jasotzen dugu soldata (edo funtzionarioak gara, eta horrela beti geu iraultzailerik amorgaitzenak), zergak txintxo-txintxo ordaintzen ditugu, autoa daukagu eta gasolina ez da etxeko iturrikoa, haurrekin zinemara edo piszinara goaz eta ordaindu egiten dugu sarrera, oporretara joateke ez gara geratzen (hegazkinean segur aski), edozein katarrok animatzen gaitu industria farmazeutikoari laguntzera, Bangladeshen jositako arropa daramagu soinean, Hirugarren Munduko produktu amerikarrak maite ditugu, ezin gara bizi aparailutxo tekniko modernoenez inguratuak ez bada (zenbat sakelako telefono eta trepetatxo dago sala honetan?)… Hau da, egunaren hogeita lau orduak kapitalismo internazionala bermatzen ematen dugu geure jardunean» [HNE, 61].

 

Bat nator Azurmendirekin subalternitate postmodernoa eta aniztasunaren populismoa desegiten dituenean. Izan ere, Sophie Bessis historialari eta ikerlariak azaldu du nola igaro garen printzipio modernoen unibertsaltasunetik interes postmodernoen mundializaziora [ikus Bessisen hitzaldia San Telmo Museoan, GBGE]: eta hemen «interesak» esanez, identitate interesak dira, baita interes ekonomiko neoliberalak ere. Haatik, ez nago ados kapitalismoa bermatzen ematen dugula Azurmendik baieztatzen duenean. Bai, guztiok kapitalismoan bizi gara, baina ez klase sozial berean. Denok sakelako telefonoa daukagu. Alta, guztiok ez gara Euskaltel edo Movistar bezalako korporazioen akziodunak edo nagusiak. Enpresa, bulego eta industria kapitalistetan egiten dugu lan; hala ere, guztiok ez gara ugazabak, ezta patroiak ere. Banketxean kreditua eskatzen dugu, etxerik ez daukagulako, Kutxabank edo Santander bezalako entitate finantzarioei bizi guztirako zorra ordainduz. Hori etxea galtzen dutenak ez aipatzearren. Administraritzan ere gehienak ez dira goiko funtzionarioak, ezta kargu gorenak eta aholkulari bereziak ere. Eta emakume langileek garbitzen dituzte eraikin publikoak eta parlamentuak soldata eskasarekin. Guztiok ez gara hegazkinez eta Abiadura Handiko Trenez astero bidaiatzen, exekutibo eta enpresaburuek egiten duten moduan. Guztiok, euskaldunok eta ez-euskaldunok, ez daukagu automobilik, garraio publikoa erabiliz. Honez gain, batzuek bizpahiru automobil dauzkate, eta horietako batzuek gidari pribatua ere bai. Halaber, kontinente honetan guztiok ez gaude ados Europako Banku Zentralarekin, ezta Europar Batasunaren inperialismoarekin ere, Estatu Batuekin batera Sirian, Venezuelan, Kuban, Yemenen, Bolivian edo Txilen kapital handiak bere estrategia atlantiarra inposatu gura duenean. Beraz, guztiok ez gara kapitalistak neurri berean, ez gara klase berekoak. Denok ez gara produkzio-baliabideen eta finantza-baliabideen jabeak ere.

 

Hegemoniaren inperatiboak aztertu nahi baditugu, halako dinamikak mahaigaineratu behar ditugu. Herria, nazioa eta aberria prisma materialista horretatik galbahetu behar ditugu, batik bat estatu kapitalisten politikan. Eta ez da nire burutazioa. Joxe Azurmendik esan digu nazioa prepolitikoa dela, erabaki bat dela («Nazioa ez da berez politikoa, baina politika beti inplikatzen eta konplikatzen duen errealitatea bai»; «identitate nazionala prepolitikoa da», dio Azurmendik [HNE, 89]). Politikan gehiago sartu eta erabili behar dugu, bestela, dilema bat eratortzen da, Azurmendik argitan eratu duena:

 

«Ematen du dilema baten aurrean geundekeela: ala idealaren politika ala interes materialen politika; independentismo politikoki abertzale/euskaltzalea, ala interes ekonomiko eta sozialen independentismo soziala, politikoki neutrala» [HNE, 102].

