blogak

Kinka

Ume trans bat daukagu eskolan. Formaziorik behar dugu? Zein mezu emateko?

Hori da azken urteotan hainbat ikastetxetan sortzen ari den galdera. Bulba duen ume batek esaten du mutila dela eta mutil izena aukeratu du, adibidez. Ez da, argi dago, egun batetik bestera gertatu den zerbait, baina une batean badirudi zerbait egin behar dela. Horren aurrean erreakzio desberdinak agertu daitezke tutorearen eta klaustoaren aldetik; haietako bat da “gai honetaz ez dakigu nahikoa; formazioa behar dugu eta espezialista bat ekarriko dugu ikastetxera saioren bat ematera”. Batzuetan formazioa klaustroarentzat soilik planteatzen da, beste batzuetan kolektibo guztientzat, eta gurasoei eta ikasleei ere saio bat edo batzuk eskeintzen zaizkie.

 

Erne! Ikuspegi desberdinak daude!

Baina prestakuntza guztiak ez dira berdinak eta horretaz kontziente izan behar dugu hezitzaileok. Marko filosofiko/ideologiko desberdinetatik abiatzen dira formatzaileak eta planteamendu desberdinak ekartzen dituzte.

Hori da testu honen helburua: markoen desberdintasunen inguruan gogoeta xume bat proposatzea. Formatzaile bati deitzeko orduan, nik esango nuke ez dela nahikoa gaiarekiko sentiberatasuna eta esperientzia izatea, edo elkarte edo erakunde jakin bateko kidea edo langilea izatea. Baten batek argudiatuko du baietz, horiek direla behar diren baldintzak, baina hezkuntza esparruan gaude eta, horretaz gain, pentsatu beharko genuke –uste dut– ea formatzaile horren mezuak diren gure ikasle guztientzat nahi izango genituzkeenak, eta ea koherenteenak diren hezkuntza inklusiboarekin eta ikasle guztien garapen askearekin. Are gehiago kontuan izanda gauzatuko den esku-hartzea mezu horiekin lotuta egongo dela eta desberdina izango dela markoaren arabera. Markoek ondorioak dituzte pertsonen bizitzetan.

 

HIRU GAKO formazioari begira:

  1. Nolakoa izango da formazioa: binarista eta binarizatzailea (generoaren “kaxa” batetik bestera pasatzeko) ala ez binarista eta ez binarizatzailea (generoaren “kaxak” zalantzan jartzeko)?

Feminismoaren aurkikuntza da alderdi biologikoak (sexua) eta eraikuntza soziala (generoa) bereiztea. Generoak –bi generoak– kaxa modukoak dira. Haietako batean sartzen zaituzte jaiotzean hankartean duzunaren arabera (egozten zaizun sexuaren arabera), eta kaxa horretan dagoena dastatu ahal duzu, baina ez bestean dagoena. Umeen sozializaioa gure gizartean diferentziala da oraindik, eta neskengandik eta mutilengandik ezaugarri eta rol desberdinak espero dira eta bultzatzen dira hazkuntza prozesuan, askotan ez oso modu kontzientean hazleen aldetik. Kaxak kaiola txikiak dira, haietan sartuta egoteko behar hori lehenengo genero indarkeria da, ume guztiek pairatzen dutena. Panorama horretan umeak genero identitatea –ni neska naiz, ni mutila naiz– eraikitzen joango dira. Miquek Missék, A la conquista del cuerpo equivocado bere liburuan (2018, Bartzelona: Egales) grafikoki esaten duen bezala, “la identidad de género son los padres” (46. orr.).

Erabat ados nago Marina Subiratsekin azaltzen duenean noizbait zerbaitetarako balio izan badute, gaur generoak obsoleto daudela, ez diotela jendeari bizitzen laguntzen. Inposaketak diren heinean desagertu behar direla. Isa Vázqueren ilustrazio hauek beste aukera batzuez hitz egiten digute:

           

Trans etiketa jartzen diegun umeak ez daude eroso egokitu zaien kaiolan, argi dago. Eta besteak? Ez al dira haietako asko deseroso sentitzen, osatugabe, egonezinik?

Formazioari begira, beraz, lehenengo galdera da: Zein da helburua? Ume jakin horren ingurukoei ulertaraztea umeak eskubidea duela kaxa batetik bestera pasatzeko eta ahalbidetu behar zaiola hori egitea? Ala kaxen existentzia bera zalantzan jartzea, ume guztien kaxen existentzia?

