blogak

Kinka

Euskara, jatorria, klasea. Intersekzionalitatea ikasten ari gara

Izenburu hori du duela aste gutxi Argia aldizkarian (Larrun 264, “Euskara, ateak zabaltzeko”, 2021-6-27) argitaratu zidaten artikuluak. Hemen klikatuz ikus daiteke, argitalpenaren erdialdean gutxi gora-behera. Jarraian kopiatzen dut eta nire akats bat zuzentzeko aprobetxatzen dut. Larrun osoa irakurtzea merezi du; benetan da interesgarria.

(Pixabay)

Azken urteotan, intersekzionalitatea zer den ikasten ari gara feminismoaren eskutik, eta beraz, baita pribilejioak zer diren ere: pertsonok talde jakin baten partaide izateagatik dauzkagun abantailak, beste batzuekin alderatuta. Askotan pribilegio horiek ez dira aukeratu edo bilatu; maiz talde jakin batean jaiotzeagatik izaten dira, ez dira “irabazi” edo lortu. Terminoa erabiltzen da ekitate sozialaren falta seinalatzeko.

Ikasten ari gara baita ere gure gizartean pribilegiatuen zerrenda egiten: gizonak, zuriak, paioak, klase ertaineko eta altukoak, autoktonoak, heterosexualak, ikasketadunak, elbarriak ez direnak, zaharrak ez direnak, erlijio hegemonikoan heziak, hizkuntza hegemonikoan bizi nahi dutenak… Irakurlea ibiliko da orain –akaso– bere pribilegioen ondoan ixa bat zirriborratzen, eta gerta daiteke zerrendako puntu bat soilik markarik gabe uztea (azkena?), ala bi edo hiru agian eta ez gehiago…

Ikasten ari gara, halaber, opresioak gainjartzen direnean ez dela diskriminazio “bikoitza” edo “hirukoitza” gertatzen, diskriminazioak ez baitira “batzen”, eta gainjartze horren ondorioz pairatzen diren egoerak kualitatiboki desberdinak direla. Intersekzionalitateak arreta jartzen du horretan: nola diskriminazio desberdinek eragiten duten pertsona batengan aldi berean gertatzen direnean. Emakume etorkin eta pobre batek indarkeria matxista pairatzen badu, kasu, nekez ahal izango du komisaldegian salaketa bat jarri edo irtenbide instituzionalak eskuratu.

Kontziente egiten ari gara, bestalde, denok garela pribilegioen eta subalternitateen gurutzaketa: nekez izango da pertsona bat pribilegiatua edo subalternoa arlo guztietan (batzuk oso hurbil egon arren, mutur batean zein bestean). Eta aldi berean, arlo bakar batean konplexitate handiagoa dago begi-kolpe batean hautematen dena baino. Intersekzionalitatearen ikuspegitik testuingurua da gako garrantzitsu bat, eta testuinguruak konplexuak direla badakigu.

Euskaraz bizi nahi dugunok (ez euskaldunok, erne) gure subalternitatearen kontzientzia badugu, eta hegemoniaren aurrean jarrera eta jokaera aldarrikatzaileak eta proaktiboak garatzen ditugu. Ondorioen artean badago hizkuntza ezagutzen dutenen kopurua igotzen joan dela eskolari esker, nahiz eta erabiltzaileen edo euskaraz bizi direnen kopurua ez da erritmo berean hazi.

Aldi berean azken bi hamarkadetan gertatutako immigrazioaren fenomenoak bertako egoera linguistikoaren desoreka nabarmenago utzi du, eta baita aldez aurretik zeuden zailtasunak eta erronkak ere.

Hego Euskal Herriaz arituko naiz eta eremu euskaldun batean kokatuko naiz. Etorri diren pertsona heldu ugarik gaztelaniaz badakite (hainbat Hegoamerikatik etorri dira), eta beste batzuk gaztelania ikasten ari dira nagusiki, hizkuntza hegemonikoa delako. Euskaraz bizi nahi duenak, bere aldetik, subalternitatea sentitzen du tabernan edo supermerkatuan atenditzen dion langileak gaztelaniaz aritzen zaionean.

Eta aldi berean kanpotik etorri diren pertsona horiek sentitzen dira desabantailan hainbat eremutan gure gizartean: etxebizitza alokatzeko zailtasunak dituzte, prekarizazio handia, soldata baxuak, ordutegi luzeak… Agian taberna edo supermerkatu horretan bertan, langile moduan. Eta agian baita espazio horietan ere non herritar autoktonoek ez duten gaztelania erabiltzen, nahiz eta, jakina denez, denek gaztelaniaz dakiten. Euskara, espazio horietan, autoktono zuri eta sozialki hobeto kokatuen hizkuntzatzat jo dezakete, eta horren erabilera eragozpentzat haiek informazioa lortzeko eta are espazioetan parte hartzeko. Tabernako zerbitzaria, tabernan euskal hiztunari subalternitatea sentiarazi diona, subalterno sentituko da, adibidez, eskolako gurasoen elkartean, non bilerak euskaraz egiten diren. Bertan, minorizatuta sentitu daiteke bera.

Eskolak, bide batez, ekosistema interesgarriak dira intersekzionalitate linguistikoari dagokionez. Euskal Autonomi Erkidego diglosiko honetan, D eredua da eredu hedatuena, eta bertan familia euskaldunengandik ez datozen umeak dira hain zuzen desabantailan daudenak eta ez alderantziz, eskolako hizkuntzaren ezagutzarekin lotuta haien abiapuntua zein den kontuan harturik. D ereduan –D eredu publikoan– daude etorkinen seme-alaba gehien-gehienak eta baliabide gutxiko familien seme-alaba gehien-gehienak; eta familia erdaldunen seme-alabak dira nagusiki. (Noizbait estimatuko da ikastetxe horiek ere gizarteari eta euskarari egiten dioten ekarpen izugarria). Baina ikasle horientzat guztientzat euskara ikastea ez da beste subalternitate batera eramango dituen bide bat, euskara sozialki minorizatuta egon arren, guztiz kontrakoa baizik: etorkizunean gizarte honetan aukera guztiak izateko modu bakarra da ume eta gazte horientzat. Guraso autoktono ez euskaldunek badakite hori, bizi diren gizartearen gakoak ezagutzen dituztelako; eta atzerritarrek?

Arnasguneen babesa zentrala da. Eta arnasguneak ez diren eremuetan euskara zaintzea ere bai. Eta elkarbizitza ere zentrala da. Gurutzaketa horretan, moduak bilatu eta aurkitu behar ditugu komunikazioa eta parte-hartzea bultzatzeko, norberaren eta besteen desabantailak eta abantailak oso kontuan hartuta. Informazioa partekatzea, elkarrizketa garatzea, baliabideak eta irtenbide berriak bilatzea… dira hurrengo urteotan urratu beharko ditugun bideak.

Langile atzerritar edota arrazializatuen seme-alabak euskaldunak izango dira, beste ume guztiak bezala, eskola delako euskaldunak egiteko makina nagusia. Baliteke, ondoren, haietako batzuek ere euskaraz bizi nahi izatea. Eta hori gertatuko da, hein handi batean, euskara zerbait propio moduan eskuratzen badute, eta ez autoktono zuri eta sozialki hobeto kotatutako familia batzuen seme-alaben ezaugarri baten gisa. Eta ikasketak bukatutakoan, atzerritarren seme-alabek ere euskal gizartean bizitza baldintza duinak aurkitzea lagungarria izango litzatekeelakoan nago.

Intersekzionalitatea ikasten ari gara, eta ez soilik modu teorikoan. Ez dago beste biderik.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07