 

Nire ustez, dilema horri erantzuna eman dio Azurmendik berak beste leku batean. Denok dakigu Espainian liberalismoaren ideologia nagusi dela. Sozialdemokratak, kontserbadoreak, aurrerakoi progreak, posfrankistak, kapitalistak, demokratak, katolikoak, intelektualak, guztiak eroso daude liberalismo apur batekin, edo liberalismo osoarekin. Espainian ez dago ez kapitalistarik, ez nazionalistarik. Denak liberalak dira, kristau liberalak, sozioliberalak, demoliberalak, progre liberalak, neoliberalak, liberal liberalak. Zer ezkutatzen da liberalismo espainolaren atzean? Zergatik aipatzen da hainbeste liberalismoa erosotasun osoz? Zein da horren garrantzia Espainiako Erreinuan? Badago pasarte bat, non Joxe Azurmendik liberalismo horren genealogia Espainiako Erresumaren Trantsizioan kokatu duen:

 

«Trantsizioaren mitologia guztia “bi Espainien” gaindipenak obeditua egon da eta halaxe segitzen du. Kritikatu egingo al dugu? Ez derrigor. Baina trantsizio bat, definizioz, eternizatu ere ez litzateke egin behar. Sekula ez da Espainia bata batago izan. Faxista eta faxistakumerik ez dago, ez dago frankista eta gorririk, ez dago bi Espainiarik; denok bat gara, denok demokratak eta liberalak (salbu nazionalista periferikoak, noski). Ahazturaz eta remakez, memoriak zein ideologiak, denak nahastu eta berdindu dira. Atzoko sozialista gorriak orain liberal zuriak dira […]. Komunista batzuk eta anarkistak eskeman ez baitira erosoegi sartzen, horiek hobe da marjinalak deklaratu. Espainia bat, pentsamendu bat. Zapaterok Espainia liberal bat aldarrikatzen du. Aznarrek liberala aitortzen du bere burua, eta Esperanza Aguirrek. Liberala besterik ez dago orain» [BJBE, 123].

 

Nahiz eta 2006. urteko testua izan, Joxe Azurmendik deskribatu diguna ez da atzokoa, eta erraz egunera daiteke, izenen bat edo abizenen bat aldatuz zein gehituz (izan ere, 2018ko Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk liburuan plazaratu du berriro testua). Nire ustez aparteko azterketa da 78ko erregimenaren muturreko zentro liberala miatzerakoan. Barnetik monarkiak batzen du Espainiako erregimena; kanpotik, ordea, Europar Batasunak, Ibex burtsak eta banketxeek zedarritzen dute. Eta denok kontent: ezkerreko zentroa, eskuineko zentroa eta zentroko zentroa. Batasuna, zentrismoa, liberalismoa, nazioa, kapitala eta monarkia bat datoz erregimen horretan. Nazionalismoa eta kapitalismoa elkarrekin daude, amalgamatuta, naturaltasun osoz. Nazioa eta kapitala bat datoz politika berean. Hor datza gakoa, hor daukagu horren indarra. Kapitalarekin uztarturik daukagu nazio hegemonikoa.

 

3- Kapitalismo berantiarraren lainoetan

 

Kapitalismoaren demokrazia liberaletan inperatibo hegemonikoak inposatzen dira, hala herrian, nola nazioan. «Zer da euskalduna? Zer da nazioa?» itauntzen du Azurmendik [HNE, 70]. Bere aburuz ez dago erantzun bakunik nazioa formulatzerakoan, Sarrionandiaren proposamena kuestionatuz:

 

«Deskribapen tradizionala Stalinen formulazio ezagunekoa da, austro-marxismoarena baino ez dena, erreferentzia konkretuak, “objektiboak”, aipatuz (hizkuntza, lurraldea, ekonomia, tradizio kultural amankomunak, historia), neuri oraindik ere bera begitantzen baitzait baliagarriena. Hurbilketa formal soilak hobets litezke, edukiak oro alboratuz: “nazioa nahia da”; edo “Nazioa zer da funtsean? Komunikazio espazio bat…” (J. Sarrionandia). Honela, objekzio pila bat ekiditen da. […] Kontzeptu hain orokor abstraktuak baditu abantaila batzuk, Sarrionandiak seinalatzen ditu, h. d., alderdi positibo dinamikoa nabarmentzen du errealitate nazional linguistiko, kultural, politikoan. Baina estatua eta nazioa bereizteko, adibidez, ez digu balio» [HNE, 70-71].

 

Azurmendi ez dator bat Sarrionandiarekin auzi horretan. Nazioa eta komunikazio esparrua ez dira gauza bera, zegamarraren ustez (izan ere, Jakin aldizkarian Sarrionandiari buruz karrikaratutako artikulu batean argudio bera garatu zuen Azurmendik [ikus S]). Kapitalismo berantiarraren garaian hizkuntza ez da nahikoa estatu berri bat eratzerakoan. Stalin gazteak ongi aurreikusi zuen. Stalinen nazioa ez da austro-marxismoarena, Azurmendiren eleen aurka, nahiz eta hizkuntza, lurraldea, ekonomia, kultura, psikologia eta historia aipatu. Marxismoa eta nazio-auzia lanean Otto Bauer eta Karl Renner bezalako buruzagi sozialdemokrata austriarren «autonomia kultural-nazionala» kritikatu zuen [MNA, 46-47]: klase guztiez osatutako komunitate nazionalaren artifizioa eta eskubide kulturalak ez dira nahikoa kapitalismoaren fase gorenetan, alegia.