Lehenengo jarrerak ikuspegi binarista batekin konektatzen du eta mezu binarizatzailea transmititu dezake; ez du bi generoen existentzia kolokan jartzen. Errefortzatu ahal duela esango nuke: ez bazaude hemen, hor egongo zara. Hemen ala hor, horiek dira aukerak.  Bigarren ikuspegiaren helburua da, berriz, generoa zer den eta nola eraikitzen den ulertzea, eta molde jakin batera egokitzeko zein presio jasotzen ditugun –eta besteengan ezartzen ditugun– kontziente egitea. Ortzmuga da ume guztientzako askatasunaren bidea irekitzea, denek orain arte bi kaxa desberdinetan egon dena dastatu/probatu/esperimentatu ahal izateko. Nahi duten heinean, interesatzen zaien heinean.

Aurreko artikulu batean azaldu dut nola tratatzen den gai hau umeentzako ipuin batzuetan. Haietako batzuek lehenengo ikuspegia islatzen dutela esango nuke; beste batzuk –nire ustez askoz interesgarriagoak–  bigarrenera hurbiltzen dira. Artikuluak honako titulua dauka eta blog honetan bertan aurki daiteke: Umeak, generoa eta transexualitatea. Bost ipuin argitaratu berri eta gogoeta bat.

(Laster idatziko dut zerbait beste ipuin eder batzuen inguruan, generoaren gaia tratatzen dutenak: Ahora me llamo Luisa  –Jessica Walton eta Dougal MacPhersonena– eta  La mitad de Juan –Gemma Lienas eta África Fanlorena–).

 

  1. Formazioa sexuan zentratzen da ala generoan? Sexologoen esku ala “generologoen” esku?

Galdera hau aurreko puntuarekin estuki lotuta dago. Aditu batzuek ez dute behin ere “genero” hitza aipatzen haien azalpenetan, ematen dute prestakuntza saioetan, nire harridurarako. Sexuan zentratzen omen dira. Baina umearen sexuari ez zaio ezer gertatzen, ezta? Ez bere genitalei, ez bere burmuinari, ez bere gorputzari. Umea umea da, ez dago gaixorik. Gizartean dago gakoa, gizarteak ume horri egin dion presioan eta orain ume horri begiratzen dion moduan. Ez al da hori aztertu behar dena, eta ez umea? Benetan behar dira sexologoak arlo honetan? Zergatik? Ez al dira, gehiago, “generologoak” behar? (Eta ez da soilik hitz jokua).

Bada feminismoa da generoari arreta jartzen diona, hain zuzen. Kontzeptu hori gabe, ez goaz ondo, ezin dugu gertatzen zaiguna ulertu. Miquel Missék, aipatuko liburuan, azaltzen du feministen laguntza behar dela argudio batzuei aurre egiteko. Missék Nacho Vidal porno komertzialeko matxotearen bideo bat aipatzen du  –No hay huevos izenekoa!–, negargarria, androzentrismo eta maskulinitate hegemonika dariola, Chrysallis erakundearen eskutik transexualitatean aldeko kanpaina batean erabilia. Nacho Vidal ume trans baten gurasoa da eta oso sentsibilizatuta egongo da, ez dut zalantzan jartzen, baina bideoa ikusita (eta irratian entzun diodan diskurtso erabat binarista eta binarizatzailearen ondoren), nik neuk ez nuke nire eskolara gonbidatuko saio bat ematera. Ez bera ez antzeko mezu bat ematera datorren beste inor.

Tira, Missék bere buruari galdetzen dio zergatik mugimendu feministek ez duten ezer esaten horrelako mezuei buruz. Nik zalantza bera daukat batzuetan, hemen gure testuinguruan, eta baita ere non dagoen LGTBIQ* mugimenduen ekarpena eta analisia horrelako mezuen eta kanpainen aurrean. Eta ea non dagoen hezitzaileen ikuspegi kritikoa ere… Beldurra izango dugu? Zeri? Missék “HELP!” eskatzen die feministei (eta nik ere bai):

No quiero pensar que el silencio de los feminismos se debe al fatal estado de excepción en torno a lo trans que ha generado que la gente no diga lo que piensa por temor a ser tachada de transfobia, pero me temo que tiene mucho que ver con eso. Y me veo obligado a decir que el activismo trans crítico que denuncia este tipo de giros argumentativos en el movimiento trans es muy chiquitito y necesitamos más voces para combatir estos mensajes. Compañeras: ¡HELP! (132 orr.).

