blogak

Kinka

“Nire ikastetxean neska musulman batzuek ez dute dutxatu nahi hezkuntza fisikoaren ostean”. Irakasle batzuen gogoetak

dutxa

Hiru ikastetxe, hiru kasu.

Lagun irakasle batek hau kontatzen dit :

“Nire gelako neska batek esan dit bera ez dela dutxatuko ariketa fisikoa egin ostean. Saiatu naiz konbentzitzen, higienea delako gure ikasgaiaren helburu garrantzitsu bat. Alferrik. Bere amarekin hitz egin dut eta esan dit bera eta bere senarra ados daudela eta haien alaba ez dela dutxatuko. Kontua da orain beste neska batek azaldu didala bera ere ez dela dutxatuko.”

Beste irakasle baten kezka:

“Pasa den astean sartu naiz aldagelan dutxaren momentuan eta ikusi dut neska bat kuleroarekin dutxatzen ari zela. Azaldu diot barruko arroparekin dutxatzea ez dela onargarria, eta horrela jarraitzen badu ezin izango duela hezkuntza fisikoa egin, bere ondorio guztiekin.”

Hirugarren kasu bat:

“Bi ama etorri dira zuzendariari esatera haien alabak etxean dutxatuko direla eta ez eskolan. Eskolako dutxetan hotz handia egiten duela diote, eta umeak gaixotu ahal direla. Duela gutxi zapia eramaten hasi diren bi neska dira.”

 

Nola jokatu? Hiru lagunen elkarrizketa:

Aniztasuna ondo ezagutzen duten bi irakasle eta aita bat elkartu dira kasu horien inguruan gogoeta informala egiteko. Entzun dudana ahalik eta hoberen jasotzen saiatu naiz eta hurrengo lerroetan irakurriko duzue, ideia nagusiak markatuta.

–Ane: Lehenengo kontua, nire ustez, da bereiztea zer den da garrantzitsua eta zer ez. Ariketa fisikoa egin ondoren, dutxatzea komeni da, eta higienea lantzea irizpide bat da ikastetxean. Hori garrantzitsua da, argi dago. Baina erabat biluzik izan behar da? Hori garrantzitsua da eskolarentzat? Nik uste dut ezetz, eta hor bai ikusten dut tarte bat umearekin eta familiarekin negoziatzeko.

–Fadua: Ados nago. Nire ustez, ume batzuk, eta familia batzuk, nolabait, intimitatea eskatzen ari dira. Badirudi gure  gizartean pasatu garela gorputzak ezkutatzetik gorputzak erabat erakusteko obligaziora, ezta? Baina zergatik izan behar da derrigorrezkoa? Ikastetxe batzuetan dutxatzeko esparrua partekatua da eta ez dago aukerarik intimitatean dutxatzeko horrela nahi dutenentzat. Besteen aurrean biluztu behar zara halabeharrez.

–Ane: Nik hori oso ondo ulertzen dut, izan ere neuk ere, polikiroldegietan, aparte dutxatzea nahiago dut, baina ez dago beti aukera hori. Nire gorputza momentu honetan ez dut osorik erakutsi nahi; ebakuntzaren markak oraindik asimilatu behar ditut eta gusturago nago kortina baten atzean dutxatzen banaiz.

–Aitor: Ja, baina hezkuntza fisikoko irakasle batzuek esaten dute gorputzak naturalak direla eta ez direla ezkutatu behar.  Horri ere garrantzia ematen diote.

–Ane: Ados. Baina umeek eta gazteek ere arrazoiak izan ditzakete haien gorputzak besteen aurrean ez biluzteko une eta bolada batzuetan. Neskek eta mutilek, ez soilik neskek, e? Ileak atera zaizkizu besteei baino lehen, hilekoa duzu, ez zaude erabat gustura zure ezaugarri batzuekin eta beldur zara norbait fijatuko den… Irakasleok esan ahal dugu aniztasunarekiko errespetua landu behar dela eta gorputz guztiak direla zilegi eta ez dagoela ezer txarra haietan… baina norberak bere prozesua du, ezta? Eta presio sozialak gorputzen inguruan ez dira falta. Aniztasunaren trataera ez da ume batzuen premia hori ere kontuan hartzea?

–Aitor: Arrazoi kulturalak ere egon daitezke, uste dut nik. Gorputzak ez dira modu berean “bizitzen” familia guztietan. Familia batzuentzat alaba etxetik kanpo biluzik egotea kezka bat da.

–Fadua: Kulturalak izan daitezke, bai, baina baita familien araberakoak ere. Kultura berekoak sentitzen direnen artean, gai hori ez da modu berean tratatzen. Eta badaude, adibidez, familia nudista batzuk, eta beste batzuk hondartzan inoiz biluztuko ez liratekeenak.