 

Orain gogora ditzagun 1968ko Manifestu atzeratua poeman Joxe Azurmendik idatzitako bertsoak, non euskal historia agerian uzten duen, pobrea, pirata gutxirekin eta langile askorekin:

 

«Gure herriak ez dauka kondairarik.

Pobrea da. Ez dauka

pirata koxkor pare bat

langile sofritu batzuk,

muga zentzugabe asko,

mila zorigaizto

besterik. Ez da gutxi.

Euri gortina batek ixten du

gure kalendarioa.

Ez, ba, bilatu historia unibertsalen

liburu handietan gure inperiorik.

 

Aginako zero bat zen

gure inperio guztia.

 

Eta euskalduna konforme zegoen.

Eta libre izan nahi zuen.

 

Baina libre izatea

gauza ikaragarri zaila da

Marx bat

edo 1789 bat izan ez duen

herri zorigaiztokoarentzat.

Zerekin pagatu behar du?».

 

Egungo kapitalismoaren aurrean zein da justiziaren egarri unibertsala hemen eta orain euskaldunen artean? Zein da aberria baldintza hauekin? Eta zer herria? 1961ean Joxe Azurmendiri zuzendutako gutun batean Gabriel Aresti idazleak konfesatu zion «euskaldun abertzalea» zela, «hautatu ez dudan aberri gutti» batean, «tristurazko» aberri batean [AHG, 149]. Bost urte beranduago, 1966an Hernanin emandako “Euskeraren izen poetikoak” izenburuko hitzaldian, benetako herria deskribatu eta herri mitifikatua kritikatu zuen Arestik:

 

«Askotan entzun dut: herria denok gara, zu eta biok, exeko atezaia, dendaria, alkate jauna, albaitari jauna, botikario jauna, mediko jauna eta apaiz jauna; albaitariaren andrea, botikarioaren andrea, medikuaren andrea eta apaizaren… ez, baina ez, apaizek ez dute andrerik.

Baina ez da hala. Kristok bere pobreen artean bildu zuen bere herria. Gogora ekar zazue: “zuen ondasun eta ahaide guztiak uc eta jarrai zakizkidate”.

Kristau-herria pobreak gara. Zerua goian eta lurra behean gaudenok. Gurecat eskribitu zuen Marxek bere “Das Kapital”. Gurecat egiten dira munduko gerra santu guztiak: Urrileko erreboluzioa, Kubakoa, Arjeliakoa, Vietnameko gerra; eta orain, Amerikako belzek, Indochinako herri sufrituaren anaiak direla konturaturik, hasi berri dutena» [AHG, 89].

 

Bat nator Gabriel Arestirekin harrizko herri honetan behelaino artean.

 

 

Bibliografia

 

Aresti, Gabriel (1986): Gabriel Arestiren literatur lanak, 10. Artikuluak. Hitzaldiak. Gutunak [= AHG]. Donostia: Susa.

Azurmendi, Joxe (1991): Gizaberearen bakeak eta gerrak [= GBG]. Donostia: Elkar, Donostia.

— (2000): XX. mendeko poesia kaierak – Joxe Azurmendi [= PK]. Donostia: Susa.

— (2014): Historia, arraza, nazioa. Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk. [= HAN]. Donostia: Elkar.

— (2015): “Sarrionandia: nazioaren kontzeptua behelaino artean” [= S], Jakin, 207, 11-65.

— (2017): Hizkuntza, nazioa, estatua. [= HNE]. Donostia: Elkar.

— (2018): Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk. [= BJBE]. Donostia: Elkar.

Bessis, Sophie (2017): Gerrak, bortxa eta giza eskubideak [= GBGE]. Donostia: San Telmo Museoa & Alkibla.

Marx, Karl (2004): Idazlan hautatuak [= IH]. Bilbo: Klasikoak

Sarrionandia, Joseba (1997): Hitzen ondoeza [= HO]. Tafalla: Txalaparta.

— (2010): Moroak gara behelaino artean? [= MG]. Iruña: Pamiela.

— (2015): Lapur banden etika ala politika [= LBE]. Iruña: Pamiela.

— (2019): Airea ez da debalde [= AEDD]. Iruña: Pamiela.

Stalin, Iosif (2016): Marxismoa eta nazio-auzia [= MNA]. Iruña: Iraultza Garaia.

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07