 

  1. Gorputzaren zein ikuspegi gailentzen da? “Gorputz erratuan jaio zen” ala “Nire gorputza ez dago erratuta”?

Nork ez du entzun behin baino gehiagotan pertsona transak gorputz erratu baten jaio direla, edo haiena ez den gorputz batean? (Arranopola, norenak izango dira orduan…). Diskurtso hori oso hedatuta dago eta pertsona askorengara heldu da. Hogei urteko nire ikasleek jaso dute, eta iturri moduan aipatzen didate, besteak beste, La que se avecina telesaila, non pertsonai bat gazte trans bat den. Bestalde, ulertzen da ideia hori askotan borondate onarekin formulatzen jarraitzen dela. Duela gutxiko adibide bat Ska-P taldearen abesti batean (Colores) aurkitzen dugu:

“Ella nació  en un cuerpo equivocado
atrapada en piel de hombre y una mente de mujer.
No eres normal, berreaban los demonios,
le robaron la sonrisa innata de la niñez”

Telebistan (albisteetan, elkarrizketetan, erreportajeetan…) mezu berbera ematen dute maiz:

“Siempre lo tuvo claro: era una niña en un cuerpo de niño”, “Su identidad sexual no iba de la mano de su cuerpo”, “Era un niño encerrado en un cuerpo de niña”, “Un niño nació en un cuerpo que no era el suyo”, “Soy una niña en un cuerpo de niño”… (ikus hemen).

Esaldi hauen aurrean, nor dago erratuta? Ez da gizartea (esataria) izango inkoherentzia ikusten duena, erratuta egongo dena?

Kontu nagusia da zein irudi garatuko duen ume horrek horrelako esaldiak errepikatzen bazaizkio, zein estimu garatuko duen bere gorputzarekiko, edo zein autoestimu… eta zein behar sortzen ari zaion bere gorputza eraldatzeko, hain zuzen “egokia” den gorputza lortu ahal izateko. Gorputzaren eraldaketaren premia sozialki eraikitzen da. Galdera da: hori al dira benetan umeeek eta gazteek jaso behar duten mezua? Ikuspegi patologizatzailea da, medikatzailea, biologizista, esentzialista eta sexista.

Baina ez da derrigorrezkoa horrela ikustea. Posible izan beharko litzateke sentitzea zu zure gorputza zarela (eta ez zuk gorputz bat duzula) eta ondo dagoela. Norbera bere gorputzean ondo sentitzea ume eta gazte guztientzat da autoestimaren gako bat, ez beti erreza, ondo dakigunez. TED hitzaldi batean Mikele Grande-k honakoa azaltzen du (5:10-5:40 minutuan):

“Yo no soy una chica atrapada en el cuerpo de un chico. Yo soy una chica en mi cuerpo. Si yo soy una chica –y nadie más que yo puede confirmarlo–, este cuerpo no tiene por qué estar equivocado. Será el de una chica”.

Bi ikuspegien artean, zein izango da osasungarriagoa gure ume eta gazteentzat? Zeinek ezarriko du presio gutxiago eta eragingo du antsietate eta egonezin gutxiago, batez ere horren konplexua den nerabezaroaren garaian? Zeinek lagunduko die hobeto erresistentziarako eta erresilientziarako tresnak garatzen, gizartearen begiradari erantzute aldera?

Bai, badakit ez dela horren erraza, eta gorputzekiko hain exijentea eta zorrotza den gizarte honetan (generoaren ikuspegitik ere bai) zaila dela egokitzeko premiarik ez sentitzea. Ulergarria da, beraz, gazteek premia horren aurrean, gorputzean eragiteko baliabideak behar izatea eta eskatzea. Premia hori arretaz entzun behar da. Eta aldi berean, uste dut “gorputz erratuen” mezua kaltegarria dela eta ezabatu behar dela pertsona guztien bizitzatik.

Oso –benetan oso– gomendagarria da jada aipatu dudan Miquel Misséren azkeneko liburua: A la conquista del cuerpo equivocado. Bertan bere esperientzia aztertzen du gizon gazte trans moduan eta gogoeta interesgarri hau proposatzen du:

“El relato más popular sobre la transexualidad ha señalado que nuestro malestar reside en nuestro cuerpo y la solución es transformarlo. […] Estos cuerpos nuestros, que nos dijeron que estaban equivocados, queremos reconquistarlos” (kontrazaletik jasoa). “El objetivo no va de tener un cuerpo aceptado socialmente, va de que la sociedad acepte los cuerpos humanos en su diversidad. […] esta idea del cuerpo equivocado es una trampa sin fin” (158. orr.).

Liburu hori gazte trans guztiek irakurri beharko lukete, eta maite dituztenek ere bai (sakona bezain irakurterreza da). Baina ez hori bakarrik. Gaia interesatzen bazaizu, googleatu dezakezu “Miquel Missé”; topatzen duzun edozein elkarrizketa, hitzaldi, artikulu… ekarpen interesgarria izango da trans den hori ulertzeko gaurko gure gizartean, eta ikuspegi kritikoa garatzeko.

Hiru gako aipatu ditut. Ziur aski bizitza errealean ez dira horren dikotomikoki azaltzen, baina uste dut pista batzuk eman ditzaketela ikusteko formazioaren mezuek bai inporta dutela eta noraino inporta duten.

Gurasoa bazara, eta zure umea psikologo batengara edo terapia batera joango bada, aurreko irizpideak modu berean izan ditzakezu kontuan, noski.

