blogak

Kinka

“Baina hori jada ez da gertatzen”. Generoaz hezkuntzan. Erresistentziak sortzen direnean

Valla, Árbol, Exponer, Raíl, Campo

Formatzaileok beti gabiltza burua bueltaka, saio bat bukatutakoan zerk funtzionatu duen eta, batez ere, zerk ez duen  funtzionatu eta zergatik. Eta batzuetan oso antzekoak diruditen bi taldetan oso gauza desberdinak gertatzen dira, eta batean saioa ondo joan dela iruditzen zaigu eta bestetik ez gara oso pozik ateratzen. Taldeetan gertatzen diren “erreakzio kimikoak” dira, badakigu, eta aldagai guztiak ez daude formatzaileon eskuetan. Mintegi forma duten saioez ari naiz; hitzaldi formatua baldin bada, gutxiagotan adierazten dira erresistentzia nabarmenak. Tira, zenbat aldiz atera garen saio batetik galdera honekin buruan zorabioan: “baina, baina… zer demontre gertatu da hemen?”

Beno, argi dago talde batzuetan giro kolaboratzailea aurkitzen duzula eta beste batzuetan ez. Eta giro hori pertsona gutxiren artean sortu dezakete. Eta formatzailearen kudeaketaren ondorioz bideratu daitezke. Ala ez. Askotan ez. Talde bakoitzean kultura propio bat dago, talde dinamikak, botere harremanak, estilo batzuk… Ez naiz orain horretan sartuko, askotan formatzaileak ezin izango baitu hori guztia sakontasunez ezagutu aldez aurretik. Eta badago, halaber, kontu bat: formatzaile edo pertsona moduan zein inpresio ematen diezun parte-hartzaileei atetik sartu eta berehala edota hitza hartzen duzunean.

Tira, hemen esango dut soilik irakasleekiko mintegi batzuetan zein hitzekin formulatu diren erresistentziak, generoaren gaia jorratzen dugunean hain zuzen. Erne, ez dira beti agertzen. Eta agertzen direnean, ez da ohikoa gordinak izatea, itxura matxista argia dutenak. Hezkuntza sisteman badakigu politikoki zuzenak izaten (eta nik zinez eskertzen dut; kontrakoa okerragoa iruditzen baitzait). Ze itxura hartzen dute orduan erresistentziok?

Esaldiak

– “Ba niri ez zait hori inoiz gertatu”. (Beraz: niri gertatzen ez zaidanez, ez da gertatzen. Ez zaio inoiz inon inori gertatzen. Listo).

– “Nik ezagutzen dut justu zuk diozunaren kontrako adibide bat”. (Beraz: kasu bakar horren ondorioz, esaten ari zaren guztia desautorizatuta gelditzen da. Guztia).

– “Baina gauza horiek ez dira jada gertatzen. Hori guztia lehen gertatzen zen” (Beraz: ez zara enteratu dena konponduta zegoela, baina orain badakizu). 

– “Nik hori guztia ondo egiten dut”. (Beraz: ez dut formazio hau behar. Eta hori banekien formazio hau hasi baino lehen).

– “Talde honetan hori guztia ondo egiten dugu jada”. (Beraz: nire kideek ere ez dute formazio hau behar. Eta hori banekien formazio hau hasi baino lehen).

– “Eske dena da oso erlatiboa, egoeraren arabera da”. (Beraz: ez dago ildorik ez joerarik, ez dago sistemarik; denak dira kasu partikularrak zirkunstantzia aldakorren menpean. Ez dago ondorioak ateratzerik. Ezin da ia ezertaz hitz egin. Jaitsi pertsiana eta goazen, nor bere etxera).

Batzuetan, horren azpian honako hau ere detektatu dut (inork ez dit esan hitz hauekin, baina ia-ia):

– “Nor da andre hau, hemen lan egiten ez duena eta hemen egunero izerditzen ez duena, orain une batez pasatzen dena eta uste duena eskubidea duela gu zalantzan jartzeko eta orain arte egin duguna aldatzeko”.

Azkenik, ahoa ezertarako ez irekitzea bada erresistentzia agertzeko beste modu bat, alegia, ahozko inolako ekarpenik ez egitea formazio ziklo osoan zehar (“hemen nago beste erremediorik ez dudalako baina nirekin jai daukazu” argi adierazita).

Eta noski, gorputz hizkuntza ere adierazpen esanguratsua da (besoak, hankak, inklinazioa, begirada, ahoaren keinua…), zer kontatuko dizuet.

Nola erantzun?

Aizue, tontokeria bat irudituko zaizue, baina urte batzuk behar izan ditut formatu hauek kontzientziara ekartzeko. Maiz, interakzioaren zurrunbiloan, belarrondokoa nondik zetorkidan ere ez nuen ikusten.

Askotan ez dira esaldi “solteak”. Parte-hartzaile bakar batek esaldi horiek igorri ahal ditu behin baino gehiagotan, eta ikuspegi bat islatzen du, noski. Egia da, batzuetan, taldekide batek erantzuten diola beste iritzi bat plazaratuz, beste argudio batzuk agertuz. Baina erne, goiko esaldien igorleak prestigio apur bat baldin badu taldean, edo autoritatea, mezu horien bidez besteen ekarpena taldean nabarmen baldintzatu dezake, eta ez soilik haien adierazpena, baizik eta haien gogoeta ere bai, atxikimendua edo leialtasuna edo mendekotasuna zor baldin badiote. Eta hori guztia gertatu ahal da formazioaren lehenengo saioaren hasieratik bertatik. Argsss.

Nola jokatu? Zer dakit nik… Nik behintzat, ahal dudan bezala. Nire kezka da batzuetan, erresistenteari nola erantzun egoki, aldi berean berak bere irudia taldean kaltetuta sentitu ez dezan. Zeren kasu horretan defentsibara/ofentsibara jarriko zait behin betiko, utziko dio ikasteari nire saioetan, eta agian taldekide batzuk bere ondoan kokatuko dira emozionalki, eta antzeko jarrera hartuko dute. Erronka galanta: esaldiari erantzutea eta aldi berean erresistentearen lekua taldean kontuan hartzea.   

Aizue, pentsatzen ari naiz… Agian lagungarria izan daiteke lehenengo saioan azaltzea erresistentziak horrela formulatzen direla, hain zuzen batzuen oposizioa desaktibatzeko. Uste dut probatu behar dudala hurrengo formazio zikloan… Presentzialitatera itzultzen garenean, noski.

Nire lehengusinak…

dio nola jartzen naizen. Nolakoak garen irakasleok, txupatxusa euskarritik hartuta dugula eta oraindik gutxi iruditzen zaigula. Ze aguante gutxi, zer den “desaktibatze” kontu hori, ea “amen-amen” jaso behar dugun denbora osoan, ea ikaskuntza ez ote den (orobat) eztabaida, kritika, kriterioen arteko talka askotan predikatzen dugun bezala…

Mentapoleo bat eskaini diot (gintonic-etatik kentzen ari gara lagun baten aholkua jarraituta) ea despistatzen den eta gaia aldatzen dugun. Hori ere estrategia ederra.

Irakurle

Ba al duzu gomendiorik?

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07