–Aitor: Aizue, baina umeek eta familiek horrela esaten dizuete, biluztasun “publiko” horretan ez direla eroso sentitzen?

–Fadua: Ez. Askotan ez dute horrela formulatzen, ez da horren argi agertzen eta hori garrantzitsua da. Onartzen badugu negoziaziorako tartea egon daitekeela, orduan heldu behar gara gakora. Nik batzuetan entzun diot irakasleren bati: “guraso horiekin ez dago modurik, jarrera atzerakoia dute, ze matxistak diren…!” Gurasoak etiketatu ditugu (haiek ere konturatu dira, noski), eta elkarrizketa bukatu egin da. Hori, ez baditugu zaku batean sartzen: “eske musulmanak dira ez dakit zer”, “ijitoak dira ez dakit nor”, “pakistandarrak dira…”. Etiketa haiei jarri ondoren, ni eta nire taldea leku hobean gelditzen gara, noski: gu hobeak gara zalantzarik gabe.

–Ane: Hori da gakoa, hain zuzen. Familia “galdutzat” ematen dugula. Eta ondorioz, umea ateratzen da galtzaile. Baina umea da gure ardatza eta gure helburua. Ume horrek gure ahalegina merezi du, ezta? Ezin dugu horren erraz amore eman…

–Aitor: Baina familia batzuk matxistak dira, hori ezin da ukatu…

–Fadua: Jarrera matxistak oso hedatuta daude, argi dago. Ea zein familiak –berdin dio haien jatorriak– esan ahal duen modu erabat parekidean jokatzen duela eta zaintza erabat partekatua egiten duela… Matxistak bai, baina ez dira soilik jarrera matxistak; gure eskolako familia batzuk homofoboak eta lesbofoak dira, beste batzuek jarrera arrazistak dituzte edo jarrera klasistak eta elitistak… (Eta baita irakasle batzuk ere, e?). Eta noski, batzuk ez dira trebeak komunikatzeko eta desateginak izatera heldu daitezke. Kontua da horiek direla gure ikasle batzuen familiak,eta haiekin lan egiten dut eta lan egin behar dut, ez soilik nik bezala pentsatzen duten familiekin eta konexio ona sentitzen dudan gurasoekin.

–Ane: Niretzat argi dago genero berdintasuna gure eskolako balio nagusietako bat dela, eta eskolan lan gehiago egin behar dugula egunerokotasunean balio hori hobeto gorpuzteko. Eta baita aniztasunaren estimua ere. Familia batzuetan balio horiek ez badaude horren presente, are garrantzitsuagoa da guretzat eskolan balio hori bizitzeko aukera izatea!

–Aitor: Ni ados nago. Eta ideia horrekin ere bai, gurasoak etiketatzeak ez digula laguntzen; baina zer egin daiteke?

–Fadua: Amarekin hitz egin behar da, familiarekin, modu zintzoan eta luze, beharrezkoa bada. Errekonozimendutik abiatuta. Alegia, haien kezka ondo jaso arte, ondo ulertu arte, garrantzirik kendu gabe, nagusikeriarik erakutsi gabe… Haiek ikusi behar dute beren kezka jasotzen eta ulertzen dela. Soilik horrela helduko zara batzuetan muinera, arazoa datzan muinera, negoziatzeko aukerak izan ahal izateko.

–Ane: Nik behin ama batzuk lagundu nituen aldageletara, haien ikus zezaten. Guk ez dugu dutxa pribaturik. Nire aldetik ziurtatu nien ez zela hor gizonik edo mutilik sartuko. Bestalde nire gelan neska bat eta bi mutil dutxatzen dira kulero eta galtzontziloekin, aukera hori posible da. Garrantzitsuena higienearen gaia da; bestea bigarren mailako kontu bat da, nire ustez.

–Aitor: Baina agian ez dago soberan dutxa itxi bat edo bi egotea, intimitatean dutxatu nahi dutenentzat, ezta?

–Fadua: Nire ustez bai egon beharko litzateke. Nik beste kasu bat bizi izan dut beste eskola batean. Neska batek esan zuen ez zela igerilekura gelakoekin joango. Gurasoekin luze aritu ondoren, negoziatu genuen kamiseta eta praka motz batekin bainatu ahal izango zela. Nik ere antzeko arropa eraman nuen lehenengo egunean, besteen aurrean bera horren bakarrik ez sentitzeko. Polikiroldegiko arduradunarekin hitz egin behar izan nuen lehenago, arazorik ez izateko.