Oraindik ohar batzuk

Esku-hartzea

Ikuspegiaren arabera, esku-hartzeak ere desberdinak izango dira. Ikuspegi binaristago batetik, ume jakin horri eskeiniko zaio berak nahiago duen komunera joateko aukera, adibidez. Ikuspegi inklusiboago batetik (denei zuzendua, gizartearen presioei begira dagoena), gogoeta egingo da komunen inguruan, eta komunak bereiztuak ez izateko aukera aztertuko da.

“Ezer ez” egitea

Gertatzen da, batzuetan, eskolak ez duela ezer egiten eta ez duela formaziorik eskatzen ez duelako behar. Eskola txiki batzuetan ikusi dugu jokaera hori. Horrek esan nahi du giro inklusibo eta ez binarista dagoela ikastetxean eta umea, den bezala eta adierazten den bezala, ondo hartzen dela bertan, kuestionatu gabe. Ume hori eta beste guztiak, noski. Ingurune horietan umeek ez dute etiketarik behar (ez neska, ez mutil, ez trans, ez…), ez dagoelako kaxa zehatzik. Etiketak jartzeko presarik ez dago umeak libreki adierazi ahal direnean. Horrelako inguruneak ez dira sarriak, baina oso iradokitzaileak suertatzen dira besteontzat.

Erne, “genero adierazpena” eta transexualitatea ez dira gauza bera. Mutil bat neska batzuen estilora janzten eta mugitzen bada, edo hitz egiten eta jokatzen badu, ez gaitezen azeleratu lehenbailehen beste kategoria baten barruan sailkatzeko eta “trans” etiketa sorbaldan pegatzeko. Zer moduz, hasteko, denok askatasun apur bat gehiago disfrutatzen badugu, horrenbeste zorroztasun gure gainean sentitu gabe?

Pasa den astean heldu zitzaidan eskola batean festa bat egingo zutela ume baten inguruan, izandako mutilari agur esateko eta neska berriari ongi etorria emateko. Horrelako ekintza batek niri binarismoaren berri ematen dit. Izan ere, umea egun horretan eta aurrekoan ume berbera zen… Nork behar du “aldaketa” horrela azpimarratu? Umeak berak ala bere inguruko heldu batzuek?

Trans ez-binarioak

Ume eta gazte batzuk ari dira malgutasunez bizitzen eta  ez dira genero batekin identifikatzen. Uste dut etorkizunean gehiago izango direla, askatasunaren bideak benetan irekitzen badira. Batzuetan “trans ez-binario” moduan dira deituak, beste batzuetan ume eta gazte “ez-binario” moduan, besterik gabe. Pertsona horientzat azaldu dugun bigarren ikuspegia da, zalantzarik gabe, inklusiboago.

Gure genero identitatea baino gehiago gara

Umeak eta gazteak ez dira soilik haien genero identitatea; haien genero identitatea baino gehiago dira, helduoi gertatzen zaigun bezala. Identitate pluralak ditugu denok eta generoa gure identitatearen parte bat da. “Nor zara zu?” galderaren aurrean, nekez eman dezakegu erantzun bakar bat. Eta gainera ez dago zertan. Maaloufek azaltzen duen bezala,

La identidad de una persona está constituida por infinidad de elementos que evidentemente no se limitan a los que figuran en los registros oficiales. La gran mayoría de la gente, desde luego, pertenece a una tradición religiosa; a una nación, y en ocasiones a dos; a un grupo étnico o lingüístico; a una familia más o menos extensa; a una profesión; a una institución; a un determinado ámbito social… Y la lista no acaba ahí, sino que prácticamente podría no tener fin: podemos sentirnos pertenecientes, con más o menos fuerza, a una provincia, a un pueblo, a un barrio, a un clan, a un equipo deportivo o profesional, a una pandilla de amigos, a un sindicato, a una empresa, a un partido, a una asociación, a una parroquia, a una comunidad de personas que tienen las mismas pasiones, las mismas preferencias sexuales, las mismas minusvalías físicas, o que se enfrentan a los mismos problemas ambientales. No todas esas pertenencias tienen, claro está, la misma importancia. […] La mayoría no son innatas. (Amin Maalouf, Identidades asesinas. 1999, Madril, Alianza).

Amin Maaloufek azaldu du, bestalde, zaurituta sentitzen bada identitatearen osagai bat, lehenengo lerroan jartzeko joera duela, garrantzia gehiago hartzen du eta hortik abiatuta jarduten du pertsonak, defentsiban edota ofentsiban. Eskola erasorik gabeko gunea izan beharko litzateke. Familia ere bai, esan gabe doa. Eta esango dut berriro: ez gara soilik genero identitatea; gauza asko izan gaitezke aldi berean eta umeek parada izan behar dute aukera horiek bizitzeko.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07