–Aitor: gurasoen artean batzuetan zera entzuten da, “hemen daude eta hemengo ohituretara moldatu behar dira”. Baina kontua ez da erabat horrelakoa. Hemen ez dago ohitura bakar bat, eta guraso autoktonoen ume batzuk ere ez dira eroso sentitzen. Gai batzuk birpentsatzea ona izan daiteke ikasle guztientzat. Zer da aniztasuna kudeatzea, bestela?

–Ane: Nonbait, guraso etorkinei otzantasuna eskatzen zaie. Lehenengo mailako familiak ez balira bezala, eta haien kezkek eta eskaerek eskolan lekurik izango ez balute bezala. Autoktono batzuek ez dute ondo hartzen familia horiek oharkabe ez pasatzea. Baina hor daude, kasu batzuetan gero eta jabetuago, gai batzuk planteatzen, eta etorkizunean elkarrizketa gero eta garrantzitsuagoa izango da.

–Fadua: Ikastetxean horrelako gatazka bat sortzen denean, gurasoen elkartera heltzen da berria, eta beste gurasoengana ere bai. Nire ustez, eskolako beste gurasoekin informazioaren kudeaketa zuhurra egin behar da, atzerritarren kontrako mesfidantzak, gizartean daudenak, ez hauspotzeko. Zeren horrek ez liguke lagunduko elkarbizitzari begira. Gaiak tratatu ahal dira, noski, baina auziak zurrumurru bihurtzeko arriskuan erori gabe. Irakasleok “profesionalki” jokatu behar dugu. Haserreak eta beroaldiak ulergarriak dira, baina profesionalak garen heinean gure emozioak eta beroaldiak ere kudeatu behar ditugu umearen hobebeharrez…

–Aitor: Txarrena da gaia egunkarira heltzen denean. Irakasle batek edo guraso batek kazetari bati kontatu dio… eta paperetan dago auzia, ikastetxearen izena, guraso batzuen iritzia ez beti oso neurtua… Orduan gatazka puztu egiten da, familia traizionatuta sentitzen da, ikastetxean jarrerak muturrera iritsi daitezke… Giro txarra. Elkarrizketa askoz zailagoa izango da hortik aurrera.

–Fadua: Bai, hala da. Bestalde, ni kontziente naiz gatazka guzti-guztiak ez direla konpontzen. Batzuetan ez gara heltzen adostasun batera. Baina bidea behintzat izan dadila eraikitzailea, zubiak apurtu gabe, aurrerantzean hitz egiten jarraitzeko. Erraz esaten da, badakit…

–Ane: Elkarrizketa behar bezala izateko, irakasleok ez dugun gauza bat behar dugu: denbora. Hau da Hezkuntza Sailak ulertzen ez duena, behin eta berriz azaldu arren: aniztasuna dagoen ikastetxe batean, ordu eta ahalegin gehiago behar direla. Hizkuntza eta eskolako ohiturak menperatzen ez dituzten gurasoekin komunikatzeak denbora eta esfortzu gehiago eskatzen du, argi dago. Eta komunikazio hori behar-beharrezkoa da. Baina gure eskolak aniztasunik gabeko ikastetxe batek beste errekurtso humano du. Batzuetan kudeaketa ez da ona denborarik ez dagoelako behar bezala aritzeko…

–Fadua: Formazioa ere behar dugu irakasleok, nire ustez. Zurrumurru eta estereotipoen kontrako formazioa premiazkoa da, gurasoentzat eta irakasleentzat. Irakasleok ere beste hirritarren artean dauden estereotipoak partekatzen ditugu. Eta gaztazkak kudeatzeko prestakuntza ere bai, nire ustez…

– Aitor: Bai, baina irakasleak ari dira formazio hori eskatzen, uste dute behar dutela?

[…]

Ane, Aitor eta Faduak hizketan jarraitu dute, baina nik honaino jaso dut gehiegi ez luzatzeko. Hilean behin elkartzen direnez te berde baten inguruan, saiatuko naiz gonbidatua izaten eta, haien baimenarekin, entzundako elkarrizketak hona ekartzen.

(Nire lehengusinak dio hiru solaskide horiek guai hutsak direla, “txoriak eta loreak”estilokoak. Beste irakasle eta guraso batzuen iritziak ez direla aniztasunarekin horren atseginak eta horiek ez ditudala ekarri. Arrazoia du. Elkarbizitza eraikitzeari begira, nire lagun horiek nahiago ditut, ezin dut ukatu…).

Irakasle, guraso: zer gehituko zenuke zuk, zerekin ez zaude erabat ados, zer da zure ustez garrantzitsua? 


jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07